Laboral Kutxa 84. Maccabi Tel Aviv 80

Sinesteko arrazoiak

Laboral Kutxak lehen zatian ondo jokatu du baina azkenean sufrituz irabazi du, eta zaleen itxaropena piztu du Euroligaren hasieranAzken txanpan, gauzak okerren zeudenean, Heurtelek zazpi puntu sartu ditu jarraian

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Laboral Kutxa Baskonia. Hodge (6), Causeur (8), San Emeterio (12), Nocioni (9), Hamilton (16) -hasierako bostekoa- Heurtel (11), Kelati (2), Jelinek (9) eta Pleiss (12).

Maccabi Tel Aviv. Rice (8), Ingles (17), Blu, Hickman, Schortsanitis (2)-hasierako bostekoa-Ohayon (9), Smith (6), Pnini, James (8), Tyus (4) eta Landesberg (6).

Markagailua. 24-18, 48-38 (atsedenaldian); 62-61 eta 84-80.

Epaileak. Belosevic, Lopes eta Bissang. Ezuten inor kanporatu faltenagtik

Bestelakoak. 8.500 ikusle Gasteizko Buesa Arena pabiloian.

Sinesteko arrazoiak dira. Sasoi honetako Laboral Kutxa izan daitekeenaren lehen argi printzak ikusi ziren atzo. Sergio Scariolok talde bat du buruan eta lehen zirriborroa kantxaratu zen, batez ere lehen zatian. Gogor defendatu, oso gogor, eta ziztu bizian jokatu. Planak, baina, bi laurden bakarrik eutsi zion, Maccabik matrikula hartu eta joko hori oztopatu zuelako. Kanpokoek gora egin zuten eta partida eskura izan zuten azken txanpan, baina orduan Heurtel jeinua agertu zen. Heurtelkeria ausartak egin eta zazpi puntu jarraian sartuz taldea erreskatatu zuen.

Sasoiko lehen garaipena lortu zuen, baina era berean beste albiste on bat jaso zuen Laboral Kutxak. Tibor Pleiss eta Lamont Hamilton Euroligako pibotak dira. Andres Nocionirena jakina zen. Bakoitzak zati bikain bat egin zuen Maccabiko uztaipeko jokoaren aurka. Hamiltonek bigarrena eta Pleissek lehena. Bayern Munichek eskaintza bikaina egin omen du harengatik, Kerejetak hobe du ez onartzea.

Laboral Kutxak lehen minututik erakutsi zion Maccabiri egun gogorra izango zela. Etxekoak hozka hasi ziren, Buesa Arenan aspaldi ikusi ez bezala hozka egiten. Pase eta saskiratze errazik ametitu gabe, eta errebotea ehizatu bezain laster korrika eginez. Trantsizio jokoa nahi du Scariolok eta atzo jokalariak arnas-estuka ikusi zituen aurrera eta atzera eginiko lasterraldiengatik. Defentsak fruitua ematen zuela ikusita jokalariak hazi egin ziren eta lehen laurdenean Nocioni, Hodge eta Pleiss izan ziren uztairako bidea aurkitu zutenak.

Pibot alemaniarrak Gasteizera iritsi zenetik jokaturiko minutu onenak eskaini zizkien zaleei bigarren laurdenean. Taldeak berdin jarraitu zuen, atzean Maccabi estu zaindu eta kontraerasoan., Hori, baina, beti ez da posible, eta jokoa gelditu zenean Pleiss izan zen itsasargia. Hura bilatu zuten uztaitik gertu eta gaina hartu zien Maccabiren pibotei. Ezker zein eskuin kakoz, asistentziak, erreboteak... Haren eskutik, eta San Emeteriok azken segundoan sarturiko hirukoari esker etxekoak aurretik iritsi ziren atsedenaldira (48-38). Zerbait zuzentzekotan, galduriko baloiak.

Lehen zatiko zirrara apurka urtu egin zen hirugarren laurdenean. Maccabi ere serio jarri zen zaintza lanetan. Partida moteldu egin zuen, bere erritmora egokitu eta apurka gerturatzen joan zen. Pleissek ez zuen jokatu laurdeneko azken minutura arte eta nekeak Laboral Kutxaren grina zamatu zuen. Nocionik ahalegin handia egin zuen, baina arnasarekin batera zentzua galdu eta baloi asko eman zituen. Maccabi, aldiz, bere saltsan ari zen, etxeko taldea urduritzen. Laurdenaren bukaeran puntu bakarragatik zen atzetik (62-61).

Laboral Kutxari hegoak moztu zizkion Maccabik, eta jada ezin zuen korrika egin. Hamilton Schortsanitisekin borrokan ari zen eta ez zegoen saskiratze errazik. Israelgo taldeak partida osoan sartu gabeko hirukoak pilatu zituen eta aurretik iritsi zen azken txanpara (73-75, 36. min). Laboral Kutxak jota zirudien, galduta, baina ezusteko gonbidatu bat iritsi zen orduan: Thomas Heurtel. Hiru buruz buruko jokaldi egin eta zazpi puntu sartu zituen. Haren ausardiak eta meritu handiko bi defentsak, irribarrez bidali zituzten zaleak etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.