Zubietaren garaipen ziurra

Bi urteotan aurrerapauso handia eman du Realak Montanierren eskutik; multzoa lehiakorra bilakatu da samur izateari utzizProiektua mamitzen jarraituko duen entrenatzailearen bila ari dira txuri-urdinak

Zubietaren garaipen ziurra.
Donostia
2013ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gehiegikerien bide okerretik barrena erori zen Reala 2007an Bigarren Mailara. Nortasuna urratuta, denbora kontua baino ez zen. Handik hiru denboraldira ekin zion joera ezkorra aldatzeari, izaera berreskuratzearen alde egin zutenean Jokin Aperribaik eta bere lantaldeak. Horrek eman zion igoerarekin amets egiteko modua. Horrek bereiz ditzake Mestallan, Mendizorrotzan eta orain egun gutxi Riazorren gertatutakoak, zelai batetik besterako aldeak. Talde izaerak. Sasoi honetan, Philippe Montanierren taldeak ez du inoiz amore eman, eta erronka gogor bakoitzaren aurrean neurria eman du. Hazteko balio izan dio, lehiakor bilakatzeko. Atletico Madrilen zelai gaiztoan irabaztea lortu zuenean igo zen laugarren postura, eta beste inork baino gehiago iraun du toki horretan. Merezitako saria jaso zuen Coruñan. Hamaikakoan, astero etxeko zortzi futbolari eta kanpotik etorritako hiru jokalari bikain nahastuz. Formula horrek beti balio izan dio helburuak betetzeko. Zubietaren garaipena izan da.

1. Mamuak uxatuz

Aurreko bi denboraldietan emaitza onak lortu zituzten txuri-urdinek etxean. Oso onak. Martin Lasarterekin 35 puntu biltzeko gai izan ziren, eta 37 puntura iritsi dira sasoi honetan. Alde txikiak, hortaz. Anoetako pentsaera irabazlea kanpora garraiatzea zen denboraldi honetako helburu nagusia. Oker ekin zioten txapelketari. Lotuta eta bigun. Malagan irabazi aurreko lau norgehiagokak galdu egin zituen Realak bata bestearen atzetik. Baina orduantxe esnatu ziren. Etxetik kanpoko garaipen bakoitzak konfiantza indartzeko balio izan zien futbolariei, zein baino zein eder eta zailagoak izan zirelako. Rosaleda, Mestalla, Calderon, San Mames eta Sanchez Pizjuanen sasoi berean gailentzea sekulako lorpena da. Lehia bakoitzeko ia bi puntu atera dituzte gipuzkoarrek Anoetatik urrun azken hamabost partidetan. Izugarria. Aurrerapauso handi horri esker gainditu dituzte muga eta baldintza guztiak.

2. Egonkortasunaren fruituak

Ikasturte amaierako azterketa gainditu beharko bazuketen bezala irteten ziren maiz zelaira hainbat eta hainbat jokalari. Behartuta, lasai jokatu ezinik. Jakin bazekiten euren ekarpenari buruzko zalantzak bazeudela harmailetan eta klubaren barruan. Montanierren etorrerarekin baretzen hasi ziren, eta pixkana barruan zuten joko guztia azaleratzen. Bartzelonako harrobiko arduradun nagusietako batek dio gutxienez bosgarren denboralditik aurrera hasi beharra dagoela etxeko jokalari gaztearen balioa neurtzen, orduantxe hasiko baita bere benetako maila erakusten. Carlos Martinez, Markel Bergara, Imanol Agirretxe eta Alberto de la Bellaren kasuak izan daitezke nabarmenenak. Neurri txikiago batean, Mikel Gonzalezena ere bai. Egonkortu egin dira, eta galdera ikurraren zama pisutsu hori atzean uztea lortu dute. Horietako bakoitzaren banako garaipenak taldea hauspotu du.

