Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Loiu, ametsaren abiapuntua

Athleticeko milaka zale jada iritsi dira Bukarestera, eta gaur-biharretan iritsiko dira beste asko eta asko, biharko finala zuzenean ikusteko. Loiutik 33 hegaldi berezi antolatu dituzte denera.

Athleticen hainbat jarraitzaile, atzo, Loiuko aireportuan, hegazkina hartzeko zain. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
San Mames txiki bat zirudien atzo Loiuko aireportuak. Atzo arratsaldeko argazki bat nahikoa da ilusioaren definizioa zehatz-mehatz ulertzeko. Zoragarria dator maiatza Athleticeko zaleentzat, eta Loiu izan zen ilusio horren lehen geltokia. Jokalariak barruan zirela, 15:45ean abiatu zen lehen Jumbo-a Bukarest aldera, eta 500 bat zale joan ziren eurekin batera lehen hegaldi horretan. Tantaka-tantaka, lehoiz betetzen hasi zen Errumaniako hiriburua. Loiu-Bukarest lotura egingo duten 33 hegaldi berezi daude antolatuta atzo hasi eta bihar arte, eta jendetza handia da horren batuketa. Zortzi hegaldi izango dira gaur, eta 24 bihar, partidaren egunean bertan.

Loiutik Bukarestera zuzenean joango diren zaleen ibilbidea da hori, beste askok eta askok Europako beste aireporturen batean eskala egitea lehenetsi dutelako, Parisen eta Frankfurten, esaterako. Ilusio ikaragarria sortu du Europako Ligako finalak, eta ilusio pilaketa horrek Bukaresteko Konstituzio plazan egingo du bat —Athleticeko 11.000 zale inguru espero dituzte Errumanian—. Izan ere, plaza horretan egongo da Athleticeko zaleen gunea, Atletico Madrileko zaleen gunetik urrun. Enescu plazan egongo dira espainiarrak. Bi zaleak ez dira elkartuko une bakar batean ere, estadiora bertara ere leku desberdinetatik gerturatuko direlako bi taldeetako zaleak.

Itzulera ere, ondo antolatuta

Garaikurrarekin edo gabe, joaneko kopuru berbera itzuliko da ostegun-ostiralean Bilbo aldera, eta, horren jakitun, neurriak hartu ditu Aenak. Etzi goizeko 05:00etan abiatuko da lehen hegaldia Bukarestetik, eta, txandan-txandan, ostegunean bertan iritsiko dira gehienak Bilbora. Loiuko aireportua ohi baino goizago irekiko dute ostegunean. Hegaldi horietatik hamalau Gasteizera bideratuko dituzte, eta joanekoan ere zazpi hegazkin abiatuko dira Forondako aireportutik, nahiz eta kopuru horrek gora egin dezakeen datozen orduetan.

Jakina da Athleticeko eta Atletico Madrileko zaleen arteko harremana ez dela onegia, eta segurtasun neurri zorrotzak hartuko dituzte bi taldeetako zaleen segurtasuna bermatzeko. Errumaniako Poliziaren esku egongo da segurtasuna (Errumaniako 500 bat polizia daude prest). Aspalditik ari dira lanean polizia horiek, eta Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren laguntza izango dute. Lau ertzain joan ziren atzo Bukarestera (horietako bi UEFAk antolatutako bileretan izan ziren joan den asteburuan), aurretik Manchesterrera, Gelsenkirchenera eta Lisboara joan ziren berberak. Athleticeko zaleen eta Errumaniako polizien artean «lotura lana egitea» izango da ertzain horien eginbehar nagusia —Espainiako polizien kasuan ere beste lau joango dira—. Ertzainek eta Espainiako poliziek aholku argia eman diete bi taldeetako zaleei: euren guneetatik ez aldentzeko.

Hainbeste zale pilatzen den kirol ekitaldietan ohikoa izaten da sarreren birsalmenta edo sarrera faltsuen salmenta, baina Errumaniako poliziek ohar bidez adierazi zuten atzo ez dagoela inolako sarrera faltsurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.