Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (IV). Mieltxo Monfort. Bilbo Hiria Irratiko koordinatzailea

«Trajea ez dago irrati txiki eta euskaldunen tamainara egina»

Bilbon sei lizentzia banatuko dira; bat lortzen saiatuko da Bilbo Hiria Irratia.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bilbo Hiria Irratia sortu zenetik, proiektu horretan lanean aritu da Mieltxo Monfort (Hernani, Gipuzkoa, 1952). Koordinatzailea izateaz gain, hainbat irratsaiotan ahotsa jarri izan du.

Bilbo Hiria Irratian zer iritzi duzue Eusko Jaurlaritzaren FMko lizentziak banatzeko lehiaketaren oinarrien inguruan?

Esan behar da bazela garaia lizentziak banatzeko. 26 urte joan dira FMko lizentziak banatu gabe. Ibarretxe lehendakari zela, zirriborro bat atera zen lizentzien banaketa bideratzeko. Egitasmo hura kutxa batean gelditu zen, eta iaz izan genuen lehen pausoen berri. Bizpahiru huts nagusi ditu dekretuak. Esaten dute lizentzien herenak euskarazko irratientzat izango direla, baina, hori, baldin eta leku bakoitzean euskarazko irratiak gai baldin badira eskatutako guztia betetzeko. Eta eskatutakoa ez da gutxi. Ez dago bermatuta euskarazko 11 irrati gehiago egongo direla. Euskarari zor zaion errespetuak gehiago merezi zuen. Azkoitian eta Gernikan lizentzia bakarra emango dute, gaztelaniaz.

Euskarazkoen erreserbetatik kanpo, balio txikia du euskaraz aritzeak, ezta?

Programazioaren %5 baino gehiago euskaraz egiteagatik bost puntu dituzu. %50etik gora euskaraz egiteagatik, berriz, soilik hamar puntu. Euskara gutxiesten dute alor horretan. Trajea ez dago irrati txiki eta euskaldunen tamainara egina. Parte hartzeak esfortzu ekonomiko handia eskatzen du; bermeak ordaindu behar dira. Txostenak benetan konplexuak dira.

Bilbon, bi lizentzia gorde dituzte euskarazkoentzat, baina euskara hutsean zuek bakarrik ari zarete duela 15 urtetik hona. Aukera izango duzue bietako bat lortzeko?

Bai, udaberri honetan 15 urte beteko ditugu egunero euskara hutsean emititzen. Duela 6-7 urte, Interneten. Bilbo aldean guk bakarrik emititzen dugu euskaraz, eta gu ahalegin guztiak egiten ari gara lizentzia hori lortzeko; baina badakigu zaila izango dela, lehia handia dagoelako. Getxon beste lizentzia bat dago euskarazko irratientzat. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Tas-Tas irratiko Iñigo Muñozek hauxe esan zigun: «Bilbo aldean, dialak oihan bat dirudi; indartsuenaren legea datorkigu». Ados al zaude?

Bai. Egia da hori. Diala oso beteta dago, gehienbat gaztelaniaz ari diren irrati handiekin. FMn, gure ondoan badago irrati bat potentzia handia duena, eta batzuetan estali egiten gaitu. Bilbon sekulako oihana dagoenez, esaten dute ordena jarriko dutela. Baina zeintzuk dira ordena jartzeko irizpideak? Lehiaketan, adibidez, ez dute aintzat hartzen irrati batek zenbat urte daramatzan lanean. Nola sinetsi proiektu berri batek —askotan Madrildik datorrena—euskaraz egingo duela? Ez da oso sinesgarria. Askok katean emitituko dute, Madrildik. Hori behar al du gure gizarteak pluraltasunaren izenean? Ez dut uste.

Zer eragin izango luke zuentzat lizentzia bat lortzeak?

Bizpahiru gauza. Batetik, aitorpena, egoera zail batean. Alegalak izanik ez dugu arazorik izan, baina lizentzia batekin lasaiago ibiliko ginateke, eta publizitate pixka bat irabaziko genuke. Horrek aukera emango liguke esfortzu handiagoak egiteko. Urrats gehiago egiteko gogoz gaude. Lizentzia lortzen ez badugu, lanean jarraituko dugu. Nola? Hori ikusi beharko.

Ramon Zallo EHUko irakaslea kexu azaldu da presio sozial eta politiko eskasa dagoelako gaiaren inguruan.

Guk hainbat irratitako kideekin hitz egin dugu. Adierazpen gutxi egin dituzte, orain arte, gaiaren inguruan, Hala Bedi irratiko kideek eta Zallok berak salbu. Baina, egian esan, ez dago presio sozial handirik. Hala ere, komunikabideetan gaiaz eztabaidatu nahi badugu, esango nuke denok berandu gabiltzala. Alderdi politikoei dagokienez, batzuk oso isilik dabiltza, eta ez dakit horrek zer esan nahi duen.

Bizkaian, sei lizentzia banatuko dira Bilbon, lau Getxon, bi Durangaldean eta bat Gernikan. Eremu batzuetan, ordea, ez da lizentziarik banatuko.

Arratian, Enkarterrin eta Lea-Artibain ez dago lizentziarik, ez. Lea-Artibain, esate baterako, euskararen presentzia handia da, eta irrati batek lagundu egingo lioke euskararen normalizazioari. Baina, oraingoz, ez da halakorik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.