Ezarian. Flyscha

60 milioi urteko historia liburua

Nazioarteko erreferentzia geologikoa da Zumaiatik Mutrikurainoko itsaslabarra. Arroka sedimentarioen sekuentzia Biotopo Babestua da.

Geruza gogorrak eta bigunak tartekatzen dira. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Zumaia
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Flyscha 60 milioi urtetako historia gordetzen duen liburua da. Zumaiatik hasi eta Mutrikurainoko lodiera du, eta irakurtzeko ez da batere erraza gainera. Geologo baten laguntza beharrezkoa da gordetzen dituen misterioak ulertzeko. Geoparkea enpresak eskaintzen du zerbitzu hori, Zumaiako kirol portutik irteten den itsas bidaian.

Itsasoaren azpian landutako itsaslabar ederrenetarikoa gordetzen du Biotopo Babestua izendatu duten kostaldeak. Izendapen horrek alderdi geologikoa zein biologikoa babestuko du. Geruza gogorrak —kareharriak eta hareharriak— eta bigunak —tuparri eta haitz buztintsuak— tartekatzen dira liburu itxura hartzen duen leku miresgarrian.

Zumaiako kirol portutik hasi da bidaia. Han elkartzen dira abenturan murgilduko diren bidaiariak eta itsasoan barrena eramango dituen itsasontzia, bi patroi eta geologoarekin. Denetariko bidaiariak daude: lau urteko anai-arreba euskaldunak zein jubilatutako atzerritar bikoteak.

Portutik atera eta berehala hasi da itsasontzia alde batera eta bestera balantzaka. Eskuinaldera, Santiagoko hondartza dago, duna originalekin. Baina berehala galdu dute begi bistaz, eta Itzurungo hondartza dago aurrean. Hondartzak xarma berezia dauka, Flyschez inguratuta baitago. Santiagoko hondartza ez bezala, Itzurungoa itsaso zabalera irekia dago. Zumaiako eta inguruko herrietako biztanleek oso gustuko duten hondartza da; ohikoa izaten da udako egun eguzkitsuetan toalla kokatzeko lekurik ez aurkitzea.

Deba aldera jarraituz, Algorriko lurmutur gorrixka dago. Itzurungo hondartzarekin muga egiten du, eta geologoak arreta berezia eskaini dio; lurmuturraren atzealdean, dinosauroak desagertzearen arrazoia frogatzen duen milimetro bateko geruza baitago.

Dinosauroak desagertzearen teoriak dioenez, Mexikoko Yucatan probintzian eroritako meteorito izugarri batek —hamar kilometroko diametroa— altxatako hauts laino erraldoiak lurra estali zuen, eguzki izpiei sarrera eragotziz. Horrela, landareek ezin zuten fotosintesia egin, eta begetazioa desagertzen joan zen; dinosauroek zer jan ez zeukatela geratu ziren. Laino hori soilik espaziotik iritsitako meteoritoek duten substantzia batez osatuta zegoen (Iridioa), eta lur osoan geruza fin bat utzi zuen. Orain, Algorriko lurmutur atzealdean aurkitu daiteke geruza milimetriko hori.

Bidaiarekin jarraituz, liburuko orrialdeak pasa eta pasa, Mendata izeneko harrizko hondartzatxoarekin egiten da topo. Geologoak tarte bat egin eta Bermeoko «Motxo» arrainontziaren pasadizoak gogorarazi ditu. Horrelako istripu batek paraje horietan izan zezakeen hondamendi arriskuaz ohartarazi eta haren erreskateak utzi zituen orbainak erakutsi ditu. Nabariak dira, itsasaldetik ere, makineria astuna arrainontziraino iritsi ahal izateko egin zituzten sei metro zabaleko bideak. Mendiaren alde batetik bestera jaisten dira, hondartzaraino, paisaiaren naturaltasuna hondatzen duten ebakiak.

70eko hamarkadako proiektu nuklearraren protagonista ere izan zen Mendata hondartza. Itsaso aldera bi kilometro eta kostaldetik barrurantz bost kilometro zituen plataforma bat eraiki nahi izan zuten. Iberduero enpresa Mendata inguruko lurraldeak erosten hasi zen, baina, zentral nuklearren aurkako mugimenduaren indarrak Debako udala lur horiek erostera behartu, eta proiektua bertan behera gelditzea lortu zen. Gaur egun, diputazioaren esku daude inguruko lurrak. Bidaian aurrera jarraitu eta azken orrialdeetara iritsita, Deba aldeko itsaslabarrek kolore ilunagoa dute Itzurun eta Algorri inguruan daudenekin alderatuta. Horren arrazoia materia organiko gehiago dutela da. Oxigenoak materia organikoaren desintegrazioan laguntzen du, eta, beraz, itsaslabarra ur azpian zegoenean oxigeno gutxiago zegoela eta geruzetan materia organiko gehiago gelditu zela ondorioztatzen dute adituek.

Deban bukatuko da liburu misteriotsua. Irakurle bidaiariak itsasontziaren balantzadekin zorabiatuta daude, beraz, buelta egiteko garaia heldu da.

Liburua irakurtzeko gogoa izan dutenentzat, informazio gehiago www.geoparkea.com atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.