Argiak eta itzalak

Hosni Mubarak dimisioa eman eta sei hilabetera etorri da haren epaiketa; epe horretan areagotu egin dira etorkizunari buruzko zalantzak eta urratuz joan da herriaren eta armadaren arteko hasierako elkar hartzea.

Kairo
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Kairoko kaleek ohi baino lasaiago dirudite. Ramadana delako, batetik, baina baita epaiketari adi-adi dagoelako mundu guztia. Egiptoar gehienak pozik daude, baina ez dute uste emaitza onik ekarriko duenik. «Ikuskizun ederra eman dute, jendea lasaitze aldera, baina ez dute lortuko». Hazem Hader izeneko gazte «liberal-liberala» ari da hizketan. Tahrir plazan izan zen faraoiaren agintaldiaren amaiera ekarri zuten hemezortzi egunetan. Eta hori dio, hain zuzen, iraultzaileei zalantzak sorrarazi dizkielako armadak sei hilabetean behin-behinean agindu izanak, aldi horretan ezkutukeria gailendu baita.

Hilabeteotan urratu egin da, pixkanaka, herriaren eta armadaren arteko hasierako elkar hartzea, indar armatuaren benetako asmoei buruzko zalantzak sorrarazteraino. «Gauzak ez dira hobetu, eta, batzuetan, okertu ere egin dira», adierazi du irmo Nadim Masur Egiptoko Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Zentroko zuzendariak. Armadak giza eskubideak urratu dituela dio: besteak beste, tortura baliatu duela, indarkeriaz oldartu zaiela manifestariei, 10.000 zibil inguru epaitu dituela auzitegi militarretan eta komunikabideak kontrolatzen ahalegindu dela. «Trantsizio aldi honetan armadak du agintea bere esku eta bere interesei eutsi nahi die»,esan du, militarrek dituzten negozioak gogora ekarriz.

Urte erdi honetan etenik gabekoa izan da gobernu behin-behinekoaren eta iraultzaileen arteko trukea; beren eskabideak aintzat ez dituztela hartu ikusirik, Tahrirrera itzuli dira iraultzaileak. «Oso gaitza egiten ari zaigu trantsizio hau, eta ez daukagu garbi demokraziarantz goazen», dio Amsurrek.

Orain arte, antzinako erregimeneko goi kargudun gutxi epaitu dituzte, eta guztiei absoluzioa eman diete edo gutxieneko zigorrak ezarri dizkiete. Segurtasun indarretako ofizial bat bakarrik kondenatu dute, in absentia, eta segurtasun indarretako 669 ofizial baino ez dituzte kanporatu. Kalekoen irudipena da, berriz, oraindik ere badagoela non garbitua erakundeetan; baina orain agintea dutenek ez dute interes handirik horretan.

Espektro politikoa

Mubaraken Alderdi Nazional Demokratikoa legez kanpo uzteak eta alderdien lege berri bat sortzeak zabaldu egin du aukera politikoa. Hala, dozenaka alderdi sortu dira, ideologia argi samarrekoak baina programa sendorik eta zehatzik gabekoak. Onurarik handiena Anaia Musulmanek atera dute —horretan, inork ez du zalantzarik—, horiexek bakarrik baitute kideen egitura sendo eta finkatu bat. Anaia Musulmanek onarrazi zuten martxoaren 9ko erreferenduma, zeinak berekin baitzekarren gordetzea ituneko artikulu jakin bat, estatuaren legeak erlijio islamikoan oinarritzen direla jasotzen duena. Han onartu zuten, gainera, behin parlamentua osatu eta gero idatziko zutela konstituzio berria. Horren eraginez, handik hilabete batzuetara, 58 alderdi politikok elkar hartu zuten, eskatzeko hauteskundeak baino lehen idatz zedila konstituzioa, gero parlamentuko gehiengoaren mende gera ez zedin.

Islamistak, bada, etekina atera diote egoerari. Mansurren ustez «haiek badute oinarri bat, baina alderdi berriek sustraiak errotu gabe dituzte oraindik». Egia esateko, iraultzan parte hartu badute ere, armadaren jarreretatik gertuen daudenak dira, eta behin baino gehiagotan agertu dute elkarrekiko sinpatia. Islamistena izan da, hain zuzen, trantsizio honetako indar erakustaldirik handiena, joan den ostiralean milioi bat pertsona baino gehiago bildu baitzituen Tahrirren Egipto islamikoa aldarrikatzeko.Hazem manifestazio hartan izan zen ere, kamisetarik gabe, herrialdea islamizatzearen kontra dagoela adieraztera joanda: «Neguan denok elkar hartuta lortu genuena bereganatu nahi dute. Hipokrita hutsak dira». Ez dago kontentu gainerako alderdi politikoekin ere; haren ustez, «pastelaren zati bat baino ez dute nahi».

Gutxi batzuek bakarrik daukate garbi norantz doan herrialdea, eta, argiak baino gehiago, itzalak ikusten dituzte askok.

Mansurren iritziz, sistema berri batek, zinez demokratikoa nahiz berriro ere autoritarioa izan, urte asko behar ditu errotzeko. Haren ustez, «urrats garrantzitsua dira bozak, baina sistema konplexu bat da demokrazia, eta ez da botoa ematean bakarrik oinarritzen». Demokrazia lortzeko, hark ziur dioenez, «ohiturak aldatu beharra dauka jendeak». Hala ere, sortzen dituen zalantza mordoa gorabehera, badu alde on bat trantsizioak, bai baita hobera egin duen zerbait. Nadim eta Hazem bat datoz honetan: «Zilegi dugu ahotsa goratzea eta estutzea». Hazemek dioenez, ez daki zer gertatuko den herrialdearen etorkizunarekin, baina Tahrirrera itzuliko da «behar adina alditan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.