Dudak, eromena eta nahigabea

Europako Ligako eta Espainiako Kopako finalak galdu izanak ezin du estali Athleticek egin duen denboraldi apartaBielsak entrenatzaile on bati eskatzen zaiona bete du: arlo guztietan hobetu du taldea

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«A lo loco, a lo loco, a lo loco… a lo loco se vive mejor», kantatu dute etengabe sasoi honetan Athleticeko jarraitzaileek. Baita Espainiako Kopako finalean kale egin ostean ere. Askoren ustez, Marcelo Bielsaren erruz egin zuen lan eskasa Vicente Calderonen talde zuri-gorriak. Hala ere, «Marcelo, gera zaitez» entzun zen ozen Madrilen. Athleticeko jarraitzaileek ez dute normaltasuna berreskuratu gura. Erotuta jarraitu gura dute. Normala da, gainera. Zaleek gutxitan bezala gozatu baitute denboraldi honetan bere taldearekin. Garai batean izandako handitasuna berreskuratu du Athleticek. Zoritxarrez, sasoian egindako lan bikaina borobiltzea falta izan zaio.

1. Hasierako zalantzak

Josu Urrutia presidenteak eta Marcelo Bielsa entrenatzaileak abian jarritako proiektua ez zen bide onetik hasi. Jokalariei kosta egin zitzaien entrenatzaile argentinarraren metodologia barneratzea. Baloia izatea eta presioa dira Bielsak gustuko duen jokoaren oinarri. Baina piezek beren lekuan egoki funtzionatu ezean, bururik gabeko oiloak dirudite jokalariek zelaian. Hala aritu ziren jokalari zuri-gorriak lehen jardunaldietan, galduta. «Bielsak egin gura duen jokoak ez du Athleticerako balio», hori zen Bilboko kaleetan gehien entzuten zen esaldia. Klub zuri-gorrien ardura hartu berri zuen zuzendaritza urduritzera artekoa izan zen taldearen joko eskasa. Malagan galdu ostean kezka zen nagusi agintarien artean. Baina ondo egindako lanak beti dauka saria.

2. Irabazle sena

Athletic ez zen egun batetik bestera itxuraldatu. Lezaman ordu asko eta asko sartu ostean hasi ziren ulertzen jokalariak teknikariak zer gura zuen. Baina behin joko sistema berriaren mekanismoak ikasi ostean, San Mamesen gutxitan ikusi den futbola egin du Athleticek. Bai etxean, bai etxetik kanpo. Jokatzeko era aldatzeaz gain mentalitatea ere aldatu baitio Bielsak taldeari. Talde alaia, erasokorra eta baloia oinetan duenean gauza asko egin ditzakeena ikusi da zelaian. XXI. mendean balio handia duen ikuskizuna ematea lortu du Athleticek. Jarraitzaile zuri-gorriek gozatu egin dute harmailetan. Hasieran «Bielsak egin gura duen jokoak ez du Athleticerako balio» zena «Athletic ikustearren merezi du sarrera bat ordaintzea» zen bi hilabeteren buruan.

Baina Bielsa ez da horrekin konformatu. Gehiago eskatu du. Lehiakorra baita oso. Ikuskizuna emateko gai den talde bat sortzeaz gain, talde irabazle bat egin du. Zer den talde irabazlea izatea? Aurkari guztiei irabazteko asmorekin zelairatzea. Eta horretarako argudioak izatea. Sportingen eta Real Madrilen kontra berdin-berdin jokatu du Athleticek, etxean zein kanpoan. Jokalariei sinetsarazi die edozein aurkari har dezaketela mendean. Eta hori gauza handia da.

3.Old Trafford

Athleticek bospasei hilabetean egin duen jokoak aho zabalik utzi du futbol mundua. Ahaztezinak izan ziren, besteak beste, Bartzelonaren kontra San Mamesen eta Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen jokatutako norgehiagokak. Baina beste guztien gainetik Old Traffordeko erakustaldia daukate gogoan futbolzale guztiek. Klub zuri-gorriaren historian gehien gogoratuko den neurketen artean geratuko da Manchester United handiaren kontra Europako Ligako final-laurdenetako joanekoan jokatutako partida. Futbol mundua Alex Fergusonen taldeak egiten zuena ikustera joan zen Ametsen antzokira, eta aho zabalik geratu zen harrobia oinarri duen talde batek eman zion egurrarekin. Txiki utzi zuen Athletic gazteak Manchester United historikoa. Old Trafforden egin zen ezaguna Athletic mundu osoan.

