Ezarian

Txioak, diseinu iturri

Twitterren jario etengabekoan galdu gabe, zenbait sortzaileren inspirazio iturri bihurtu dira txioak, eta bizitza errealera salto egin dute. Umoreari lotuta, betiere, janzteko moduko hainbat diseinu egin dituzte.

Mikel Laboaren Txoria txori eta Xalbadorren bertso bat Twitterrekin lotu ditu Joseba Beramendik. EXPRAI / MARTIN JULIAN.
Maialen Unanue Irureta.
2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bizirik dagoen hizkuntzak garaian garaiko baliabideetara egokitu behar du bizirik jarraituko badu. Hala esan zuen Luistxo Fernandezek Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketan egindako bisita gidatuan —Donostiako San Telmo museoan—: «Eguneroko bizitzaren beste kanal bat da Internet, eta euskara hor dago, bizirik dagoelako». Hitzok Axularren aipu baten harira esan zituen: «Dabilen harriari etzaika goroldiorik lotzen».

Sarean pixka bat ibiltzen denak berehala ikusiko du Tumblr eta Pinterest bezalako plataformetan ez ezik, blogetan eta Twitterren ere badagoela euskara. Mugimenduan dagoela, bizirik dagoela. Twitterrek du, ziurrenik, guztietan indarrik handiena, gaur egun: nork bere gauzak sarean hedatu ahal izateko tresna izateaz gain, sorleku ere badena. Ideien sorlekua. Twitterreko mezuen edo txioen jarioa etengabekoa da, eta jario horretan galdu daitezke norberak idatzitakoak. Edo ez. Txio bat zerbait soila da, 140 karaktere baino gutxiago duen mezua. Txio hori ez galtzeko probabilitatea handia da, baina nahikoa da mezu horrek norbaiti zerbait iradokitzea, mezua hartu eta zabal dezan.

Mezuak ez ezik, tarteka umore kutsua duten joerak ere izaten dira Twitterren. Meme deitzen zaie: horien jatorrian beste txio, irudi, bideo edo bestelakoren bat izaten da, eta zabalkunde handia lortzen dute jendeak gehitzen dizkien mezu satirikoen bidez. Guztiek etiketa bera daramate, hau da, aurretik traola —alegia, # ikurra— daraman hitza edo hitz jokoa. Twitterren jaiotako ekinaldi txikiak dira: bere horretan gera zitezkeen, baina zenbaitek saretik, bizitza birtualetik, bizitza errealera salto egiten dute.

Hala sortu zen, adibidez, #hitzmoloia etiketa eta, gerora, hitzmoloia-ren txapak. Leire Palaciosek (@anniesdelmono Twitterren) bota zuen harria: «Ernegazio momentu batengatik hasi zen dena: euskaraz ondo hitz egiten ez zuen pertsona bati zelan egiten zioten barre ikusi nuen, eta ez zitzaidan gustatu». Palacios inguru erdaldunean hazia izan da: txikitan, baina, amonak euskaraz hitz egiten zion, eta azken urteotan hizkuntza berreskuratzeko ahalegina egin du. Aldi berean, jabetu da nola inguruan baden antzeko egoeran dagoen jendea, edo txikitan ikasi ez arren, orain ari direnak euskara ikasten. Haren ustez, beldurra eta lotsa eragin diezaioke pertsona bati oraindik trebatua ez den hizkuntza batean hitz egiteak; are gehiago, trukean barreak jasoz gero: «Jendea euskalduntzearen alde baldin bagaude, ezin dugu jendea lotsatzen utzi». Palaciosek konponbidea eman nahi izan zion gaiari, #hitzmoloia-ren bidez: «Erdararekin askotan egiten dugun moduan, euskarak ere badu malgutasuna hitzak asmatuz bromak egiteko. Horren azpian ez dago hizkuntzari kalte egiteko asmorik: hizkuntzarekin jolastu eta beldur horiek uxatzeko nahia baizik».

Umorea ardatz

Eta Palaciosen harridurarako, erabiltzaile askok hark botatako harria jaso zuten: «Bat-batean jendea grazia egiten zioten hitzak idazten hasi zen: logikarik ez, baina soinu polita daukaten hitzak, euskalkietako hitzak, arraroak direnak... Denetik!». Haserrealdia jolas bihurtu zen, eta gaur egun, zakukada hitzmoloi bilduak ditu Palaciosek bere blogean: 257 hitz zerrendatu ditu, baina baditu batzuk oraindik gehitu ez dituenak, gordeta. Gehiago ere etorriko dira, ez baita zerrenda itxia. Gainera, #hitzmoloia-k saretik salto egin du, eta kalean horren arrastoa ikus daiteke: «Deustuko (Bilbo) Berbaizu euskara elkartea nirekin harremanetan jarri zen, eta haiek utzi didate txapak egiteko azpiegitura guztia». Txapek izan zuten arrakastak harrituta utzi zuen: «Ni Basaurikoa izanda, sekulako ilusioa egin zidan Donostia inguruko jendeak galdetzeak ea non eskura zitzakeen!». Lagun baten bitartez utzi zituen Donostiako Parte Zaharreko taberna batean, eta asteburu horretan bertan amaitu ziren: «Pentsa, 200 txapa egin genituen, eta erdiak baino gehiago utzi genituen Donostian! Egia da hitzmoloia bultzatu duten gehienak gipuzkoarrak direla, baina bada Iruñea inguruko lobby bat ere, baina ezin nituen Iruñeraino eraman». Palaciosek adierazi duenez, orain geldi samar badabiltza ere, irailerako edo urrirako zerbait egitekotan da Berbaizuko lagunekin batera.

