Ohiz kanpoko jaialdi bat

Musika ulertzeko modu bat dauka Errobiko Festibalak, eta horrek bakana egiten du Euskal Herrian. 18. aldia bete du, eta era zein adin guztietako jendea erakarri du.

Christine Salem Reunioneko abeslariaren kontzertua ikusgarria izan zen, eta dantza batean jarri zituen bildutakoak. BOB EDME.
Juan Gorostidi Berrondo.
Itsasu
2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Bero patsa eta izerdia nonahi, baita Itsasun ere (Lapurdi). Urte osoko prestakuntza lana astebetean xahutua. Zer azpimarratu orain, eta, funtsean, galdera bakarra: zer du Errobiko Festibalak Euskal Herrian egiten diren guztien artean beste inork ez duena, baldin eta zerbait balu?

Propio horretarako baino ez da joaten hara jendea: mendiko herri txiki eder baten paisaia eta giroa dastatuz, halako izendatu gabeko eta geruza askoko etengabeko stage bat bizitzera. Adin guztietako jendeei eskaintzen zaie nolabaiteko parte hartze zuzen baterako aukera: musika eta poesia uztartuz basoan ume eta gaztetxoei; hitzaldi eta kantaldi inprobisatuak otordu inguruan egun-pasa bildutakoei; emanaldi laburrak eta lehen mailako musikari aparten emanaldiak formatu anitzetako kontzertuetan…

Hiru adibide jarriko ditut joan den astekoen artean: Andre Minvielle kantari okzitaniarra; Lyonen sortutako Nicolas Nageotte klarinete jotzailea; eta Christine Salem, Madagaskar ondoko Reunion uharteko kantaria.

Aipaturiko bi kantari horien artean egon litezke bi mutur kantagintza herrikoian. Minviellek egiten duen kantua propio da arrunta, arruntasun erabat sofistikatua bada ere. Bokalkimia izendatzen du bere kantaera, scat, blues eta raparen nahasketa hori; edozein herri xehetako modu linguistiko edo kaleko hots, aski ditu sorkuntzarako; «Roka-Rokolo», esaten omen zuen Italiako andre edadetu batek Koka Kola eta Rock'n roll nahasketari. Okzitania edo Siziliako taberna zulo batean gaude bera entzuten, presarik gabe eta solemnitate ororen immunizazio dosia barneratzen… Perkusionista trebea da bera, eta Itsasun gehien erabili zuen tresna, berriz, edozein bazar txinatarretan ordaindu gabe ematen dizuten plastikozko poltsa txuri horietako bat izan zuen.

Ahots tinbre bakoitza paisaia eta erro batzuei atxikita badago, guretzat Afrika beltza litekeen horri dago lotua Christine Salemena, emazte batengandik normalean espero ez dugun ahots sarkor grabea, berezko sakontasun eta bizitasuna dariona. Haren doinuak eta kantagintza sinpletzat genuke, lehen hitzetik ez bagenio aurreko hori antzemango. Dantzan jarri zuen berehala entzuleria eta, laugarren kanturako, ikusezinak ziren ia bera eta bere bi laguntzaileak Atharriko pilotalekuan, adin guztietako lagunak dantza etengabean. (Ohikoa al da gure plazetan hamahiru urteko gaztetxoak eta hirurogeitik gorako gizon-emakumeak —tarteko adin guztiak barne— dantzara emanak ikustea, zeharo hordi egon gabe?).

Itsasun aurten ere izan diren goi mailako instrumentisten artean, Nicolas Nageotte goraipatuko dut; ez hainbeste bere trebetasunagatik, musika ulertzeko moduagatik baizik. Bere klarinetearekin, bere saxoarekin nahiz Turkiako balaban izeneko flauta herrikoiarekin, ez dago tinbre esplorazio etengabean soilik, bere lagunen osagarri eta fusio sortzaile etengabean baizik. Musika egiteko era hori lehenesten du 80ko hamarkadan Europan eztanda egin zuen urrezko lehen free-jazz belaunaldi errepika ezin hark, eta maisu haiek oholtza gainetan jarraitzen badute ere, badute hainbat ondorengo belaunaldietan jarraitzaile bikainik.

Musika ulertzeko modu hau da Itsasun azken hemezortzi urtetan aldiro ospatu dena. Horrekin guztiarekin eta beste hainbat konturekin lotua, Euskal Herrian bakana egiten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.