Komunikazioa. Africa Baeta. ETB2ko aurkezlea

«Herritarrek nahi dute politikariek saioan zintzotasun ariketa bat egitea»

Eusko Jaurlaritzarako hautagaien eta herritarren arteko zubi lana egiten du 'Euskadi pregunta a...' saio berrian.
ETB

Ainhoa Arano -

2012ko irailak 30
Euskal Herrian formatu berria da, baina ikus-entzuleen artean harrera oso ona izan du Euskadi pregunta a... saioak. Africa Baeta da aurkezlea (Bartzelona, 1969), eta protagonismo osoa herritarrek duten arren, gustura dago bigarren postu horretan, esperientzia aberasgarria delako.

Urriaren 21eko bozen kanpainaurre betean hasi da saioa, eta herritarren galderak aurrez aurre erantzun dituzte jada EH Bilduko Laura Mintegik eta PPko Antonio Basagoitik. Datorren astean Patxi Lopez (PSE-EE) izanen da platoan, eta Iñigo Urkullu (EAJ) hurrengoan.

Zergatik dute formatu horretako saioek halako arrakasta?

Nik uste dut, oro har, herritarrek aukera oso gutxi dituztela politikariekin hitz egiteko, eta saioa aukera bat da horiekin aurrez aurre egoteko eta galderak egiteko, protagonismo osoarekin.

90 minutuko saioa zati 30 herritar, hiru minutu galdera bakoitzeko. Ez al da denbora gutxiegi?

Bai, galdera bakoitzeko minutu bat eta bi minutu artean dituzte. Alde ona eta txarra ditu horrek. Batetik, egia da ez dagoela azalpen askorentzako denborarik eta ezin daitekeela galdera bat baino gehiago egin. Gonbidatuek ere pena izaten dute erantzunetan gehiago sakontzeko aukerarik ez dutelako. Baina, bestetik, alde positiboa ere badu, denbora eskasaren ondorioz, elkarrizketatuek zuzenak eta benetakoak izan behar dutelako erantzunak emateko orduan. Hori da herritarrek politikariengandik nahi dutena azken finean, azalpenetan galdu gabe gauzak zehaztea eta zintzotasun ariketa bat egitea.

Baina formatu horretan ez al dira gauza asko airean gelditzen?

Bai, egia da, baina hori kazetariok ikusten dugu gehienbat; lanbidearen ajeak dira. Nik neuk saioan etengabe sentitzen dut galdera baten atzetik beste bat egiteko beharra; baina hori ez da nire egitekoa. Herritarrek dute protagonismoa, eta eurek asmatu behar dute zer eta nola galdetu, nahi duten erantzuna jasotzeko.

Eroso sentitzen al zara bigarren maila horretan?

Kazetari gisa egia da gustura elkarrizketatuko nituzkeela lehendakarigaiak, baina esperientzia ederra da baita ere herritarrek zer galdetzen duten entzutea, zerk kezkatzen dituen jakitea. Eta, bestalde, kazetaritzaren ikuspuntutik, interesgarria da politikariek herritarrei nola erantzuten dieten aztertzea, kazetari eta politikarien arteko solasaldia finkatuta dagoelako askotan. Herritarren eta politikarien arteko harremana, ordea, guztiz ezberdina da; izan ere, herritarrak dira gero botoa emango diotenak. Ederra da hartu-eman horiek gertutik bizitzea. Laura Mintegirekin, gainera, aukera polita izan nuen saioaren osteko eztabaida ikusteko, zeinetan hainbat hedabidetako kazetariek lehendakarigaiaren agerraldia aztertzen duten. Herritarrei aurre egin ostean, politikariak kazetarien kritikak nola jasotzen dituen ikustea benetan aberasgarria da.

Herritarrek jarraitzen al dute galdetzen kamerak itzalitakoan?

Bai, gonbidatuek zalantza ugari izaten dituzte, herritarren galderak ulertu ote dituzten, espero zuten erantzuna eman ote duten eta abar. Ondorioz, elkarrizketak luzatu egiten dira saioa amaitutakoan ere. Kameren atzean, gainera, ez dago denbora mugarik, ez bestelakorik, eta herritarrak ez daude hain urduri. Esperientzia horrek ere merezi du.

Parte hartzeko eskaera asko ari al zarete jasotzen?

Ekoiztetxeak darama kontua, baina bai, herritarrek interes handia erakutsi dute.

Agian, dirudien baino interes handiagoa dute herritarrek politikan?

Noski, herritarrek ez dute betiko diskurtsoa entzun nahi. Kazetari batentzat zaila da politikari bat denbora gutxian elkarrizketatzea eta titulu bat lortzea, diskurtsoa buruz ikasita etortzen direlako eta ezustean harrapatzea zaila delako. Aldiz, herritarrek galdera ezberdinak egiten dizkiete, agian kazetari batek sekula egingo ez lituzkeenak, garrantzitsutzat beste gai batzuk dituelako edota haren irudiz egokia ez delako. Horregatik du arrakasta saioak, herritarrek eurentzat garrantzitsuenak diren galderak egiten dituztelako, politikoki zuzenak izan edo ez. Nabarmendu nahi nuke gonbidatuek ez dituztela galderak ezagutzen; saioak ez luke zentzurik, segituan nabarituko litzateke.

Ez al da baztergarria lau lehendakarigai bakarrik ekartzea saiora?

Nik uste dut aukera zenbat eta zabalagoa izan hobea dela. Baina hori hauteskunde batzordeak erabakitzen du, eta nik esaten dutena onartu beharra daukat.

Saioa kanpainaurre garaian egin da. Ez al litzateke komenigarria izango halakoak gehiagotan egitea?

Bai, dudarik gabe. Interesgarria litzateke saioa luzatzea, baita denetariko gonbidatuak ekartzea ere: aktoreak, musikariak, eragile sozioekonomikoak eta abar. Arrakasta izango lukeela uste dut kanpainaurretik kanpo ere. Formula interesgarria da, gainera, hainbat titulu lortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: