Gure Artea sariak, Ana Laura Alaez, June Crespo eta Adelina Moyanori

Ibilbide artistikoari, sorkuntza lanari eta ikusizko arteari lotuta egindako lana aitortu diete, hurrenez hurren

2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ana Laura Alaez bere ibilbide artistikoagatik, June Crespo sorkuntza lanarengatik eta Adelina Moyano ikusizko artearen alde egindako lanagatik. Hiru horiei emango dizkiete 2013ko Gure Artea sariak. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Lourdes Fernandez Bilboko Alondegiko zuzendari eta epaimahaiko kideak atzo eman zituzten ezagutzera sarituen izenak Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian. Arte garaikideari dagokionez, gure herrian «erreferente bat» delako aukeratu dute Artium.

Fernandezekin batera, Sergio Prego artista eta 2012ko saridunak, Azucena Vieites artistak, Ismael Manterola EHUko irakasle eta BERRIAko kolaboratzaileak eta Xabier Arakistain arte komisarioak osatu dute epaimahaia. Fernandezek esan zuenez, eztabaida handiak izan badituzte ere, hiru saridunen izenak adostasunez erabaki dituzte.

Joxean Muñozek azaldu zuenez, Gure Artea sariek sortu zirenetik gaur egun arte bilakaera nabaria izan dute. 1982an, hiru artista gazte saritzen hasi ziren. Gaur egun, hiru ataletan banatzen dituzte sariak: ibilbide artistikoa, sorkuntza lan gazte bat eta ikusizko arloan eragile batek egindako ekarpena saritzen dituzte. Azken sari horren bitartez, artistez gain, arte munduko eragileek egiten duten lana aitortu nahi dute. «Euskal Herriko artistak ikusgarri egiteko eta jendearengan kultura eta artearekikointeresa sustatzeko» helburua dute sarien bidez, eta ez lehiakortasuna bultzatzeko helburua, Muñozen arabera.

Guztira, 65.000 euro banatuko ditu Eusko Jaurlaritzak sarituen artean.25na mila euro jasoko dituzte Alaezek eta Crespok, eta 15.000 euro Moyanok.

Hiru emakume

Aurten hiru sarituak emakumeak dira. Hain zuzen ere, horrek«poza eta harrotasuna» sortzen diola esan zuen Fernandezek saritu bakoitzaren dohainak aletzerakoan, «arte munduan ere, emakumeen kokapena zailagoa baita.»

Ibilbide artistikoari dagokion saria Ana Laura Alaezek jaso du (Bilbo, 1964). Bere ibilbidean, eskultura, marrazkia, argazkia, arkitektura, bideoa eta musika diziplinak baliatu ditu, feminitatea eta bere egunerokotasuna uztartzen dituen obra eta estetika sortzeko. Horrez gain, nazioarteko proiekzioa izan duela ere nabarmendu dute epaimahaikoek. Haren obra Parisen, Palais de Tokion, ikusgai jarri izana horren erakusgarritzat jo dute, eta hurrengo belaunaldiei utzi dien eragina ere baloratu dute haren ibilbidea saritzeko orduan. Fernandezen ustez, «arte mundutik kanpoko jendeari ere ezagun egingo zaio haren estetika».

Sorkuntza lanaren saria June Crespori eman diote (Iruñea, 1982). Bere obran irudien erreprodukzioaren erabilera esperimentala egiteko duen gaitasunak euskal sorkuntza garaikideari egindako ekarpena saritu dute. Epaimahaiak etorkizun oparoa ikusten dio artistari.

Azkenik, Adelina Moyano Valgañonek (Kordoba, Espainia, 1944) ikerlari gisa egindako lanari esker, hainbat euskal artistak beraien kokapena lortu dute arte munduan, hala nola Nicolas Lekuonak, Jose Alemanyk, Maria Blanchardek eta Maria Paz Jimenezek. Hala, euskal artistak gizarteratzea ahalbidetu izana kontuan hartu dute saritzeko. «Arteaz gozatzeko, egokia litzateke Adelina Moyanoren liburuak irakurtzetik hastea», esan zuen Fernandezek.

Sariak urriaren amaieran Artiumen bertan egingo den ekitaldi batean jasoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.