Beste bi lagunek, Aritz Ibañezek (@aritzibanez) eta Joseba Beramendik (@exprai eta @martinjulian_), kamiseta eta bestelako produktuetarako diseinuak sortu dituzte, Twitterreko jariotik abiatuta. Biek Interneteko plataforma bera baliatu dute horretarako —La Tostadora webgunea—: eurek diseinua egin, eta webgune horrek kamiseta, poltsa, telefonoen babesgailu... diseinatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Diseinu guztiek dute zerbait komunean: umorez Twitterreko euskal erabiltzaileei keinu bat egitea.

Ibañezek Oak Tixertak (@oaktixertak) markapean diseinatutako marrazkien artean, bada bat zeresan handiko gai batetik abiatuta egin zuena; eztabaidaren iturria Imanol Galfarsorok greba baten inguruan idatzitako iritzi artikulu bat izan zen. Ibañezek Santi Leoneri BERRIAko Maratilan irakurritako artikuluan izan zuen horren berri, eta diseinu baterako ideia eman zion. Euskaldunen artean sortutako tribu berri batez hitz egiten zuen Galfarsorok artikulu hartan, eta horren omenez sortu zuen Ni sasi-erradikal hiper-euskaltzale chic-a naiz diseinua. Arrakasta duen Ibañezen beste kamiseta baten protagonista etiketa bat daraman diseinua da: #dizerdit. Euskal txiolarien artean jarraitzaile ugari lortu duen Aditz Trinkoaren Erret Akademiarekin —@trinkotzaindia— bat eginda sortu zuen hori: «Twitterren euskara berezia erabiltzen da, umoretsua, eta hori eraman nahi izan dut nire diseinuetara».

Beramendik ere Twitter inspirazio iturri izan du zenbaitetan, eta hark esan bezala, diseinu «friki samarrak» atera zaizkio: «Gaur-gaurkoa den zerbait —Twitter— eta hain gaurkoak ez direnak batuta egin ditut zenbait diseinu». Twitterren ikurra txori urdin bat da, eta hori Mikel Laboaren Txoria txori abestiko «eta nik, txoria nuen maite» bertsoarekin konbinatu du: txoria hitza jarri beharrean, sare sozialaren ikurra jarrita. Beste diseinu batek Xalbadorren bertso ezagun bat du oinarrian: «Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa / neure gustora nagonik / poz gehiago izango nuen / albotik beha egonik. / Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik / txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet oraindik». 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean bota zuen bertso hori Xalbadorrek, entzuleek haren aurka egindako txistuei erantzunez, eta Beramendik Twitterren eremura eraman du bertso horren bigarren zatia: «Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik / #unfollow egin didazue bainan / maite zaituztet oraindik», jarraitzeari uztea erreferentzia egiten dio unfollow hitzak.

Bakoitzaren gustuak gaitzat

Bai Ibañez bai Beramendik bestelako diseinuak ere egiten dituzte. Biek dute ofizio bat, eta marrazkiena afizioari bidea emateko aitzakia da. Beramendik, adibidez, aldarrikapen bat egiten die euskaldunei: Izan zaitez frikia, baina euskaraz: «Orain ez omen zaie friki esaten, geek omen da hitza. Nik frikitzat hartzen ditut pelikulen edo antzeko kamisetak eramaten dituztenak». Horregatik, gustuko filmeetako eszena edo esaldi mitikoei euskarazko diseinua eman die, hain zuzen, frikiak izaten jarrai dezaten, baina euskaraz: hala sortu zituen, esaterako, Star Wars sagako Ni naiz zure aita edo Taxi Driver pelikulako Nirekin ari haiz? kamisetak. Bere burua ere frikitzat dut: «Nafarroan euskalduna izatea, adibidez, nahiko frikia da: denda batean norbaitek agur esan, eta halako buelta ematen dizu bihotzak. Pentsatzen duzu: hona itzuli behar dut!», dio barre artean.

Revolution Tour izan zen Beramendiren lehenengo diseinu bilduma: «Iraultzaileak izan ziren pertsonaia politikoak hartu, eta rockaren ikonoekin nahastu nituen orduan». Hala sortu zituen, esaterako, John Lennin, edo Rolling Stalin diseinuak.

Ibañez Duguna dantza taldean dabil, eta, besteak beste, horrekin zerikusia duten kontuak diseinatzen ditu, Dantza daigun edo Xib-eroa marrazkiak, kasu. Lehengo eta gaurko musikariei erreferentzia egiten dieten diseinuak ere egiten ditu: «Iruditzen zait Euskal Herrian erreferentzia falta handia daukagula, eta kanpoko artista edo musikariak gehiago ezagutzen ditugula hemengoak baino». Kamiseta batek arreta erkartzen du Ibañezen ustez, eta «handinahikeriarik gabe», diseinuok euskal kultura edo gaietan erreferentetzat dituen horiei «omenaldi txikiak» egiteko erabili ditu. Ruper Ordorikaren betaurrekoak eta haren Ez da posible mitikoa, Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea eta Benito Lertxundi eta haren kantuak dira Ibañezek diseinatutako zenbait erreferente. Eskerrik asko esan beharrean, eskerrik soilik esatea zabaldutako joera da: Ibañezek ez duenez oso gustuko, Eskerrik? Ez, eskerrik asko! diseinua egin du, Nuklearrik ez itsasgarrian oinarri hartuta.

Axularrekzioenez, dabilenhizkuntzari ez zaio goroldiorik lotzen; euskarazko txioak izandaitezke hizkuntzari goroldiorik ez lotzeko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.