3. Multzoaren indarra

Montanierren ustez, honako hau da arrakastaren giltza: «Talde osoaren pentsaera eta jokabideari esker lortu dugu Txapeldunen Ligan sartzea». Hala esan zuen Deportivoren aurkako lehia amaitzean. Ahalegina egin du inork lo har ez zezan, guzti-guztiak partaide senti zitezen. Bere lehentasunetako bat izan da hori. Multzoa eraiki eta indartu egin nahi izan du hamaikako jakin baten gainetik. Batez ere, ezinbestekotasunak ezabatuz. Hutsuneak betetzeko gaitasuna erakutsiz Realaren jokoa ezagutzeko modukoa izan da nonahi eta noiznahi. Entrenatzaileari lana erraztu diote Zubikarai, Ansotegi, Jose Angel eta Javi Ros moduko langile isilek.

4. Joko berritzailea

Freskotasun eta bizitasun handiz jokatu du talde txuri-urdinak. Liluratzeko moduan batzuetan; ikusgarri gehienetan; dibertigarri beti. Etxean kanpoan baino erasokorragoa izan da, eta horregatik hautsiko zen gehiagotan zelai erdia. Horrela, norabide biko lehia irekiak ikusi dira Anoetan, ikuspegi tradizionaletik aldendutako pentsaerarekin jokatuak. Orekari eustea garrantzitsua da, eta atzealdeko lana zenbat eta zorrotzagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango ditu edozein taldek puntuak urratzeko. Baina, sarri irabazteko, erasoko lanean ezin da zurruna izan, taldean jokalari trebeak izanez gero batik bat. Realak baditu. Xabi Prieto, Griezmann, Agirretxe, Vela eta Castroren artean 53 gol sartu dituzte; Lehen Mailako 11 taldek baino gehiago, eta Malagak adina. Txapelketan gol gehien sartutakoen artean hirugarren taldea izan da, 69 gol sartuta. Txuri-urdinen inoizko markarik onenetan hirugarrena da.

5. Garaipen ahaztezinak

Gol zaparrada horrek partida gogoangarriak utzi ditu. Lehen itzuliko Athletic, Malaga, Valentzia eta Sevillaren aurkakoak ederrak izan ziren, esaterako. Nagusitasunez irabazi zituen lehia horiek, berez goian egoteko moduan izango ziren arerioen aurka. Horrek agerian utzi zuen fidagarri bilakatuz gero Europarako sailkatzeko aukera izango zuela Realak. Bigarren itzulian lortu zuen. Bartzelonaren aurka hasi zen festa, San Sebastian egunaren bezperan. Gau magikoa, segidan etorri zirenen iragarlea. San Mames, Vicente Calderon, Vallecas, Sanchez Pizjuan eta Riazorreko partidak gogoan gordeta izango ditu denbora luzez zaleak. Anoetan, Valladolid, Malaga eta Valentziaren aurka bikaintasunaren eremuan sartu zen. Gozamen hutsa.

6. Montanierren agurra

Zubietan finkatutako lan helburu guztiak bete ditu Montanierrek. Jokalari multzoaren balioa indartzeko eta izaera lehiakorreko taldea sortzeko eskatu zioten batez ere. Irizpide horien arabera neur daiteke Montanierren egokitasuna. Realaren izateko moduarekin bat egin zuen lehen egunetik, eta hilabeteen poderioz erakutsi zuen zer egin nahi zuen, norekin eta zertarako. Lan aparta egin du. Ez sailkapenean gailurra jotzera iritsi direlako, baizik eta Zubietako plangintza mamitzea lortu dutelako, talde indartsua eraikiz. Harengan konfiantza osoa izan dute jokalariek.

7. Etorkizuna

Frantziarraren zentzuzko lan egokiari jarraipena emango dion entrenatzaile zuhurra topatzea izango da agintarien erronka nagusia. Gerardo Martino fitxatzearen aukeraz asko hitz egin bada ere, aukera gehiago ditu esku artean zuzendaritzak. Jagoba Arrasate etxeko entrenatzaile gaztearen alde egin dezake, esaterako. Zubietara begiratuko luke, ezin hobeto ezagutzen du taldea, jokalarien konfiantza du, eta, Montanierren gisan, lana, apaltasuna eta gogoa ziurtatuko lituzke. Ez da ahaztu behar futbolari guztiek lan hitzarmenak izenpetuak dituztela eta kirol sailak jokalari pare bat fitxatzea baino ez duela buruan. Montanierrek erakutsi du izenen gainetik ideia jorratzeak duela benetako balioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.