Albistea entzun

Komunikazioa. Euskadi Irratiaren 30. urteurrena (I). Joxe Mari Otermin. Euskadi Irratiko zuzendari ohia

«Irratiak ezin du galdu istorioak kontatzeko gaitasuna»

Ramon Labaienen aginduz, Euskadi Irratia sortzeaz arduratu zen Otermin, 1982. urtean.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2012ko azaroak 21 - Donostia

Joxe Mari Otermin (Amezketa, Gipuzkoa, 1948) Euskadi Irratia martxan jartzeaz arduratu zen 1982ko maiatzetik azarora bitartean. Herri Irratiko lana utzi zuen horretarako, eta Euskadi Irratiko aurreneko zuzendaria izan zen, 1991. urtera arte. ETBra pasatu zen urte horretan, Miramongo zentroaren ardura hartzeko.

Labaienek Euskadi Irratia sortzeko agindua eman zizunetik emanaldiak hasi arteko prozesua nolakoa izan zen?

Lehen zeregina izan nuen erabakitzea ea nolako irratia nahi genuen: jeneralista ala bide jakin bakar bati begiratzen ziona. Buelta batzuk eman ostean, ahal zen neurrian erabaki genuen irrati jeneralista bat egitea. Bigarrenik, alor teknikoko gauza batzuk konpondu behar genituen, eta Frantziako estudio batzuk ikusi genituen. Hirugarrenik, jendea aukeratu behar zen azaroan lanean hasteko. Deialdi bat egin zen, eta pertsona batzuk aukeratu nituen. Lankide berri horietako gehienei lana nola egin erakutsi behar izan genien. Dena presa handiz egin genuen.

Zeintzuk izan ziren lehen pausoetan zailtasun handienak?

Egunean hamahiru orduz euskaraz aritzea desafio handia zen. Herri Irratian albistegiak euskaraz eginak genituen. Baina mundu batzuk erabat gaztelaniaz zeuden, eta euskaraz nola esan asmatu behar genuen. Halaber, irratian euskaraz hitz egin gabeko jende asko zegoen. Jendea euskaraz normal jartzea zen erronketako bat. Pentsatu genuen entzuleak berehala belauniko jarriko zirela euskaraz ari ginelako, baina hura ez zen hain erraza izan.

Zer ekarri du euskararentzat eta euskal entzuleentzat urteotan euskarazko irrati bat egun osoan entzun ahal izateak?

Euskara hutsean bizi nahi zuen euskaldunari egiten zitzaion eskaintza duina izan nahi zuen Euskadi Irratiak. Alde horretatik, haren ekarpena oso ona izan da. Euskaraz irakurtzeko ohitura gutxi duenarentzat ere euskara entzuteko aukera izan du Euskadi Irratiari esker. Ez da hori gutxiesteko moduko ekarpena. Gaur egun, elastiko horia, txosten eta halako hitzak erabat normalizatuak daude. Duela 30 urte, euskara batuaren arazoa nahiko bizi zegoen. Egun, auzi hori erabakita dago. Eta Euskadi Irratiak azkeneko urteetan erakutsi du beste irratien pare-parekoa dela, eta euskaraz duintasun osoz egin daitekeen hedabide bat dela. Ez du Euskadi Irratiak inolako lotsarik munduaren aurrean ibili ahal izateko.

Teknologia aldetik, puntan ibili da Euskadi Irratia hasieratik, ezta?

Frantziarako bisita haiek asko balio izan ziguten, eta soinu onaren jabe izateak zuen garrantziaz ohartarazi zigun. Magnetofonoak onak ziren. Eta CDak jartzen aurrenekoak izan ginen gure inguruan. Xabier Laskibar teknikari buruari esker, erne ibili ginen. Alde horretatik, txukun aritu ginela esan daiteke. Telefono zelular potoloak Everestera ere eraman genituen.

1991. urtearen ostean, Julian Beloki eta Odile Kruzeta izan ziren hurrengo bi zuzendariak. Hasierako izpirituarekin jarraitu al zuten biek?

Bai, baina biak baino zaharragoa naiz, eta Herri Irratiko tikak nituen. Euskadi Irratia 100.000 entzule izatera iritsi zenean, karta bat izan genuen irrati berriago bat egiteko. Hori Belokik eta Kruzetak egin zuten, formak ondo zainduz. Eta beldurrik gabe esan dezaket irrati gaurkotuago eta modernoago bat egin zutela. Inbidiaz ere ikusten nituen, animatzearekin batera.

100.000 entzule inguru baditu Euskadi Irratiak. Zer iritzi duzu datu horri buruz?

Kontuan hartuta 600.000 euskaldun inguru garela, seitik batek Euskadi Irratia entzutea gauza handia da. Eraman dezagun datua Espainiara, eta pentsa zer-nolako irratia litzatekeen seitik batek entzungo lukeen irratia.

Nola ikusten duzu etorkizuna Euskadi Irratiarentzat?

Krisi ekonomikoa dugu, eta kontuan hartzekoa da. Euskadi Irratiak galdu beharko ez lukeena da istorioak kontatzeko gaitasuna. Horri ez lioke bizkarra eman behar. Zailtasunak zailtasun, istorio berriak kontatzen saiatu behar du irratiak.

Zer eskatuko zenioke irratiko zuzendari berriari?

Esan bezala, ez uko egitea istorioak kontatzeari. Gaur egun, futbol partida baten kontakizunean garrantzia badu partidak berak, baina beste zeharkako istorio asko kontatzen dira. Ikuspuntu eta talaia hori ez luke galdu behar irratiak. Badaramatza Euskadi Irratia urte batzuk hori egiten, baina oraindik ere gehiago egin behar da jauzi alor horretan, emozioetan. Entzule gisa, gauza horiek estimatzen ditut, eta zuzendari berriari hori aintzat hartzeko eskatuko nioke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...