REALA 1. SEVILLA 1

Argirik ezean, kemena

Reala ez da batere eroso aritu Sevillaren joko sistema zekenaren aurka, baina merezitako puntua urratu du galtzen hasi ondorenIrailean jokaturiko sei partidetatik hiru galdu egin ditu eta hiru berdindu

Antoine Griezmann Realeko aurrelaria baloia kontrolatzen saiatzen, Sevillako hiru atzelariren artean, atzoko partidako jokaldi batean. JON URBE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Jairok (17. min.); 1-1: Griezmannek (65. min). Epailea: Velasco Carballo. Txartel horiak: Sevillako Cristoforo, Figueiras, Alberto eta Rakitici, eta gorria Calari (bi hori, 84. min.). Bestelakoak: 25.086 ikusle Anoeta estadioan.

Berdinketa guztiak ez dira berdinak. Berdin balio dute, baina ez dute gorputzaldi berdina uzten. Partidaren bukaeran ikusleak isilik gelditu ziren, ez zekiten txalo egiteko moduko partida ikusi berri zuten, edota lehen txistuak egitea zilegi zen. Iragan astean Realakberdinketa zozoa lortu zuen Malagaren aurka; atzo, aldiz, bizi eta urduria Sevillaren kontra. Agian 0-1 galtzen hasi zelako, eta bigarren zatian itxura ona eman zuelako, atzokoak aho zapore pixka bat hobea utzi zuen.

Reala Sevilla baino hobea izan zen, eta fede gehiagoz bilatu zuen atea. Baloia kontrolpean izan zuen halaber, eta aukera gehiago sortu zituen. Baina ez zituen baliatu, eta, esan bezala, berdinketa guztiek berdin balio dute: puntu bat. Puntu urria da, Realak irailean jokaturiko sei partidetatik —Ligako bost eta Txapeldunen Ligako bat— hiru galdu eta hiru berdindu dituelako.Duela justu hilabete dena zen euforia Lyon kanporatu ondoren, eta lau aste aski izan dira lehenitzalak agertzeko. Uzta eskasaren erruz txuri-urdinak jaitsiera postuetatik gertuago daude Europatik bainoago,eta egutegia urduritasuna sortzeko modukoa da: hurrengo lau partidak etxetik kanpo jokatuko ditu, bina ligan eta Europan.

Zaleak liga hasiera lasaituko zuen garaipena ikusteko asmoz joan ziren Anoetara, eta ez zen hala izan. Sevilla konforme joan zen etxera, balio handiko puntua eskuratuta. Aurkariek dagoeneko ezagutzen dute Reala eta ez diote erraztasunik ematen. Bukatu dira Anoetan libre jokatzeko aukerak, partida bakoitzean harresi bat bota beharko du. Sevillak atzean sartuta itxaron zion eta Emeryk ahal fisiko handiko erdilariak zelairatu zituen Realaren sormena oztopatzeko. Itogarria Trochowskik lehen zatian Velari eginiko zaintza.

Realak lehen zati iluna egin zuen. Sevillak oparituriko baloia alde batetik bestera mugitu zuen baina sakontasunik gabe. Kanpokoek, aldiz, izandako lehen aukera baliatu zuten. Rakiticek pase neurtua eman zion Jaiori, eta erdilari biziak bikain kontrolatu zuen area barruan Iñigo eta Bravoren gainetik loratzeko (17. min). Golak ez zuen Reala jota utzi, baina partida ez zen gehiegi aldatu. Griezmannek aukera ona huts egin zuen area barruan labaindu zenean (29. min), baina erasoko jarioa ez zen handia. Sevillak, aldiz, oparia egin zuen (39. min). Pase pare bat aski izan ziren Trochowski ate hutsaren aurrean bakarrik gelditu zedin. Baina ez. Huts egitea sartzea baino zailagoa zen.

Bigarren zatian Realak irudi askoz hobea eman zuen. Arrasatek aldaketa taktikoekin asmatu zuen: Griezmnann ezkerrera, Castro eskuinera eta Vela pixka bat gorago. Izaera ere aldatu zen, oldarkorrago zelairatu baitzen, eta gola bi aldagai horien fruitu izan zen (65. min). Velaren erdiraketa Griezmannek jo zuen buruz, eta berak ehizatu zuen Beto atezainaren aldaratzea gola sartzeko. Aurrelari frantziarra Diogo baino aztiagoa ibili zen.

Hortik aurrera Realak jokatu zuen bakarrik, Sevillak muzin egin ziolako partidari. Are zekenago jokatu zuen, eta bide batez, oso serio. Emeryk defentsa mugimenduak ondo lantzen ditu eta jokalariek diziplina handiz bete zituzten aginduak. Puntua altxorra zen eurentzat. Seferovicen irteeran mesede egin zien etxekoei, baina ez zuten golik lortu. Reala ez da iragan sasoikoa eta presek ez zuten lagundu. Egoera deserosoa da eta jokalariek badakite, zelai gainean nabaritzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.