Juanjo Lertxundi. Terapeuta transpertsonala

«Bizitzan benetan zer lortu nahi dugun ez jakitea da arazorik handiena askotan»

'Ausartu zaitez!' izeneko autolaguntza liburua idatzi du Lertxundik. Bizitza aldatzeko aukera badagoela aldarrikatu nahi du lanarekin, eta horretarako hainbat gomendio ematen dizkio irakurleari.

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Erantzunen bila hasi zen yoga egiten Juanjo Lertxundi (1969, Usurbil), orain dela hamabi urte. Denboraldi txarra pasatzen ari zen, eta mamuak uxatu nahi zituen. Bizitzan aldaketak egiteko arrastoak ematen ditu orain Ausartu zaitez! (Txertoa) autolaguntza liburuan, euskaraz. Errotik aldatu du berea berriki. Informatikari gisa zuen lanpostu finkoa utzi, eta Gausartu zentroa ireki du Donostian, terapeuta gisa jarduteko. Hainbat herritan yoga klaseak ere ematen ditu.

Terapeuta transpertsonala zara. Zer egiten duzu?

Gidari papera jokatzen dut. Lortu nahi ditugun helburuen atzetik guztiok dauzkagu gure itzalak. Itzal horiek bizitzako esperientzia txarrek, traumek eta sinesmenek osatzen dituzte. Eta blokeatu egiten gaituzte. Gidariak iluntasunean argia jartzen laguntzen du. Bidea markatzen du, baina erabakiak bezeroak hartzen ditu. Momentu jakin batean arazoei aurre egiteko laguntza da terapeuta; ez du mendekotasunik sortu behar. Bizitzan benetan zer lortu nahi dugun ez jakitea da arazorik handiena askotan. Pertsonalki zer lortu nahi dut bizitzan? Bikotearekin, lagunekin? Hori ez badakigu, galduta sentitzen gara. Behin zer lortu nahi dugun jakinda, bide erdia eginda dago, eta horretan buru-belarri sartzea da kontua.

Nola otu zitzaizun autolaguntzarako liburu bat idaztea?

Gisa honetako liburu asko irakurritakoa naiz. Guztiak gaztelaniaz dira. Euskaraz idazteko gogoa nuen, baina ez nintzen ausartzen. Azkenean pausoa eman dut.

Ausartu zaitez! izenburua dauka. Ausartu, zertara?

Bizitzera. Guztiok dauzkagu gure helburu eta ametsak, baina, askotan, ez gara ausartzen aurrera ateratzen. Bizitza bakarra da, eta benetan betetzen gaituen horretara bideratu behar dugu gure energia.

Zer aurkituko du irakurleak?

Aldaketa horiek egiteko zantzuak. Telebista erosten dugunean, gidaliburu batekin etortzen zaigu, baina bizitzan ez dugu horrelakorik. Hutsune hori bete nahi du lanak. Jaiotzen garenetik, gorputza, burua eta emozioak dauzkagu. Hiru alderdi horiek ongi erabiltzen ikasi behar dugu.

Emozioetan, beldurra aipatzen duzu.

Bai, hala da. Beldurra diogu ia guztiari: lana galtzeari, ez asmatzeari, desberdinak izateari eta maitatuak ez izateari. Baina beldurrak mugatu egiten gaitu, eta ez digu uzten mugitzen.

Bizitza aldatzeko lehendabizi geu aldatu behar dugula diozu.

Niri ez dit balio jendeak 'ni horrelakoa naiz eta kito' esatea. Gure bizitzarekin konforme ez gaudenean aitzakiak jartzen ibiltzen gara. Ingurukoei, gurasoei edo bikotekideari botatzen diegu errua. Gobernuari begira jartzen gara. Nik uste dut beti dagoela gure bizitza aldatzeko aukera; liburuaren funtsa hori da. Eta, horretarako, lehendabiziko pausoa ni neu aldatzea da.

Norentzat dago idatzita?

Edonorentzat idatzita dago. Liburuak geratu eta hausnartzeko modua eman nahi du. Lozorrotik esnatzeko. Nik uste dut irakurle bakoitzari modu batean eragingo diola, baina amaitutakoan ideia batzuekin geratzea da garrantzitsuena.

Pertsona ospetsuen aipu ugari daude liburuan.

Askotan, hitzak soberan egoten dira, eta esalditxo batekin nahikoa izaten da. Joxean Artzeren bi olerki eta Jon Maiaren Heldu gerritik abestia azaltzen dira tartean.

Gausartu zentroko zuzendaria zara. Zer egiten duzue zentroan?

Orain dela bi hilabetetik dago martxan. Gauzatu eta ausartu hitzetatik dator. Yoga, meditazioa eta bakarkakoterapiak egiten ditugu.

Autolaguntzarako zein metodo daude?

Teknika eta bide asko daude, eta guztiak izan daitezke baliagarriak. Bakoitzak aurkitu behar du bere izaerarekin egokitzen dena.

Horietako bat da yoga. Zer abantaila ditu?

Gelditzeko aukera ematen du yogak. Barrura begira jarri eta bakoitzaren izatera bueltatzen laguntzen du. Etxera itzultzearekin konparatzen dut nik. Arreta lantzen da, batik bat: gorputza nola dagoen sentitzen ikasten da, eta zer emozio eta zer pentsamendu ditugun. Arreta jartzen dugun momentutik emozioak eta pentsamenduak aldatzeko aukera dago.

Gero eta ohikoagoa da autolaguntzarako metodoetara jotzea. Zer dela eta?

Gizarte kontsumista eta berekoi batean bizi gara, eta jabetzari ematen zaio garrantzia beste edozeri baino gehiago. Baina ondasun materialek ez dute zoriontasuna ematen. Jende asko ari da ohartzen barrura begira jarri, eta izateko moduari erreparatu behar zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.