Futbola. Jokalarien ordezkariak

Filmeko gaiztoak?

Futbol profesionalak azken urteetan izandako bilakaeraren ondorio dira jokalarien ordezkariak. Urteekin, euren jarduna kontratu negoziatzaile profesional hutsak izatetik haratago joan da. Errealitatea, halere, bestelakoa da, eta estereotipotik nahiko urrun dago.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bulegotik irteten den futbolariaren ondoan agertzen dira argazkietan. Filmeko gaiztoak dirudite. Maleta txikiari lotuta bizi dira, eta sakelakoa euren gorputzeko beste atal bat da ia-ia. Errealitateak, baina, irudi horrek estereotipo elitista puntu bat ere baduela erakusten du. «Nik ere banuen uste hori hasi aurretik: figura iluna, diruzaleak... Baina ez da horrela, gauzak asko aldatu dira. Ez gara taldeen etsaiak. Gaur egungo futbolean beharrezkoa da ordezkaria. Nik Huescarekin sinatu nuenean kontratuak orrialde bakarra zuen: iraupena, soldata, dirusariak, eta kito. Egun, aldiz, kontratu batek hamasei orrialde ditu: irudi eskubideak, klausulak...». Jose Mari Lopez Zarraga da (Andoain, Gipuzkoa, 1959). Futbolarien ordezkariez mintzo da, bere ogibideaz. «Ospeak ez nau harritzen», gehitu du umoreko Egoitz Basurtok (Deba, Gipuzkoa, 1985). «Onartzen dut nire lanbidearen ospe txarra. Askotan, lotsatu egin izan naiz neure burua eskaintzean. Baina ordezkari baten lana ez da dena dirua... Une horretara iritsi aurretik lan handia dago». Vicente Biurrun (Sao Paulo, Brasil, 1959) ere ordezkaria da, eta bere jardunaren ohorea defendatu du. «Gaiztoak? Ez dakit zergatik? Gu futbolariari laguntzera goaz. Beste kontu bat da talde jakin batek gustuko ez izatea futbolariak egin duen aukera». Euskal Herrian lan egiten duten ordezkari agentzia handienetak bateko hiruren testigantza da.

Ordezkarien lana azaltzea ez da erraza: gazteen espioi, sasi-ekonomista, sasi-abokatu, sasi-psikologo... Hori bai, hirurek ere etorri handia dute. Beharrezko bertutea da, nonbait. «Kontratu kontuetan, bitartekariak gara, baina lana, oro har, askoz haratago doa», laburbildu du Zarragak. Realeko harrobiko atezain izan zen Zarraga, eta Bigarren Mailan jokatzera iritsi zen, Huescan. Orain hamabi urte hasi zen ordezkari lanetan, Bahia Internacional enpresan, eta han jarraitzen du. Hori bai, duela bi urtera arte lantegi bateko lanarekin uztartu zuen jarduna. «Hasi nintzenean, argi azaldu zidaten zein tankerako lana zen, eta konbentzitu ninduten. Futbolariekin tratu zuzena, errespetua, lagundu... eta gazte mailako partida asko ikustea. Asteburuko bospasei partida ikusten ditu. Egia esan, hori niretzat ia ez da lana, futbola pozoia da niretzat».

Partida horietako asko Biurrunekin ikusten ditu. Hark ibilbide luzea egin zuen Lehen Mailan: Realean, Osasunan, Athleticen, Espanyolen... Erretiroa hartu eta hiru hilabetera hasi zen ordezkari, Miguel Santosen eskutik. Hemezortzi urte daramatza ordezkari lanetan, eta IDUB enpresako lau bazkideetako bat da. «Lana futbolariari laguntzea da. Merkatuan zer-nola dagoen jakin, aholkuak eman... Eta eskaintza hoberik dagoen ikusi. Gu kontratuekin gara onak. Aholkularitza integralarena oso polita da, baina ez erreala. Alde horretatik, guk beste aditu batzuengana gidatzen ditugu...» Eta eremu pertsonalean? «Ez, hor ez gara sartzen».

