Komunikazioa. Ramon Zallo. EHUko irakaslea

«EITBren legea zaharkituta dago, eta egituraketak huts egin du»

Hedabide publikoen eta euskal komunikazio eremuaren erronkak aztertuko ditu datorren astean Bilbon egingo dituzten jardunaldietan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hedabide publikoek funtsezko zereginak bete dituzte urte askoan, gizartea egituratzen, kultura eta informazioa hedatzen eta aniztasuna bermatzen. Krisialdi ekonomikoarekin, ordea, murrizketak eta pribatizazio mehatxuak etorri dira. Hedabide publikoen etorkizunaz hausnartuko dute urriaren 4an eta 5ean, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo diren jardunaldietan. Bertan izanen da Ramon Zallo (Gernika, Bizkaia, 1948), EITBren egoeraz hitz egiteko.

Pribatizatzeko joera nabarmena da. Nola berma daiteke hedabide publikoen iraunkortasuna?

Aurrekontuetatik zerbitzu publikoak bultzatu behar dira. Baina, aurretik, ezinbestekoa da zerbitzu publikoek dituzten funtzio eta betebeharrak berriro zehaztea. EITBren kasuan, 1982ko Sorrerako Legea gaurkotu behar da. Orduko egitekoak ondo zeuden, baina 30 urteotan dena aldatu da: sistema digitala irauli da; lehen ez zegoen kate pribaturik, eta orain nagusiak dira; nazioarteko ekoizpenak areagotu egin dira; ikus-entzuleekiko harremanak guztiz ezberdinak dira; erronka sozio-linguistiko berriak ditugu eta abar.

Hedabideek botere politikoekiko duten menpekotasuna lehenbailehen erregulatu behar da?

Dudarik gabe. Gainera, oso modu duinean egin daiteke hori, administrazio kontseiluari eskumenak emanez, programazioari eta adminitrazioari dagokionez. Erabakiak organo horretara eraman behar dira, zuzendari nagusia ez dadila izan administrazio kontseiluaren gainetik agintzen duen pertsona bakarra, talde bateko burua baizik, primus inter pares —lehenengoa berdinen artean—. Halako eredu batek berma dezake eduki eta trataera aldetik neutroa den telebista bat.

EH Bilduk proposatu du euskarak erdarazko kateetan «presentzia normalizatua» izatea. Zer diozu?

Egia esan, ez dut oso ondo ulertzen EH Bilduk proposatutakoa, nahiko anbiguoa da. Nik uste dut euskarak lehentasuna izan behar duela telebista publikoaren ereduan, eta hortik aurrera irizpideak ezarri. Euskarazko kateak, ETB1ek, lehentasuna izan behar du, eta, bestalde, euskarak eta euskal kulturak nolabaiteko presentzia izan behar dute ETB2n ere; orain bitartean ikusezina izan dena. Baina ezin dugu ahaztu gaztelerazko katea dela gehien ikusten dena, hein handian gehiagok ulertzen dutelako, eta ikusle horientzat ere telebista kate publikoa bermatu behar da. ETB3k euskaraz behar luke, eta ETB4 posible da egoera zail honen ondorioz martxan ez jartzea. Betiere, laugarren kate horretan erabili beharreko dirua euskarazko katera bideratu beharko litzateke.

Euskal gizarteak, oro har, begi txarrez ikusten ditu hedabide publikoak. Zer gertatzen da?

Nire ustez, egitura instituzionalak huts egin du. Horren ondorioz, irizpide politikoak sozialen gainetik ezarri dira, eta horrek uxatu egiten ditu herritarrak.

Nola iraul daiteke hori?

Bi mailatan lan egin behar da. Alde batetik, ikus-entzunezko lege orokor bat behar dugu; kudeaketa eta kalitate aldetik gutxieneko batzuk ziurtatzeko. Eta, bestetik, ikus-entzunezko kontseilu bat sortzea ezinbestekoa da, kate publikoetan, eta egunen batean pribatuetan, programazioen pluraltasuna, aniztasuna eta duintasuna bermatuko bada.

Nola sustatu parte hartzea eta hedabide publikoetarako sarbidea?

Araudi bat egon behar luke horretarako. 2002an, ni EITBko administrazio kontseiluan nengoelarik, hasi ginen halako zerbait lantzen, baina ezerezean gelditu zen, bestelako eragileen gonbidatu zerrenda batekin ordezkatu zutelako. Beharrezkoa da irizpide batzuk zehaztea gizartea edukien igorlea izan dadin, protagonista aktiboa. Alegia, telebistak ez dezala soilik herritarrez hitz egin, baizik eta herritarrek telebistan hitz egin dezatela. Bestalde, eztabaidak eta mahai inguruak ugaritzea ere bide egokia da, telebista gizartearen benetako isla bihurtzen laguntzeko.

Iparraldeak eta Nafarroak izanen dute lekua etorkizunean?

Eurek dute giltza. EITBko programazioan parte hartzeko gaitasuna izan behar dute; bertan antenak eta estudioak jarri. Oztopo politikoak gainditzeko baliabideak badaude, are gehiago komunikazio tresna berriekin. Eta ulergaitza izango litzateke gobernuek historikoki eta kulturalki lotuta dauden herrialdeen arteko aldebiko komunikazioa oztopatzea.

Zein da EITBk duen erronkarik behinena?

EITBren egitura instituzionalaren gaineko eztabaida agendan sartzea; bi hamarkadako atzerapena daramagu EITBren eredua zehazteko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.