Komunikazioa. Maite Artola. Euskadi Irratiko esataria

«Beste gaiak alde batera utzi gabe, euskal munduaren erakusleihoa gara»

Albiste gose diren euskaldun ugariren iratzargailua da Artola. Egunak dakarrenaren berri ematen du goizero 07:00etatik aurrera.

ANDONI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Orkestra zuzendari baten lanaren antzera ikusten du Maite Artolak (Ibarra, Gipuzkoa, 1972) bere eguneroko jarduna. «Musika tresna bakoitza afinatzea da nire lana». Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioa gidatzen du astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 10:00etara. Talde lanak berebiziko garrantzia du goizeko albistegian. «Familia bat egiten asmatu dugu. Giro berezia dago, oso dinamikoa».

Zer moduz goizeko albistegietarako aldaketa?

Goizean lan egiteak badu bere alde ona. Entzule potentzial handi batentzat ari zara lanean, eta talde on bat daukazu. Ordutegi aldetik, ez hain ondo, egia esan. Lan eta bizimodu aldaketa handia eskatzen du, eta horretara ohitzen ari naiz. Diziplina militar bat eskatzen du.

Irratsaioa hasteko albistea aukeratzea garrantzitsua izango zaizue. Nola egiten duzue prozesu hori?

Ni iristerako Iñigo Alustizak eta Arantxa Agirrek lan handia egina dute. Arantxa 01:00etan sartzen da, eta Iñigo, 02:00etan. Ni 05:00etan iristen naiz. Talde lana oso garrantzitsua da. Iritsitakoan, Iñigo Alustizarekin aurrez aurre jartzen naiz, eta tituluak zeintzuk diren eta zerekin hasiko garen erabakitzen dugu. Azkeneko ukituak eman eta nire iritzia gaineratzea da nire ardura.

Zerk bereizten ditu Faktoria eta gainontzeko irratietako albistegiak?

Gertutasunak. Inguruko irratiekin alderatuta, gertutasuna da gure ezaugarrietako bat. Euskal munduari zuzendutako produktua egiten dugu. Alde batera utzi gabe edozein albistegik arreta jarriko liokeen gai horiek, euskal mundu horren erakusleihoa gara. Halere, saiatzen naiz ez gehiegi begiratzen gainontzekoek zer egiten duten. Iruditzen zait nahi gabe inertzia batzuk har ditzakezula.

Nola ihes egin albiste agentzien zurrunbiloari?

Horretatik inor ez gaude salbu, baina gure eduki propioak lantzeko ahalegina egiten dugu.

Urte dezentetan gidatu duzu Mezularia arratsaldeko magazina. Zein alde ditu Faktoria-rekin?

Mezularia-n momentuko horri heltzeko aukera gehiago geneukan, momentuko albisteekiko atxikimendua handiagoa zen. Goizeko albistegiak bezperatik dakarren zama handia du, nahiz eta saiatzen garen egunari begira jartzen. Aurten ahalegin handia egin dugu egunak ekarriko duenari aurrea hartzen. Arratsaldean gertatzen zenari segituan erantzun beharra genuen; orain, ordea, margen handiagoa dugu.

Faktoria irratiko prime time-a izateak erantzukizun handiagoa ematen al dizu?

Ez. Jabetzen zara jende gehiagorentzat ari zarela lanean, baina ardura berdinarekin lan egiten dut. Oraingo abantaila da orkestra zabalagoa dela, eta hori eskertzekoa da.

Mezularia-n, askotan albistea zegoen tokitik bertatik egiten zenuten irratsaioa.

Hori ere egiten dugu goizean. 09:30erako tarte horretan unitate mugikorra bidaltzen dugu albistea dagoen tokira.

Andromeda saioa ere gidatu duzu, genero ikuspegia lantzen zuen irratsaioa. Pena eman al zizun irratsaioa kentzeak?

Gogoeta bat egin beharko litzateke saio tematikoen inguruan. Programazio guztia zipriztindu beharko luke generoaren ikuspegiak.

Nola lantzen duzue genero ikuspegia Faktoria-n?

Zaila izan da aurten nahiko genukeen tratamendua ematea. Adibidez, solaskideei dagokienez. Herren ikusten dut alde horretatik. Ahalegintzen zara adituak bilatzean izan daitezela ere emakumeak. Solaskide eta kolaboratzaileen osaketan oraindik lan asko dago egiteko.

Prentsa idatzian, telebistan eta irratian egin duzu lan. Zer du irratiak besteek ez dutena?

Irratia neurea sentitzen dut, oso eroso nago. Zuzenekoaren adrenalinaren beharra dut, martxa behar dut, eta irratiak hori ematen dizu. Telebistak beranduago erreakzionatzen du, eta prentsa idatziak zer esanik ez. Momentuan geratzen ari dena momentuan bertan kontatzeak asko betetzen nau.

Laburrak izan ohi dira irratiko kronikak. Arinegi kontatzeko beldurrik ez al duzu izaten?

Bada arriskua. Sartuta gauden formatuan minutu eta erdiko kronikak luzeegiak iruditzen zaizkigu. Saiatzen gara ondo identifikatzen zeintzuk diren guretzako albiste nagusiak. Horiei behar zaien sakontasuna eskaintzen zaie. Kronika bat baino gehiago eskaintzen zaio gaiari, eta elkarrizketekin janzten ditugu. Ertz guztiak lantzen saiatzen zara.

Hainbat tokitan egon zara berriemaile lanetan. Bidaia horiek zerk eman dizute?

Bruselan lau urte egon nintzen. Nire formakuntzako atalik garrantzitsuenetako bat izan da. Afganistanen hilabete egon nintzen, eta pertsonalki eta profesionalki asko bete ninduen.

PSE-EEk aste honetan salatu du EITBn aniztasuna errespetatzen ez dela. Bestalde, adierazi du EITBk «giza eskubideen eta terrorismoaren biktimen defentsarako eragile eraginkorra» izan behar duela.

EITBk aniztasuna errespetatzen du. Nik ez dut nire egiten EITBko kazetariei zenbaitek erantsi nahi dieten kontakizunaren rol protagonista. Inpresioa dut iritziaren terrenoan sartzeko arriskua dagoela. Ez naiz eroso sentitzen hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.