Greba orokorra. Herrialdeak. Gipuzkoa

Grebak guztiz geldiarazi du herrialdeko martxa

Adegik %60ko oihartuna izan duela esan arren, herriek bestelako irudia eman dute

Hernaniko industrialde bat, guztiz itxita. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Jaiegun bateko itxura hartu zuen atzo Gipuzkoak: kaleak hutsik; dendak, tabernak, ikastetxeak eta lantegiak itxita; eta autoak geldirik. Grebak guztiz gelditu zuen herrialdea, nahiz eta Adegik esan hamarretik sei ere ez zirela izan lanera joateari uko egin zioten langileak.

Debagoienean, «azken urteetako grebarik handiena» izan zela nabarmendu zuten LABeko ordezkariek. Fagor (Arrasate) eta Ulma (Oñati) kooperatibetako langileek bat egin zuten lanuztearekin, baita Bergarako ArcelorMittalekoek ere.

Debabarrenean, langile gehienek egin zuten greba, salbuespen batzuekin. El Corte Inglesekoek lanera joan behar izan zuten, enpresak hala erabakita. Taldeak Eibarren dituen hiru saltokietako handiena zabaldu zuen, modu bitxian zabaldu ere: hiru ateetatik bi itxita zeuzkan, eta hirugarrena botoi bati sakatuz irekitzen zuten, bezero batek sartu edo irten behar zuen bakoitzean.

Industrian, jarraipen handia

Goierrin, oihartzun handia izan zuen grebak, «ia %100ekoa», LABen arabera. CAF, Irizar, Ampo eta Indar enpresak, esaterako, itxita egon ziren. Kontuan hartzeko da enpresa horietako askotan langile bakoitzak erabakitzen duela greba egunean lanera joan ala ez, alegia, bozketaren emaitza ez dela bete beharrekoa izaten, eta, hala ere, lanera ez joateko hautua egin zutela ia denek.

Tolosaldea erabat gelditu zuen grebak. Eta Urola eskualdean eta kostan ere beste horrenbeste gertatu zen. Azkoitian, esaterako, Sidenorreko langileek greba egitea erabaki zuten, Azpeitiko Corrugadosekoek eta Zestoako TS Fundicionesekoek bezalaxe. Lan egitea erabaki zuten enpresak —adibidez, Zestoako bainuetxea— Ertzaintzak zaindu zituen. Zumaian eta Zarautzen ere inork gutxik zabaldu zituen ateak.

Beterrin ere eragin nabaria izan zuen lanuzteak. Hernanin, Astigarragan, Lasarte-Orian, Usurbilen, Urnietan... handi zein txiki, ia lantegi guztiek itxi zituzten ateak; besteak beste, Orona kooperatibak eta Zikuñaga paper fabrikak. Urbil merkataritza guneko dendarik gehienak ere itxita egon ziren, bai eta Galarretako teknologia parkeko lanak eta Urumeako saihesbidekoak ere. Ez hala abiadura handiko trenarentzat Andoainen egiten ari diren obrak. Hernani aldea gelditu egin zen atzo, baina Donostian gune batean nabarmen aritu ziren lanean: Miramongo parke teknologikoan. Eguerdi partean jende eta ibilgailu asko zebilen. Eta autoak eta herritarrak ospitaleetan ere pilatu ziren; Donostia ospitalearen eta Onkologikoaren artean jende mugimendu handia izan zen atzo.

Donostian, denda eta tabernarik gehienek ez zuten zerbitzurik eman, goizez behintzat, eta beste horrenbeste esan daiteke Bidasokoei buruz. Irunen eta inguruko herrietan, industriguneak eta kaleak hutsik egon ziren goizean goizetik. Pasaiako portua ere geldirik egon zen. Oro har, aparteko istilurik ez zen izan, Errenterian salbu. Lekukoen arabera, lau pertsona zauritu zituzten ertzainek, goiz partean piketeekin izandako liskar batean.

Eguerdi partean manifestazio jendetsuak egin zituzten hiriburuan, nola sindikatu abertzaleek, hala CCOO eta UGT sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.