Irak. Inbasioaren 10. urteurrena

Okupatzaileen ondarea

AEBek Irak inbaditu eta hamar urtera atentatuak egunerokoak dira; 60 lagun baino gehiago hil ziren atzo bonba-autozUstelkeriak jotako agintariek gidatzen duten gizartea desegituratua dago

Okupatzaileen ondarea.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Gezurretan oinarritutako gerra estrategia batek eragin dezakeen hondamenaren adibidea da Irak. AEBek herrialdea inbaditu eta hamar urtera, dozena bat bonba-autok gutxienez pertsona 60 hileta 172 zauritu ditu, urteurrenaren bezperan; bihar beste horrenbeste hil daitezke, egunerokoa izugarria baita: AEBetako soldaduek alde egin zuten, baina suizidak eta bonba-auto manipulatzaileak geratu egin dira, joateko asmorik gabe. Xiiten eta suniten arteko giro gaiztotuaren erdian muturreko taldeen indarkeria nonahi lehertzen da, eta AEBek ereindako egoeran Al-Qaedak ere lur emankorra topatu du.

Urteurrenarekin segurtasun neurri bereziez josi dira hiri nagusiak, zer esanik ez Bagdad, baina bonba-autoen leherketa gelditzeko ez ziren gauza izan atzo, beste askotan bezala, Kazamijan, Sadr Hirian, Bagdad Berrian, Huseinijan edota Zafaranija auzoetan. Eremu xiitek jasan dute kolperik latzena, urteotako bazterketak eta jazarpenak haserretuta baitauzka sunitak; abisu eta presio bide dira Nuri al-Maliki lehen ministroak (xiita) aldaketak egin ditzan, bere inguruan pilatu du-eta boterea, baita segurtasun indarren ahalmena ere.2006 eta 2008 urteen artean izandako gerra zibila berpizteko arrazoiak pil-pilean daude, eta hori eragozteko eratutako batasun gobernua borrokarako beste gune bat besterik ez da.

George Bushek Irak berria «eskualdearentzat demokraziaren eredu» izango zela agindu zuen, eta 2003ko udan okupatzaileek aukeratutako Gobernu Kontseiluak jatorri etniko edo sinesmen erlijiosoaren araberako administrazio banaketa egin zuen; 2005ean oinarri demokratikoak ezarri zituzten konstituzio berrian, baina ez da garatu, eta gaur egun agintean pisua dutenak—Nuri al-Maliki bera, besteak beste—, kontra agertu ziren.

Azken hauteskundeetan, 2010ean, berdinketa egon zen Al-Malikiren Aliantza Nazionalaren eta Ayad Alauiren Al-Irakiyaren artean. Batasun nazionaleko gobernua osatu behar izan zuten zortzi hilabeteko botere hutsunea gainditzeko, gehiengo xiita eta gutxiengo sunita eta kurdua barneratuz, baina ez du gobernatzeko modurik. Tarik al-Haxemi presidenteorde sunitari «terrorismoa» egotzi zion iaz Al-Malikik, erromes xiiten aurka ari diren taldeak zuzentzea eta finantzatzea, eta ihes egin zuen Turkiara. Al-Irakiyak boikota egin dio gobernuan eta legebiltzarrean parte hartzeari, eta bere alderditik ere eskatu diote egoera amaitu behar dela, gobernua ez dagoelako Irakek dituen arazoei eta erronkei aurre egiteko moduan.

Hasteko, estatuaren aberastasunak funtzionarioek lapurtzen dituzte. Estatuak 73.000 milioi euro inguru jaso zituen petrolio ustiaketatik, baina ustelkeria boterearen arlo guztietan dago, gobernu zentraletik hasi eta Polizia etxe txikieneraino. Ustelkeriak jotako herrien artean zortzigarren lekua du Irakek, Transparency International-enarabera.

Poliziek 800 euro irabazten dituzte hilean, baina herritar gehienek bizirik irauten dute noizbehinkako lanak eginez. 7,6 milioi pertsonak ez dute edateko urik, eta argindarraren hornikuntza ziurtatzeko, hiria gasolioz elikatzen den generadorez betea dago; kaleak zaborrak jaten ditu, eta auzo xiitetan ere kaleak ez dira asfaltatu. AEBek berreraikuntzarako emandako 60.000 milioi dolarren eragina egin dituzten porlanezko horma erraldoietan nabari da, edo atentatuak saihesteko ezarri dituzten kontrol postuetan.

Emakumeak

«Emakumeen eta gizonen berdintasunaren kontra nago. Gizartean gizonak duen boterea babesten dut».Ibtihal Kased al-Zaidi Emakumeen Gaietarako ministroarenak dira adierazpenok, 42 ministroetatik emakume bakarrarenak. Irakiarrak kalean nahiz etxean jasaten dituen bortxaketak eta indarkeria salatzeko ez dauka egiturarik —familia legea ere indargabetu dute—. Ohore krimenak, ezkontza derrigortuak, trafikoa, espetxeratzeak eta lekualdatze derrigortuak dira kontserbadore erlijiosoek bideratutako egoera.AEBetako gobernuak inbasioa argudiatzeko erabilitako beste aitzakia bat izan zen emakumeen askatasuna.

Hezkuntzan ere beste horrenbeste gertatzen da. Irakek Ekialde Hurbileko hezkuntza sistemarik onenetakoa zuen, eta inbasioaz gero, pikutara joan zen. Gobernuz kanpoko 200 erakundek iaz ateratako txostenaren arabera, goi mailako instituzioen %80 baino gehiago suntsitu zituzten gerran; lehen hezkuntzako 700 eskola baino gehiago bonbardatu, 200i baino gehiagori su eman, eta 3.000 sakeatu. Paul Bremer gerraren arkitektoak Saddam Husseinen Baath alderdia desegitearekin batera, 15.000 pertsona baino gehiago atera zituen unibertsitateetatik. Ehunka irakasle hil zituzten, eta 2003 eta 2008 artean 65.000 irakaslek ihes egin zuten. Saddam Husseinen gobernuak petroliotik eratorritako irabaziak doaneko hezkuntzan inbertitzen zituen. Unibertsitateetan emakumeak eta gizonak nahasten ziren, xiitak eta sunitak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.