Agurtzane Intxaurraga. Antzerkigilea

«Niretzat bizitza profesionala eta pribatua bat dira, banaezinak»

Emakumeen ezkutuko lana. Emakumeen ezkutuko sufrimendua. Horiek izan ditu azken bi gaiak. Bera ez da ezkutatzen. Gauzak kontatzeko beharra eta gogoa ditu akuilu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ia hiru hamarkada daramatza Donostian bizitzen, baina oraindik bizkaieratik hitzen batek ihes egiten dio Agurtzane Intxaurragari (Orozko, Bizkaia, 1966). Itsasoaren emazteak antzezlana estreinatuko dute Hika Teatro antzerki konpainiak eta Oinkari dantza taldeak, etzi, Tolosako Leidor antzokian (22:30). Dantza, musika eta antzerkia uztartuz itsasertzeko saregileen «adorea eta irmotasuna» azaltzen du obrak. Intxaurraga da egilea eta zuzendaria, baita aktoreetako bat ere. Miren Gojenola da saregileen rola jokatuko duen beste aktorea. Hango eta hemengo emakume saregileekin hitz egin ondoren obra bizkaieraz izango zela erabaki zuen Intxaurragak.

«Baserriko umea naiz, eta itsasoak beldurra ematen dit. Pentsatu nuen saregileekin hitz egin beharra nuela lehenik eta behin. Lehenengo egon nintzen saregile lekeitiarrekin. Gero Hondarribiko beste saregile familia batekin, baita Donostiako azkenengo saregilearekin ere. Euren hizkeran hitz egiten zidaten, eta oso garbi izan nuen kasu honetan geuk ere horrelaxe egin behar genuela. Miren [Gojenola] lekeitiarra izanik, biak bizkaitarrak, erabaki genuen bizkaieraz egitea antzezlana. Bat-batekotasunetik atera zitzaidan bizkaieraz egitea».

Bizkaieraz ala gipuzkeraz, argi hitz egiten du. Argi ikusten du antzerkian aurrera egiteko, amets egin beharra dagoela. Ofizioa amets eta pasio moduan hartu beharra dagoela, eta «eguneroko lana» dela gakoa. Hitzak lanean oholtzara igo zen denbora batez aldenduta egon ostean. Orain, berriro igoko da. Gero, «auskalo», baina antzerki munduari lotuta jarraitzeko asmo irmoa dauka.

Baserriko alaba zera, eta frankismo garaiko umea. Nola jaso zenuen antzerkiarekiko zaletasuna?

Neuk ere ez dakit oso garbi. Nire familian ez da inor egon antzerkiaren munduan. Beti izan ditut kezka eta jakin-min kultural handiak. Baserrian bizitzeak bere trabak zituen kulturaren munduan murgiltzeko, egia da. Nire gurasoekin asko joaten ginen jaialdietara, musika emanaldietara frontoietara. Hori mundu guzti hori asko xurgatu genuen ume-umetatik. Baina antzerkia eta halakorik ez. Etxean esan nuenean antzerkia landu nahi nuela ez zuten oso ondo hartu. Ez zen beraiek espero zutena.

Zuk zeuk noiz sentitu zenuen antzerkiaren arra?

Lehenengo sentitu nuen dantzaren arra. Baina ezinezkoa zen. Euskal dantzatan aritzen nintzen herriko taldean. 17 urterekin lehen soldata jasotzean saiatu nintzen dantza klasikoa ikasten. Oliteko dantza jaialdira joan nintzen ikastaro batera. Kasualitatez Maskaradak antzerki proba bat egin zuen, Gastibeltzaren karabinak lanerako. Erakarri ninduen. Orduan kazetaritza ikasten hasia nintzen, eta euskara irakasten nuen. Antzertin sartzeko deialdia zegoela esan zidan lagun batek, eta aurkeztu egin nintzen. Duela 27 urte izan zen. Orduz geroztik bizi naiz Donostian. Nuen lana utzi, eta Donostiara joan nintzen. Gogorra izan zen familiarentzat. Kosta egin zitzaien ulertzea. Mundu erabat ezezaguna baitzen beraientzat.

Berriro oholtzaren gainean zara Itsasoaren emazteak lanarekin. Antzerkia emozioa dela esan izan duzu behin baino gehiagotan. Emozio oso desberdinak dira obra bat zuzentzea eta antzeztea?

Bai, baina oso osagarriak dira. Ni aktore gisa hezi izan naiz. Gerora etorri zen idaztearena eta zuzentzearena. Uste dut urte hauetan asko ikasi dudala taularen gainean, han jaso ditudala oinarri guztiak. Eta ikasi dudala aktoreen psikologiaz ere. Ikasi dut analizatzen edo ulertzen beraien beldurrak zein diren, segurtasun gabeziak, egoak... Denetarik daukagu. Kanpoko begiradak asko lagundu dit neure burua analizatzen. Orain oholtzaren gainean oso natural sentitzen naiz. Ama izan nintzenean pixka bat aldendu nintzen aktore lanetik. Nire erabakia izan zen. Horrek ez du esan nahi orain obra guztietan azalduko naizenik, ez, ez... baina noizbehinka bai.