Basurtoren profila desberdina da. Gazteena da, eta are gazteago hasi zen. 19 urterekin beste ordezkari bulego batentzat lan egiten hasi zen. Pilaturiko eskarmentuarekin eta Koldo Bolivar abokatua bazkide hartuta, bere agentzia sortu zuen duela lau urte: Eggo21. Futbolari gazteekin ari da, guztira 46rekin. Hainbat ditu Athleticeko behe mailetan. Hain zuzen, azkenekoz, Iñigo Ruiz de Galarreta eta Unai Albizua kontratatu ditu Athleticeko lehen taldean. «Nik ez dut ulertzen lan hau zaletasun gisa hartzen duen ordezkaria. Ni 06:30ean esnatzen naiz, eta 23:00etan iristen naiz etxera. 24 ordu erne. Hiru aldiz kargatzen dut egunean sakelakoaren bateria... Futbolerako bakarrik bizi naiz: hegaldiak, deiak, kilometroak... Mundu honetan hastea sakrifizio pertsonal handia da, nik gertutasuna lehenesten dudalako, tratu zuzena. Horregatik diot, egunean bizpahiru orduz bakarrik jarduten denak nola emango du zerbitzu berdina?».

Apustu baten historia da Basurto. Hilabetero, 400 euro gastatzen ditu sakelakotik egindako deietan [BERRIArentzako elkarrizketak egiten hiru ordezkariek dei asko jaso dituzte: maila guztietako futbolarienak, kazetarienak... ], autoari 250.000 kilometro egin dizkio bi urtean, eta ez du ezkutatzen lau urtean ia ez duela etekinik atera. «Ezin dut atzera egin, ezta nahi ere. Honetan hastea zaila da, eta, nire familia honaino ekarri badut, jarraitzeko da. Egun, parean geratzeko lanak ditut, jokalaria profesionaletara iristen den arte ez dugulako kobratzen». Hala ere, egunero jasotzen dituzte curriculumak. «Gure agentzian etorkizun handiko gazteak ditugu, eta, hemendik bizpahiru urtera, dozena bat jokalari izan ditzakegu Lehen Mailan. Nire inguruan lanik gabe dagoen jendeari lana eman ahal izan arte jarraitu nahiko nuke. Gazteekin hastea inbertsio moduko bat da. Kontua ez da nire bezeroen zerrendak orain zer balio duen, baizik eta zer balio izango duen».

Lopez Zarraga eta Biurrunen egoera lasaiagoa da. Enpresa handietan egiten dute lan, eta horrek laguntzen die. Bahiak 140 jokalari inguru ditu, eta Zarragak, esaterako, lau ordezkatu ditu Realean: Asier Illarramendi, David Zurutuza, Dani Estrada eta Markel Bergara. Athletic zein Realeko behe mailetan ere dezente ditu, «baina baita Bigarren B eta Hirugarren mailetan ere», zehaztu du. «Jokalari batekin hasten zarenean, ezin duzu utzi, eta, askotan, horiei laguntzea da zailena».

Biurrunen eta haren bazkideen bulegoak euskal futboleko izen handi asko ordezkatzen ditu: Xabi Alonso, Mikel Arteta eta Beñat Etxebarria, besteak beste. Kontratua amaitzen zaien jokalariak dira haren ardura handiena. «Izenak laguntzen du, noski, berme bat dago, segurtasun bat. Baina lehia handia dago. Pentsa, Espainian 700 ordezkari daude, eta Lehen Mailan 500 jokalari. Horretarako, behera jo behar duzu». Diru irabaziak komisioen bitartez iristen dira, kontratuen arabera, eta profesionaletara iristean bakarrik. «Lehen sosak ikusten dituzunerako, denbora asko pasatzen da, eta gastuak handiak dira», aitortu du Biurrunek.

Gurasoen ametsak

Zer da behera egitea? Beheko mailetara joatea. Hirurek bat egiten dute futbolariak «ukitzeko» garai onena 16-17 urteak direla, gazte mailakoak direnean. Ordurako, ordea, gehienek kontakturen bat izan dute ordezkariren batekin. «12-13 urtekoak badaude, lotsagarria da», kritikatu du Basurtok. Hori bai, hiruek ukatu egin dute hain gazteekin tratuan hasi izana. Lehen harremanetan gurasoak ere kontuan hartu behar dira. Baina traba ere izan daitezke, askok uste baitute semeak «lanetik aterako» dituela. Hala uste du Zarragak. «Gurasoak arriskutsuak dira. 'Nire mutila lehen taldera iritsiko da' eta halakoak esaten dituzte. Oso jende gutxi iristen da gora. Estatistika hor dago: Realean hasten diren 400 umeetatik hiru baino ez dira iristen lehen taldera. Eta ratio hori Realean orain are gehiago jaitsiko da, belaunaldi gazte oso ona duelako».

Erakartze lanari dagokionez, Zarragak pasadizo polita dauka. «Ikuskatu nuen lehen partidan Realeko bi jokalari jakin jarraitzeko agindu zidaten. Gazte mailakoak ziren. Launa berdindu zuen Realak Añorgarekin. Niri, aldiz, beste bi gustatu zitzaizkidan, Estrada eta Gorka Elustondo. Bat, behintzat, erakarri nuen». Estututa, ihes egin dion baten izena eman du. «Mikel Gonzalezekin zalantza izan nuen, eta begira. Gure enpresan, garbi esaten digute, zalantza izanez gero ez emateko pausoa. Gure helburua Lehen edo Bigarren Mailako jokalariak izatea da. Xabi Prietorekin saiatu ginen, Carlos Martinezekin ere bai, eta ez genituen konbentzitu. Irabaziak kopuru jakin batetik aurrera datozkigu, eta Hirugarren Mailan ditugun jokalariekin ez dugu etekinik lortzen. Baina konpromisoak hor segitzen du».

Negoziatzea da ordezkarien funtziorik ezagunena. Klubetako bulegoetako mahaien inguruan bildu, eta ordezkatuen eskubideen alde borroka egitea. Jokalari adina negoziazio daude. «Urtebetekoak ere ezagutu ditut, eta hilabetez hitz egin ondoren, azkenean, xehetasun txiki batengatik mamitu ez direnak», azaldu du Biurrunek. Zarragak umorez erantzun du. «Ez dakit, bada, noizbait negoziazioaren bat lehen egunean burutu dudanik. Nik jokatzen nuenean dena desberdina zen». Basurto, gaztea izan arren, ofizioa ikasten ari da, baina baditu sekretu txikiak. «Lendoiro Deportivoko presidentearekin tratatzea, esaterako, bitxia da. Ordezkariak ez ditu inoiz goiz edo eguerdian hartzen, beti gauerditik aurrera. Ordezkariak Coruñarako bide luzea egin duela badaki, eta handik bi egunera ez dela itzuliko. Alegia, tratua egun horretan itxi behar duela. Hura hasten da hizketan, astiro-astiro... eta goizeko lauak arte irauten du solasaldiak. Ordezkariaren neke fisikoarekin jokatzen du. Joan nintzen azkenean hori banekien, eta bezperan joan nintzen, bilerara fresko eta atseden hartuta joateko. Eta hantxe egon nintzen, behera egin gabe. Ordutik, hitz egiten dugun bakoitzean, euskal herritar hori... esaten dit.

Harremanak, baina, beti ez dira onak izaten, eta Biurrunek urteekin ezagutu du ordezkarien beharra. «Oroitzen naiz Realeko lehen taldera iritsi nintzenekoa. Ilusioarekin edozer gauza sinatzen duzu.Dirua ez da lehentasuna, noski, ez duzu borrokatzen, baina urteekin argiago ikusten duzu. Taldeari lotuta ez banengo, agian, aukera handiagoa izango genuen… Orain, zorionez, gauzak aldatu egin dira». Biurrunek Realeko zaletzat dauka bere burua, baina ordezkari lanerako esaldi borobil bat du: «Negoziatzeko elastikoa kendu behar duzu. Jokalariari mesede gehien egiten diona da helburua». Egia al da azkenean jokalariak nahi duena gertatzen dela? «Hala izan behar duelako; nire ikuspuntutik, behintzat, jokalariaren nahia da lehentasuna».

Negoziatzea, baina, gero eta zailagoa da. Futbolean dirurik ez baitago. Ala bai? Basurto kritikoa da taldeen kudeaketarekin. «Nire ustez, profesional gutxi dago. Jende asko dago taldeen zuzendaritzetan, baina profesional gutxi. Taldeetako presidente gehienak enpresariak dira, baina futbola negozio desberdin bat da. Futbolaren urterik onenak eraikuntzaren garai oparoena izan ziren. Gero, futbola diru publikotik ere bizi izan da, eta hori denon poltsikotik irten da. Futbolari eman zaion dirua ez da egon enpresa txikientzat». Biurrunek grafikoki azaldu du kolpearen tamaina. «Talde handi-handien salbuespenekin, asko jaitsi dira soldatak. Urterik onenetan, duela hamar urte, ehun kobratzen zuen jokalariak, orain 50 irabazten du, erdia».

Garai onak oroitzean, Bigarren B Mailan urtean 100.000 euro ere kobratzen zituzten jokalariez mintzo dira, 80.000 euro eta pisuaren alokairua, eta bizpahiru hilabete aurretik kobratzen ziren garaiak. «Orain, 1.300 euro hilean, eta horrekin, aldatu bizitza», deskribatu du Zarragak. «Eta okerrena iristeko dago. Talde asko kinka larrian daude, baita Lehen Mailakoak ere. Maila galduz gero, desegin daitezkeen taldeak daude. Hemengo taldeak, ordea, Eibar, Real Union… zintzoak dira, eta konpromisoak betetzen dituzte. Hemendik kanpo ekainean kontratua sinatu eta irailean ezin pagaturik zeudenak ezagutu ditut». Basurtok bere egiten ditu kidearen hitzak. «Kobratzeko garaian ere nabaritzen da krisia. Kontratua lortu, akordioa egin... Eta gero hartzekodunen zerrendak datoz, kobratzen baduzu, pozik, baina sei urtera, eta erdia. Salatzen baduzu, epaitegietara joan behar duzu, eta justizia motela da. Horrela ezin da funtzionatu».

Hirurek bat egin dute: futbol profesionalak aldaketa bat behar du, eta Kirol Elkarte Anonimo bilakatzeko legeak ez du ezer aldatu. «Taldeak kontrolatzeko zen, eta ez da hala gertatu. Kudeaketa txarra izan da. Bankuek taldeei maileguak emateari utzi diote», azpimarratu du Biurrunek.

Euskal futbola? Desberdina

Lopez Zarragak jarri du puntua:«euskal taldeak serioak» dira». Hori da ospea, behintzat, serio pagatzen dutela eta erokeriarik egin gabe. «Desberdina da, zalantzarik gabe. Nire lankideek ere hala diote, fidagarriagoak dira. Hitza bete egiten dute, eta konpromisoak bete». Basurtok grafikoki azaldu du: «Salbuespen bat da. Eibar, Numantzia... eta horiekin telefonoz negoziatu eta 70 esaten badute, gero, mahaian esertzean 70 dira. Hitzak indarrean jarraitzen du. 'Hala da, ezta?', 'bai', 'bai', 'eta kito'. Futbolariek ere badakite. Agian, gutxiago kobratuko dute, baina badakite kobratuko dutela». Biurrun ados dago. «Beste konnotazio bat du. Arazoak badituzte, noski. Begira Lemoa... ez dakit zer pasatu zen, eta, egun, zailtasun handiak dituzte, baina ordaintzeko borondatea dute».

Euskal jokalariak munduan barrena daude: Georgian, Zipren, Errusian... «Europa ekialdeko merkatu horiek desberdinak eta zailak dira. Jokalariak hartzen ari dira, egia da, baina lege arazoren bat baldin badago zaila da konpontzea», ohartarazi du Biurrunek. Haren agentziak hainbat jokalari ditu Ingalaterran eta Alemanian, eta merkatu horiek «oso fidagarriak» direla uste du. Zarragak ere liga horiek goratu ditu, eta exotikoez... askotan, zakurrak oinutsik. «Kontuz ibili behar da nora bidaltzen den jokalari bat. Errumania eta Bulgaria arriskutsuak dira, haietako legedia dela-eta. Han salaketa jartzea ez da erraza. Grezia, ordea, garai larriak pasatzen ari da, baina hango futbolean badago zerbait. Badaude ordezkariak etekina lortzearren edozein tokira bidaltzen dituztenak jokalariak; baina leku desegokira bidaliz gero arazo bilakatzen da. Horretarako, hobe etxean geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.