Komunikazioa. Oihan Larrañaga. Info7 irratiko kazetaria

«Nazioarteko prozesuak ulertuta, errazagoa da gure geroa bideratzea»

Nazioartera begira jartzen du Euskal Herria Larrañagak 'Mundurama' saioan; hainbat aditurekin albisteak sakon lantzen dituzte.

Donostia
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Info7 irratiko Mundurama saioa aurkezten du Oihan Larrañagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1988). Nazioartetik albiste uholdea iristen da Euskal Herrira, baina, askotan, tituluak bakarrik zabaltzen dira. Hala, saioan gertakarien atzean dauden prozesuak landu nahi dituzte. Hamabost egunean behin entzun daiteke Mundurama, astelehenetan, 21:00etatik aurrera.

Esan daiteke Mundurama saioaren xedea munduaren panorama aztertzea dela?

Bai, hortik datorkio irratsaioari izena. Nazioarteko gaurkotasunari begiratzen diogu, eta saiatzen gara berrien azaletik harago sakontzen. Zer gertatu den baino gehiago, zergatik gertatu den lantzen dugu. Hots, zer-nolako mugimendu eta prozesuek eragin duten gertakaria. Hori aztertzen dugu, gonbidatuen ikuspuntuak trukatuz. Gaurkotasuna unean uneko argazkiek osatzen dute, eta saioan ahalegintzen gara puntu finko horiek lotzen dituzten prozesuak ulertu eta aztertzen.

Saioa bi ataletan dago egituratuta, ezta?

Bai, aurreneko zatian azken hamabost egunetako gertakari edo gai nagusia lantzen da, ordu erdiko erreportaje baten bitartez. Horretarako, gai horretan zeresana duten hainbat lagunekin jartzen gara harremanetan. Bigarren zatian mahai inguru bat egiten dugu, bi gonbidaturekin. Bertan bestelako gai batzuk lantzen ditugu, beste sakontasun batekin eta hizketaldi batek ematen duen dinamismoarekin.

Ahots ugari ekartzen dituzue, beraz.

Parte hartzaileek analisi puntu bat ematen dute beti. Gonbidatuak gaiaren araberakoak izaten dira, betiere, adituak. Aurreko saioan, adibidez, Palestinak Nazio Batuen Erakundean lortu duen estatus berriaz jardun ginen. Eta, horretarako, saioan izan genituen Palestinak eta Israelek Madrilen dituzten enbaxadako bozeramaileak eta Gorka Orueta EHUko Nazioarteko Harremanetako irakaslea. Badira maizago etortzen direnak: Txente Rekondo nazioarteko aditua, adibidez.

Zein ikuspuntu desberdin eman nahi diezue nazioarteko gaiei?

Uste dut Euskal Herriko egoeratik, gure ikuspuntu propiotik ere azter daitekeela nazioartea.

Hamabost egunetan ez ote dira albiste gehiegi pilatzen?

Dudarik gabe. Horregatik, asmoa da gertakari bat aitzakia moduan hartu eta, beste patxada batekin, atzean dauden zergatiak eta prozesuak aztertzea.

Saioa euskaraz egiten da, ahal denean behintzat.

Gonbidatu batzuekin ezinezkoa da euskaraz hitz egitea. Carlos Aznaresek Argentinatik parte hartzen duenean, adibidez, zaila da euskaraz jardutea, hark ez dakielako. Berdin Palestina eta Kolonbiakoekin. Hala ere, horien adierazpenak gazteleraz izan arren, erreportajea euskaraz egiten da beti, eta mahai ingurura ere gonbidatu euskaldunak ekartzen saiatzen gara.

Entzuleen erantzunarekin gustura zaudete, ezta?

Bai, emaitzak onak dira. Esperientzia hartzen eta hobetzen saiatuko gara poliki-poliki. Niretzat aurreneko aldia da saio bat nire kabuz egiten dudana, eta oso pozik nago. Baita ikasteko gogoz ere; bai nazioarteko gaien inguruan, baita kazetaritza eta irratiaren ikuspuntutik ere. Jarraikitasun bateko saio bat egiteak zer dakarren ikusi eta ikasteko.

Gabonetako etenaren ostean, noiz hasiko da saioa?

Hilaren 21ean. Gai nagusia teknokrazia Europan hartzen ari den indarra izango da, haren atzeko interesak eta adarkatzeak.

Euskal Herriak gero eta gehiago begiratzen ote du nazioartera?

Bai, nik uste ohartzen ari garela dena guztiz lotuta dagoela. Elkar lotuta dauden eta elkar eragiten duten prozesuez osatzen dela gaurkotasuna. Testuinguru horretan, zenbat eta gehiago ulertu, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta errazago uler daiteke gure errealitatea ere. Baita gure geroa nola bideratu ere.

Nazioartean, aldiz, jabetzen ote dira Euskal Herrian gertatzen denaz?

Uste dut, askotan, pentsatzen dugun baino gutxiago begiratzen digutela. Hala ere, eragile ugari ahaleginak ari dira egiten Euskal Herriko egoerak oihartzuna izan dezan, eta emaitzak lortu dira. Noski, interesatzen aurrenekoak gurearen antzeko egoerak dituzten herrialdeak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.