Egoak eta beldurrak.Zer da zailagoa, aktorearen egoa ala beldurra kudeatzea?

Biak dira gainditu beharrekoak. Muturrean daude biak, eta ez batak ez besteak ez dizu arnasa ondo hartzen uzten. Uste dut biak antzematen direla. Ez gara horiez oso kontziente izaten, eta ondo dago ondokoak esatea.

Antzerkiak hunkitu egin behar du ikuslea, zerbait sorrarazi behar dio. Baina emozioak ez al dira zenbaitetan gogoetarako traba?

Ez, guztiz kontrakoa. Ez baduzu emoziorik sentitzen, gero ez duzu gogoetarik izango. Antzokitik atera eta berehala ahaztu egingo zenuke ikuskizun hori. Edozein emozio izan liteke, baina ukitu behar zaitu. Barrez leherrarazi zaituelako, negarra atera dizulako, edo galdera bat sortu dizulako. Era guztietako antzerkien alde nago, baina emozionatu egin behar zaituzte gero gogoetarako bidea emateko.

Eta sortzaileak emozioetatik ala arrazoitik abiatu behar du?

Ni saiatzen naiz obrarekin ni neu hunki nadin lehenengo, bestela ezinezkoa litzateke hori taldeari transmititzea. Nik batez ere lantzen dut egitasmoarekin emozionatzea. Itsasoaren emazteak lanean 60 pertsona gaude agertokian. Nire erronka da 60 horiek benetan proiektuarekin maitemintzea. Guk geuk maitemindu behar dugu lehenengo gero beste norbait maitemintzeko. Horrelako talde handiarekin aurrenekoz egin dut lana, eta babes handia izan da.

Ezkutuan lan egiten duten emakumeak dira protagonistak lan berrian. Hitzak aurrekoan tratu txarrak ezkutuan sufritzen dituztenak. Ezkutukoa azalarazteko balio du arteak?

Bai, baietz uste dut. Nik ere galdetzen diot neure buruari hori. Jendeak esan dit: «Berriro ere emakumearen gaia landu duzu». Igual da asko daukagulako kontatzeko, urte askotan isilik egoten erakutsi digute, eta uste dut badela garaia ez bakarrik ahoa irekitzeko, baizik eta gogoa daukagulako zerbait kontatzeko. Kontatzeko daukagun hori interesgarria dela iruditzen zait.

Generoen arteko berdintasunarena du erronkarik handiena antzerkiak eta sorkuntzak egun?

Gai garrantzitsuenetakoa da niretzat. Nire bizitzan ere erronka bat da. Akaso baserri mundutik natorrelako, edo inguruan egokitu izan zaidalako, baina iruditzen zait asko hitz egiten dela berdintasunaz eta giza eskubideez, politikariek batez ere, baina gero ahaztu egiten dugula gure etxeetan zer gertatzen den, edo telebistetan zer erakusten diguten, gure umeek zer jolas egiten dituzten... Teoria asko dago, baina praktika oraindik ikaragarri falta da. Ni neure kezkak azaleratzen saiatzen naiz, egia da. Eta nire kezka nagusietako bat hori da. Nire hiru semeak kontura daitezela mundu honek berdina izan behar duela emakume eta gizonezkoentzat. Baina ikaragarri geratzen zaigu egiteko.

Asmo sozialeko antzerkia egiteak gerturatu egiten zaitu ikuslearengana. Urrutiratu?

Ez nago ziur. Jende askok esaten dit: «A ze gaiak»». Nahiago dutela antzerkira joan eta euren arazoez ahaztea, telebistarekin edo zinemarekin egiten den bezala. Gertutasun hori ez daukat hain erraz. Ulergarria da arazoak ahaztu nahi izatea, baina horrek ez du esan nahi denok egin behar dugunik iheserako antzerkia. Hala ere ez dut amore eman nahi, ez dut gaiei dagokienez bestelakoetara makurtu nahi.

Hiru semeak aipatu dituzu. Ohikoa da zu amatasunaz hitz egiten entzutea. Ez da horren ohiko gainerako sortzaile askorengan. Gutxiago gizonezkoak aitatasunaz.

Niretzat, bizitza profesionala eta pribatua edo familiakoa, biak dira bat. Banaezinak dira, etengabe daudelako harilkatuak. Normal-normal hitz egiten dut nire eguneroko kontuak direlako eta lanean eragiten dutelako. Ez da ama naizelako bereziki. Hori bai, gizarte honek ez du asko errazten familia eta lana uztartzearena. Oso gutxi, oraingoz. Nik oso erosoa izan dut nire bikote lagunak oso natural eraman duelako nire lanbidea.

Antzerkiak amets egiteko balio duela esan izan duzu. Baina baita egun antzerkitik soilik bizitzea ezinezkoa dela. Amets egitearen eta bizimodua ateratzearen artean zein duzu lehentasun?

