Komunikazioa. Pablo Mancini. Kazetaria eta idazlea

«Jarraitzaileek gure informazioa partekatzeak du benetako balioa»

'Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen' zikloko bigarren hitzaldian, erabiltzaileen balio erantsia nabarmendu du kazetariak.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Arano -

2012ko maiatzak 9
«Milaka jarraitzaile izatetik harago, jarraitzaile horiek gure informazioarekin zer egiten duten, horrek du benetako balioa; hau da, jarraitzaileek gure edukiak partekatzen dituzten edo ez». Balioaren kontzeptua hackeatu beharraz mintzatu zen Pablo Mancini Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, BERRIA Fundazioak eta Innobasquek antolatutako hitzaldi sortaren harira.

Egundaino informazioa prezioaren balioan ulertu izan dugula azpimarratu zuen Mancinik: merkantziaren balioan, eta ez erabileraren balioan. «Informazioa ohiko gauza bilakatu da; ugari dago, nonahi eta edonoren eskuetan. Orduan, zergatik joko dute guregana? Ohikoa berezi bilakatu behar dute hedabideek», dio kazetariak. Manciniren ustez, komunikabideek ardura handia dute, edonork duelako aukera informazioa argitaratzeko, baina ez dira ohartzen argitaratu baino askoz gehiago zabaltzen dutela, eta hor dago gakoa.

Zeintzuk dira erabiltzaileak edukiak partekatzeko arrazoiak?

Alde batetik, kalitatea. Partekatzen errazagoak dira edukirik osatuenak, erakargarrienak, ulergarrienak eta abar, gustagarriagoak diren heinean. Horretan, kazetaritza klasikora itzuli behar dugu. Bestetik, aitorpena. Erabiltzaileek atsegin dute edukiak partekatzen dituztenean eskerrak jasotzea, haien balioa aitortzea.

Esaten da kinka larrietan sortzen direla aukera gehienak. Non aurkitu behar dute kazetari hasiberriek motibazioa?

Lana egin behar dugu, baina pentsatu gabe lanerako hartuko gaituzten edo ez. Egunero argitaratu behar dugu zerbait. Idazteko norbaitek ordaintzeko zain baldin bazaude, ez zara benetako kazetaria. Hitzaren taxilaria zara, hitz bakoitzari tarifa bat ezartzen ari zara egunero aurrera ematen dituzun pausoei so egin ordez. Jakina zaila dela, baina idazten jarraitu beharra dago, nork bere buruari sinetsarazi balio duela. Lana lortzeko modua ez da gauzak noiz konponduko zain egotea; lan ona egin behar da. Bakoitzak bere balioak aurkitu behar ditu, eta zukua atera.

Ordainketa sistemek ba al dute lekurik eredu berrietan?

Ordainketa sistementzat badago lekua, baina, nik neuk, hedabide orokorretan ez nuke erabiliko. El Mundo oker dabilela uste dut, eta El País-ek ere hanka sartu zuen. Baina hori normala da egoera honetan; ez du esan nahi galduta dabiltzanik. Garrantzitsua da ohartzea ez dagoela gauza ziurrik, eta probatu, arriskatu eta hanka sartu beharra dago. Ereduak kopiatzea huts galanta da; bakoitzak berea bilatu behar du.

Hedabideek euren burua zuritzen ote dute herritarren kazetaritzaren aurka eginez?

Bai, hala da guztiz. Baina hori halabeharrezkoa da. Hedabideek beti esango dute herritarrek idatzitakoa kontrastatu gabe dagoela, balio gutxi duela eta abar; baina, nire ustez, herritarrek sortzen dutena baliotsua da; bilatzen jakin behar da. Erredakzio baten barruan egoteak ez zaitu gaitzen.

Hedabide asko euren webguneetan kateatuta gelditzen dira.

Hedabide gutxik partekatzen dituzte erabiltzaileen eta lehiakideen edukiak. Nire iritziz, beldur kultural bat da. Lehen, egunkari bakarra erosten zenuen, hedabide bakarretik edan, eta, orain, kontsumo eredua aldatu egin da, hedabide ugari kontsumitzen ditugu. Beraz, estrategia horrek ez du zentzurik. Editoreak lasai egoteko modu bat dela uste dut, benerako eraginik gabekoa. Beti leku berera garamatzaten loturek balioa galtzen dute. Gainera, ezer ez da berez hain perfektua, non beste ezertarako loturarik behar ez duen. Interneten zirrara hori da: lotuta egotea.

Eraldaketaren aroan, zein abantaila izan ditzake euskarazko komunikazioak?

Batetik, noski, nortasuna. Bigarrenik, igoera, gorantz doan hizkuntza bat delako. Estrategia komertzialari dagokionez ere, onura ugari ditu: enpresa askok tokiko izaera horretan dute interesa. Eta, azkenik, sentimendu globala: euskal komunitatea Euskal Herritiko mugetatik haratago doa, eta euskal hedabideak aukera paregabea dira euskara zabaltzeko. Abantaila handiak dituzte kultur arloan eta argiltalpen eremuan. Hain zuzen, hor aukera ugari daude kazetaritzan hasi berri direnentzat eta langabeentzat. Lan asko dago egiteko. Eta, egun, lan bat lortzea ez da curriculum bat izatea; argitaratzen duguna da gure curriculuma. Edukirik sortzen ez duena, berdin du non, ez da kazetaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna