Hezur haragizko animoa

Pablo Berasaluzek bitan hautsi du orpazurda, eta medikuek sei hilabetetik gorako etenaldia diagnostikatu diote. Epea erdira murriztu daiteke, baina; Aritz Altadill palistaren kasua da.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ikusi eta berehala jakin zuen Berasaluzeren lesioa zein zen. «Errepikapenean ikusi nuen, orkatila bihurritu ez eta min keinua oso agerikoa. Orpazurda hautsi du». Aritz Altadillen (Iruñea, 1975) hitzak dira, Innpalako palista eta, besteak beste, Martinez de Irujo, Bengoetxea VI.a edo Beginoren prestatzailea dena, Barañaingo Zentrum kirol zentroan. Berak 2009ko otsailean hautsi zuen, eta hiru hilabete eta erdian jokatzen ari zen berriz. «Niri ere sei hilabete esan zizkidaten, baina tarteak asko murriztu daitezke, besteak beste, oina lotuta dagoendenbora murriztuz».

Altadillek ez du ahaztu oraindik entzun zuen «klaska» hotsa.«Oso mingarria da, nik jokatzen egin nuen, Club Deportivon, eta makilakada bat jo zidatela iruditu zitzaidan. Paretaren kontra nengoela egin nuen, eta atzera begiratu nuen ea palak zein atzelariri ihes egin zion ikusteko. Biek eskuan zutela ikusi nuenean banekien orpazurda zela, oso behean zegoelako gihar kontua izateko».

Pablo Berasaluzeri atzo konfirmatu zioten ezkerreko hankako orpazurda erabat hautsita duela. Jota mintzatu zen kazetarien aurrean erresonantzia egin berritan. «Zaila izango da berriz ere final bat jokatzea, baina saiatuko naiz». Bihar edo etzi egingo diote ebakuntza, eta hogei egun barru hasiko da berrindartzearekin. Ohar ofizialak «sei hilabeteko etenaldia dio», baina Altadill ez da iritzi berekoa. «AEBetan hautsiriko orpazurdak lau edo bost hilabeteetan sendatzeko dauden protokolo batzuk aurkitu eta haiek jarraitzen hasi nintzen JurdanMartitegi nire bazkidearekin. Hura fisioterapeuta da».

Orpazurda haustura, normalean, 30-35 urteko gizonezkoei gertatzen zaie. Berasaluzeren kasua da, 35 baitauzka. Soleoa eta gihar bikia orpoarekin lotzen duen zurdaren haustura da; normalean, higadurak eragindakoa. Altadillek, esaterako, nahiko higatuta zuen, eta bi hilabete falta zitzaizkion 34 urte betetzeko. Herenegun bertan sare sozial baten bitartez harremanetan jarri zen Berasaluzerekin. Tratu zuzenik ez izan arren elkar ezagutzen dute. «Nahi zuena galdetzeko esan diot, ni prest nago laguntzeko».

Igeltsurik ez?

Ebakuntza egin ondoren hilabete baterako igeltsua jarri zioten Altadilli, baina berak bi astera kendu zuen. «Kontua da mugikortasun gehiegi ez galtzea. Igeltsua luze edukiz gero oina gogortu egiten da. AEBetan, esaterako, ez dute igeltsurik jartzen, babes zedula batekin aski da». Igeltsua kendu eta mugikortasuna lantzen hasi zen. Handik bi astera zuen kontsulta zirujauarekin, eta harritu egin zuen. «Beste oinean adinako mugikortasuna nuen. Hortik aurrerakoa indarra lantzea zen».

Eta buru-belarri hasi zen berrindartze prozesuarekin. «Gorputzak eta gorputzak daude, baina nik ez dut uste nireak kasu berezia izan behar duenik», onartu du Altadillek. Indartze prozesua garrantzitsua da, lesioak indarrik gabe uzten baitu orpoa, «zintzilik gelditzen da». Ebakuntza egin eta bi hilabeteetara Altadill korrika egiten hasia zen. Bi hilabete eta erdira leun piloteatzen, eta hiru hilabetetara bere burua jokatzeko moduan ikusten zuen. «Ekografia egin eta zurda erabat sendatuta eta tenkatuta zegoela ikusi genuen; hala ere, medikuak pixka bat itxaroteko esan zidan». Bi aste gehiago izan ziren.

Altadillen eredua hezur-haragizko animoa da, Berasaluzek jendaurrean zein Internet bitartez jasotako babes uholdeari gehitzen zaiona. Pilotariak, beste kirolariak... Berasaluzek berak esker on mezua zabaldu zuen Twitter sare sozialeko bere kontutik @pberasaluze8: «Eskerrik asko, jarraitzaile guztiei, zuen animoengatik».

Altadillen kasua, baina, baikorrenetakoa da, beste kirol batzuetan bi ebakuntza behar izan dituzten kasuak egon baitira. Arvidas Sabonis saskibaloi jokalariak bi behar izan zituen, eta hemezortzi hilabete, baina haren gorpuzkera eta Berasaluzerena ezin dira alderatu. Liu Xiang 110 metroko hesiduneko txapeldun ohiak ere hautsi zuen, eta lehiatzera itzuli zen baina asko kosta zaio aurreko mailara gerturatzea. Berasaluzeren kasuan, dena den, lana ez da arazo izango, egoera larriei aurre egiten zaildua baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.