4.1977koa gogoan

Duela 35 urte gertatu zen legez, Athleticek jokatu dituen final biak galdu ditu. Orduan UEFA kopakoa eta Espainiako Kopakoa galdu zituen; Juventus eta Betisen aurka, hurrenez hurren. Sasoi honetan, Europako Ligakoa eta Kopakoa galdu ditu. Bi final eta bi porrot. Beraz, begi bistakoa da egindako lan aparta biribiltzea falta izan zaiola Athletici. Alde handia baitago finala jokatzen dutenen eta irabazten dutenen artean. «Athletic ezberdina da. Onerako zein txarrerako, ezberdinak izatea erabaki genuen. Horregatik dago talde hau garaipenen eta porroten gainetik», esan zuen Urrutiak Kopako finala jokatu aurretik. Egia izan arren, Athleticeko agintari nagusiak ere badaki alde handia dagoela garaile izatearen eta galtzaile izatearen artean. Athleticeko jarraitzaileen artean badira bi edo hiru belaunaldi Gabarrak egiten duen ibilbidea ezagutzen ez dutenak. Horrek guztiek beharra daukate Athletic irabazten ikusteko.

5.Gose larregi?

Bi finalak galtzeak min eman du Athleticen. Eta porrotaren adinako kolpea izan da bi finaletan galtzeko era. Zuri-gorriak ez dira lehiatu ere egin. Ez dute irabazteko aukera txikiena izan. Ezintasun horren atzean arrazoi nagusi bat dago: Athletic leher eginda ailegatu dela denboraldiko une erabakigarrienera. Bielsak gose itzela daukala erakutsi du. Horregatik, hiru lehiaketetan ahalik eta gehien lortzen ahalegindu da. Horretarako, 12-13 jokalari baino ez ditu erabili. Jokalari batzuk baztertuta izan ditu kasik —Gabilondo, Aitor Ociok eta Koikili, besteak beste; taldea utziko dute—. Eta, azkenean, ordaindu egin du. Futbolari onenak indar gabe ailegatu dira sasoiaren azken txanpara. Ondorioz, ez du irabazteko aukerarik izan. Bielsaren hutsa da hori. Ez du jakin aukeratzen. Ez du asmatu taldeak zuen indarra neurtzen eta kudeatzen.

6.Zaleen indarra

Athletic zeruko atarian geratu da. Eta taldearekin batera, jarraitzaileak. Beraz, esan daiteke zeruan sartzeko asmoa dutenek luzaroan itxaron beharko dutela, ilara handiak baitaude. Izan ere, lehendik jakinekoa zena berresteko balio izan du zuri-gorrien denboraldi arrakastatsuak. Jakinekoa zen zaleek ez zutela huts egiten une zailetan, taldeak haien babesa gehien behar izan duenean. Denboraldi honetan, ordea, erakutsi dute gozatzea egokitu zaienean krisi ekonomiko larriak ere ez dituela geldituko. Oilo-ipurdia jartzeko modukoa izan da zaleek taldeari eman dioten babesa, San Mamesen zein San Mamesetik urrun. Datuak argigarriak dira: Manchesterrera 8.000 lagun inguru joan ziren, Gelsenkirchenera 3.000, Lisboara 3.500, Bukarestera 15.000 —gehiago ezin zen— eta Madrilera 50.000 lagunetik gora. Espainiako hiriburura joan ziren asko eta asko sarrera barik joan ziren —17.000 zaleek bakarrik zuten sarrera—. Manzanaresen ibaiaren ondoko uholde zuri-gorria ikustekoa izan zen.

7.Bielsaren etorkizuna, kolokan

Behin denboraldia amaituta, laster Athleticen bidea baldintzatuko duten erabakiak hartu beharko ditu klubeko presidenteak. Guztietan garrantzitsuena entrenatzailea lotzea izango da, Bielsak sasoi baterako bakarrik sinatu baitzuen. Entrenatzaile argentinarrak ez dauka argi zer egin. Hortaz, bai Jose Mari Amorrortu kirol zuzendaria eta baita Urrutia ere teknikaria Bielsa guran ari dira. Amaitu gabe dagoen proiektuarentzat ezinbestekoa izango da zutabe nagusia lotzea, are gehiago proiektua abian jarritako lehen urtearen arrakasta kontuan hartuta.

8.Etorkizuna sendotuz

Emaitzak alde batera lagata, Bielsak lortu duena izar gutxi batzuen esku dago. Taldea hobetzea da jokalariei barruan duten onena ateratzeko gai izatea. Entrenatzaileen lana da hori, baina gutxi batzuek baino ez dute lortzen. Goi mailako entrenatzaileen esku baino ez dagoena lortu du Bielsak Athleticen: Susaetak bere kirol ibilbideko sasoirik onena egitea lortu du —sasoiko partida guztiak jokatu ditu—; Amorebietak bere mailarik onenean jokatu du berriro; De Marcosen ekarpena inork espero ez zuen mailara igo du; Iturraspe taldean pisua duen euskarri bihurtu du; Javi Martinez Europako erdiko atzelari onenen multzoan sartu du… Eta hori guztia Llorenteren, Muniainen eta Iraolaren garrantzia gutxitu barik. Horiek guztiak daude erakusleihoan. Beraz, luzea eta zurrumurruz betea izango da uda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.