Ezarian. Zientzia

'Endeavour' Lurrean da betiko

NASAk eraikitako azken transbordadorea Floridan lurreratu da, bere azken misioa bete ondoren. Hala, 'Atlantis'-ek uztailean egitekoa duen azken misioarekin batera amaituko da transbordadoreen aroa.

xabier martin
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Historialariek diote James Cook kapitainarekin aro bat bukatu zela itsas nabigazioan. Ozeano Barean barrena hiru bidaia egin zituen esploratzaileak. Hirugarrenetik ez zen itzuli, Hawaiin hil zutelako, 1779an. Lehenengo bidaldi luzean, 1768an, HMB Endeavour ontzia baliatu zuen Ozeano Bareko hegoaldean; mundu zabaleko itsasoetan beti aurrera egin zuen belaontzi hark. Haren izena aukeratu zuen NASAk eraikitako azken transbordadorearentzat, 1987an. Endeavour atzo lurreratu zen, Floridan, Kennedy Espazio Zentroan (AEB), Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) azken misioa egin ondoren. Transbordadoreen aroa ere bukatzen ari da horrenbestez. Martxoan Discovery erretiratu zuten, eta Endeavour ere ez dute berriro espazioratuko. Atlantis geratzen da soilik eskifaia daramaten misioen aroa bukatutzat jotzeko NASAn. Uztailak zortzi dituela espazioratuko da Atlantis, NASAren egutegia betez gero. ISSra askotariko hornigaiak eramango ditu. Hura itzultzean, transbordadoreak historia izango dira.

Endeavour 1987an eraikitzen hasi ziren, Challenger ordezkatzeko. Aireratzean lehertu zen hura, urtebete lehenago, eta eskifaia osoa hil zen, zazpi astronauta denera. Sei urte geroago espazioratu zuten estreinakoz Endeavour, 1992an. Lehenengo misioa komunikazioetarako erabiltzen zen satelite matxuratu bat orbitan jartzea izan zuen. 1993an Hubble espazio teleskopioarentzat aritu zen. Hemeretzi urtean 25 misio egin ditu guztira; 4.672 itzuli eman dizkio Lurrari, eta 193 milioi kilometro bete. 173 astronauta eraman ditu espaziora. «Legatu ederra utzi du; tristea da azken lurreratzea hau izatea», esan zuen atzo Mark Kelly komandanteak Kennedy Espazio Zentroan lurreratu bezain laster; 06:32 ziren.

Endeavour Nazioarteko Espazio Estaziorako bidaietan baliatu dute gehien. Hamabi aldiz joan da hara. Azken misioa ere puntako esperimentu zientifikoak egiteko instalazioak ISSra garraiatzea izan du. Astelehenean espazio estaziotik askatu zen, eta Lurrera gerturatzeko maniobran hasi. Espaziotik zekarren abiadura asko moteldu du, popako motorrak piztuz, orduko 400 kilometrora gutxi gorabehera. Lurraren atmosferan sartzeko, ezinbestekoa zuen. Lurretik 120 kilometro ingurura sartu da atmosferan, eta marruskadurarengatik 1.000 graduko tenperaturak jasan ditu. Eskifaia komunikatzeko gaitasunik gabe gelditu da 30 minutuan, espero zuten moduan. Lurreratzea ongi joan da, pentsatuta zegoen bezala.

Estatubatuarrak, 'Soiuz'-etan

Atlantis-ek maniobra bera egiten duenean, uztailean, errusiarren Soiuz espaziontziak izango dira gizakia espaziora eramateko moduko ontzi bakarrak. Transbordadoreekin alderatuta, badira desberdintasunak. Behin erabiltzekoak dira; modulu bakarra itzultzen da Lurrera, izan ere. NASAren transbordadoreak hegazkinek egiten duten bezala lurreratzeko gai dira. Soiuz ontziak paraxutari lotuta lurreratzen dira, era pasiboan.

Kontua da AEBek ezingo dutela astronautarik bidali espaziora, baldin eta errusiarren edota txinatarren teknologia erabiltzen ez badute. Ordezko ontzirik prest izan gabe bukarazi dute transbordadoreen aroa. Hala, 2013rako eta 2014rako Soiuz-etan sei eserleku erosita dauzka NASAk. Eserlekuotarako eskubidea (335 milioi dolar) transbordadore baten hegaldia baino merkeago aterako zaie. Besteak beste, zio ekonomikoa dago Discovery, Endeavour eta Atlantis erretiratzeko erabakiaren atzean. Hirurek museoen bidea hartuko dute. Atzean geratuko da 30 urteko aro mitikoa. Astronautak transbordadorean suziri baten laguntzaz espazio-ratzen eta hegazkin baten moduan lurreratzen 1981ean ikusi zituen munduak lehen aldiz. NASAren planak zorrotz betetzen badira, uztailean ikusiko du azken aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.