Komunikazioa. Ana Galarraga. 'Elhuyar' aldizkariaren zuzendaria

«Zientzia kultura hedatu eta sasi-zientziari aurre egiten diogu»

'Elhuyar' aldizkariak 300. zenbakia atera du hil honetan. Zientzia gaiak euskaraz jorratu zitezkeela frogatzeko sortu zuten 1974ean.

Adrian Garcia.
Usurbil
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian egiten da, bertako jendearentzat, bertako langileekin». Horixe da Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarenezaugarri nagusia, Ana Galarraga zuzendariaren (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) hitzetan. Hil honetan, 300. zenbakia kaleratu duzientzia argitalpenak. Zientzia eta teknologiari buruzko informazio hutsa ematea baino gehiago, «testuinguruan jartzen» ahalegintzen dira. Elhuyar anaiei buruzko atal berezia dakar azken atalak; 230 urte bete dira wolframa isolatu zutenetik. Horrez gain, zientzia argitalpenaren historian argitaratutako 30 azal nabarmenenak erakutsi dituzte.

Zein egoeratan sortu zuten Elhuyar aldizkaria?

Elhuyar Fundazioa sortu eta bi urtera ekion zioten aldizkariari, 1974ean; fundazioaren tresna nagusia zen. Donostiako Ingeniaritza Eskolako Euskal Kultur taldeak hizkuntza zientifiko-teknikoarekin kezka handiak zituen. Euskaraz nola esan behar ziren gauza horiek? Horretarako atera zuten aldizkaria: hizkuntza zientifiko-teknikoa sortu, erabili eta finkatu nahi zuten. Batez ere, hizkuntzaren mesedetan izan zen.

Lan handia egingo zuten garai haietan.

Kezka nagusia euskarak zientzia edukiak adierazteko balio zuela frogatzea zen. Zentsurari aurre egiteko figura berezi bat sortu behar izan zuten. Kultur erakunde izan da urte askotan Elhuyar, horrela aldizkari bat kaleratzeko ahalmena baitzuten. Zailtasun asko izan zituzten.

Noiz etorri zen aldaketa?

1981ean, 25. zenbakiko editorialean esan zuten helburua bete eta euskarak zientzia gaiez jarduteko balio zuela erakutsi zutela. Orduan etorri zen aldaketa. Alderdi linguistikoak pisua galdu zuen, eta zientzia edukiei eman zieten garrantzia, aldizkaria berritu.

Zein norabide hartu zuen?

Irakaskuntzarako materialaren behar asko zegoen, eta Oinarrizko irakaskuntzarako atala sortu zuten. Unibertsitatean egindako lanen eta zientzia albisteen berri ematen jarraitu zuten. Halere, aldizkariak ez zituen ase, beste zientzia argitalpenekiko homologatzen ez zela ikusi zuten; bi aldizkari egin zituzten orduan. Zientzia artikuluak jasotzen zituen batek, eta zientzia dibulgazioa besteak. 1996an desagertu zen espezializatua, horretarako beharrik ez zegoelako. Dibulgazioko aldizkariari eutsi zioten, eta hori da egungoaren arbaso zuzena.

Zein helburu ditu egun aldizkariak?

Gure aldizkariaren ezaugarria da hemen eta hemengo jendearekin egiten dela, Euskal Herriari begira. Teknologia eta zientziari buruz munduan zer informazio dagoen ematen dugu, eta hori testuinguruan jartzen dugu, interpretazio puntu horrekin. Bertan egindako ikerketak ere zabaltzen laguntzen dugu, eta sare moduko bat sortu dugu. Informazio orokorra kaleratzen dugu, baina arreta handia jarriz hemen egiten denari. Unibertsitate eta zentro teknologikoekin komunikazio zuzena dugu. Kultura zientifikoa sustatzea da gure xedea, gustatuko litzaigukeelako jendeak erabakiak hartzeko garaian irizpideak izatea. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu jantzia egotea. Zergatik nago zentral nuklearren kontra? Zientzian oinarritutako arrazoiak daude. Kultura zientifikoa hedatzea eta sasi-zientziari aurre egitea da gure lana.

Zein atal ditu egun aldizkariak?

2002an atera zen gaur egungo euskarria, gaur irakur daitezkeen atalekin. Albiste laburrak, elkarrizketa, erreportajea sakonean, analisia. Gai librean atala da beste zientzia argitalpenengatik desberdintzen gaituena. Ikertzaileek beraiek artikuluak bidaltzen dizkigute argitaratzeko. Aldizkaria benetan aberasten dute, eta gainontzekoek ez duten bereizgarria eman.

Webgunea indartu duzue.

2001. urtean hasi ginen Internetekin, baina iaz berariazko webgunea egin genuen. Aldizkariko edukiak daude, baina eduki horiek osatzeko aprobetxatzen dugu. Elkarrizketen bideoak, argazkiak, audioak, eduki multimedia eta elkarrizketen bertsio luzeak eskaintzen ditugu.

Zientzia gaiak batzuetan konplexuak izan daitezke. Nola egin konplexutasun hori interesgarri zientzia ikasketak ez dituztenei?

Hori da gure lana. Konparazioak, metaforak... erabiltzen ditugu. Baina garrantzitsuena beldurra kentzea da. Jendeari zientziari buruz duen ikuspegia galdetzen diogu. Gehiengo batek esaten du zientzia eta teknologia gaiak asko interesatzen zaizkiola, baina ez dute kontsumitzen, eta uste oker asko daude. Futboleko jokoz kanpo bat azaltzea baino konplikatuagoa ere ez da. Zientziek gogor fama dute. Zientzia eta teknologiaren alorrean hartzen diren erabaki guztiek gugan eragin zuzena dute, eta horren atzean dagoena jakitea interesatzen zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.