Krisi handiko egunak bizi izan ditut, baina aukeratu behar banu, biak batera. Orain arte bezala. Horrek ematen dit indarra jarraitzeko. Amets egiten jarraitzen dudalako jarraitzen dut mundu honetan. Zure lanak ez badizu ilusiorik sortzen horrelako krisi garai batean... egun beltz edo gorritan etsi egingo nuke. Oraindik egun batzutan galdetzen diot neure buruari zer arraio egiten dudan mundu honetan, hiru seme izanik, hipoteka bat ordaintzeko... Baina proiektu berrietan murgiltzen naiz eta ilusioa pizten zait. Gora-beheratsua da gure bizimodua, eta gurekin bizitzea ere bai. Emozio askotako pertsonak gara, eta emozio batek jartzen gaitu mendi tontorrean, eta hurrengo egunean dena beltz ikusten dugu, biharko lana baduzulako akaso, baina ez etzirako... eta horrek sortzen dizu antsietatea.

Krisia. Posible da antzerkiaz hitz egitea krisia aipatu gabe?

Antzerkia beti egon da krisian. Hori daukagu ona, ohituak gaudela ezinegon horretan bizitzera. Krisia gehiago nabaritzen dut udaletara deitzen dudanean eta negarrez eurak hasten zaizkidanean. Eta ez gu. Ez dut uste guk maila jaitsi dugunik, eta borroka egiteari utzi diogunik. Hori bai; gure prezioa jarri udalei, eta den-denak saiatzen dira merkatzen. Asko ari dira estutzen.

Negarti fama duzue, hala ere, antzerki mundukoek.

Pentsatzen dut negar egiten dugula lanak sortzen digun egonezinagatik. Nire kasuan, nik neuk neure enpresa daukat eta langileak ere bai, eta ez diot neure buruari aukerarik ematen negarretan geratzeko. Negar egin bai, baina jarraitu aurrera, ze bestela ez dago zereginik. Nik nabarmenduko nuke benetan lan egiten ari garela krisi honetatik ateratzeko.

Antzerkia dago krisian ala antzerkiaren merkatua? Esaterako, musikariek egin dute saiakuntzarik azken hamarkadan diskoen industriaz gain bestelako bideak arakatzeko, eta garai berrietara egokitzeko. Antzerkiaren munduan egin al da ahalegin hori?

Gertatzen dena da duela urte batzuk gobernuek behartu gintuztela antzerki taldeak enpresa bilakatzera. Azpiegitura batzuk sortu dira antzerkiaren munduan,eta horiei eustea da gure erronka. Guk jarraitu behar dugu zergak ordaintzen berdin-berdin, merkatuan prezioak ikaragarri jaitsi diren honetan. Guk lehiatu behar dugu merkatu librean beste batzuekin zeinak ez diren enpresa, eta zerga askoz ere gutxiago ordaindu behar izaten duten. Beraien ordainsaria ere askoz ere merkeagoak dira. Non dago erdibidea? Baina dena da kapitalismo erraldoiaren mende gaudelako.

Merkatuaren arauen mende hain nabarmen egoteak nola eragiten du antzerki sorkuntzan? Gauza komertzialagoak egiteko joera dago?

Bai, eragiten ari da. Joera izan liteke gauza errazagoak sortzekoa, eta aktore gutxiagorekin lan egitekoa, eta eszenografia xumeagoarekin... Ez da txarra hori. Ez dut esan nahi balio duten obrak direnik izugarrizko muntaketa dutenak. Maletatxo bat soilik behar duen muntaketa izan liteke sekulako lana. Baina egokitu beharra daukagu. Hitzak lanean horregatik sartu nintzen ni bosgarren aktore modura. Horrela apur bat aurrezterik geneukalako. Une horretan ez nuen sentitzen beharra aktore lanean jarduteko. Behar ekonomikoak eragin zuen, eta hortik etorri da oraingoa egitea ere. Itsasoaren emazteak ekoizpen handi samarra da, baina elkarlanean egin dugu Hika Teatrok eta Oinkarik. Bestela ezinezkoa litzateke. Egun ez bada ekimen pribatu sendo batetik, eta antzoki handien elkarlanarekin, ezin da egin produkzio handirik. Txikira jotzen dugu gehienok. Zorakeria izango litzateke egun konpainia bakar batek, esaterako, 14 aktore dituen obra bat ekoiztea. Horrek ondorio bat dakar: joera da denok gauza berdintsuagoak egitea. Gauza gehiegi dago formatu berekoa.

Eta antzerkiaren sektoreak egin al du gogoeta bateraturik egoeraren inguruan?

Nik uste dut badaudela saiakuntzak. Baina krisi garaietan iritzi bateratuak lortzea ere zailagoa izaten da, egoera oso larriak daudelako. Norberak bere burua oso larri ikusten duenean ahaztu egiten da ondokoaren beharraz, eta soilik pentsatzen du bere etxera nola eraman jatekoa. Ziur aski transbertsalitate gehiago egon beharko litzateke gure artean eta hori guztia. Baina nik uste dut gaur-gaurkoz bakoitzak ahal duena egiten duela bere atzea salbatzeko. Uste dut egoera orokorra dela, eta ez soilik antzerkiarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.