Greba orokorra. Herrialdeak. Gipuzkoa

Ia geldirik industrialde eta saltokietako jarduna

Adegik dio hamar langiletik sei lanera joan direla eta martxoko grebak baino babes txikiagoa izan duela

Errenteriako Masti industrialdea, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Ia Gipuzkoa osoa ixtea lortu dugu». Hala mintzatu zen Garbiñe Aranburu LABeko ordezkaria Donostian, manifestazioan parte hartu zuten milaka herritarren aurrean. Hiri eta herrietan denda gehienak itxita, kaleak erdi hutsik eta autorik apenas; jaiegun baten antzeko ikuspegia utzi zuen greba egunak lurraldean.

Sindikatuen arabera, industrian %70eko babesa jaso du deialdiak, eta irakaskuntza publikoan ere «arrakasta» nabarmendu dute. Gipuzkoako Aldundiarekin batera, ia udal guztiek bat egin dute grebarekin, Irungoak eta Eibarkoak izan ezik. Adegi patronalaren arabera, ordea, grebaren erantzuna %40koa izan da, martxoaren 29ko grebakoa baino txikiagoa —%60ko datua eman zuten orduan—.

Tolosaldean geldirik geratu dira enpresa eta saltokiak. 10:00 aldera mugimendu gutxi nabari zen Apattaerreka eta Usabalgo industrialdeetan; ohi baino auto gutxiago, eta eguraldi ona aprobetxatuz paseoan zebiltzan hainbat lagun, besterik ez. Usabalgoan erretako edukiontzi baten hondarrak ikus zitezkeen lurrean; bestela, ez da aparteko istilurik izan lurralde osoan.

Goierrin grebaren erantzuna «oso positiboa» izan da, ELAko eta LABeko ordezkarien arabera. Enpresa handi asko geldirik izan dira; tartean Orkli, Irizar, Indar, Ampo eta CAF. Debagoienean ere sindikatuak «oso pozik» agertu dira jasotako erantzunarekin, eta azaldu dutenez, industria sektorea «ia erabat» gelditu da. Hala ere, bi sindikatuek onartu dute aurreko greban baino kooperatiba gutxiago batu direla grebara. Bergarako Arcelor Mittaleko eta Fagor Arrasateko langileek bat egin dute lanuztearekin, besteak beste. Elgoibarren, Deban eta Mutrikun ere enpresa gehienak itxi dituzte; azken horretan, arrantza sektoreak ere babesa adierazi dio grebari, LABek jakinarazi duenez.

Urola eskualdean eta kostan ere beste horrenbeste gertatu da. Deialdiak «ia erabateko» babesa izan du irakaskuntzan, merkataritzan eta industrian. Salbuespen gisa Zumaiako GKN eta Azpeitiko Sidenor enpresak aipatu dituzte sindikatuek, horietan CCOOk eta UGTk «indar handia» dutelako.

Saltoki handiak, zabalik

Beterrin ere eragin nabaria izan du lanuzteak, enpresa handi zein txikietan —Hernaniko Orona lantegiko aparkalekua, esaterako, hutsik zegoen goiz partean—. Martuteneko industrialdean enpresa gehienak batu dira grebara, baina izan dira pertsiana zabalik lanean aritu direnak ere. Lasarte-Oriako Belartza industrialdean, adibidez, lanean aritu dira enpresa batzuk; Usurbilgo Urbil saltoki gunea ere zabalik egon da, ateak ireki aurretik piketeak pilatu arren.

Donostialdean enpresa eta denda ugari izan dira itxita. Baina, Altzan eta Herreran, adibidez, baziren irekitako hainbat saltoki. Garbera saltoki gunea ere zabalik egon da. Donostian manifestazioak kaleak hartu ahala joan dira ixten saltoki asko eta asko. Antiguatik, Amaratik eta Grosetik abiatutako hiru zutabeek milaka lagun elkartu dituzte.

Oarsoaldean eta Bidasoan ere enpresa askotan egin dute bat grebarekin; Pasaiako portuan, eta Tesa eta Niessen enpresetan, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.