Albistea entzun

Kirol egokitua, berdintasuna lortzeko

Kirola egiteak onura handiak ekartzen dizkie bestelako funtzionaltasuna duten pertsonei. Kirol egokituaren alde lan asko egiteko badago ere, Hegalak Zabalik zentroak beste kiroldegientzako adibidea izan nahi du.

A. Garcia -

2012ko apirilak 14

Ariketa fisikoa eta kirola egitea ohitura osasuntsua izan ez eze, sozializazio erreminta ere bada. Kirola egitea onuragarria da denontzat, eta are gehiago ezintasun fisiko edo psikikoren bat duten pertsonentzat. Errehabilitazio prozesuetan lagundu, autonomia pertsonala landu, mugak gainditu eta norberaren buruarekin hobeto sentitzeko aukera eskaintzen du. Ez hori bakarrik. Gainontzekoekin batera kirola egitean, besteek daramaten normaltasuna berreskuratzen laguntzen du kirolak.

Ezintasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituzten pertsonek egiten duten kirolari deritzo kirol egokitua. Mikel Izagirre Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko presidenteak nahiago du aniztasun funtzionala terminoa erabili. «Gizarteak eboluzionatu egiten du. Elbarri eta antzeko hitzek zentzu ezkorra izan dezakete». Aniztasun funtzionaleko pertsonentzako kirol egokitua litzateke, haren ustez, termino zuzena. «Arazo psikosomatikoak dituzten pertsonak —patologia mailan izan daiteke— dira aniztasun funtzionala dutenak. Kasu honetan, gaitasun mota desberdinak esan nahi du aniztasunak. Ez bazterketa gisa, aberasgarritasun moduan baizik. Denok osatzen dugu gizarte hau, batzuk gaitasun batzuekin, besteek beste batzuekin».

Ariketa fisikoa eta horri loturiko joko eta kirolak gizakiarekin batera sortu ziren. Kirol egokitua, baina, oraintsuko kontzeptua da. I. eta II. Mundu Gerrek eragindako elbarri kopuru altuaren eraginez, kirola errehabilitazio tresna gisa erabiltzen hasi ziren. Erromako 1960ko Olinpiar Jokoetan antolatu zituzten estreinakoz Paralinpiar Jokoak, eta, ordutik, kirol egokituaren praktikak gora egin du. Egun, normalizatuta dago bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen parte hartzea kirolean, eta kirol egokitu dezentetan aritzen dira.

Erakundeen bultzada

Euskal Herrian nahiko berandu hasi ziren erakundeak kirol egokitua babesten eta bultzatzen. 1980ko hamarkadan kirol elkarte arruntetan aritzen ziren bestelako funtzionaltasuna duten kirolariak. Diputazioak elkarteak batzeko eta federazio normalizatu bat sortzeko beharra ikusi zuen, eta 2002an sortu zuten Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa.

Orotara, hogei kirol diziplinatan baino gehiagotan daude izena emanda kirolariak Kirol Egokituaren Euskal Federazioan. Surfa, snowboarda, piraguismoa, paddlea, mendia, esgrima, zaldiketa, golfa, triatloia, saskibaloia, eskia, igeriketa, eslalona —gurpil aulki batekin pistan ezarritako oztopoak saihestea ahalik eta denbora gutxienean—, boccia —petankaren antzekoa—, tenisa, mahai tenisa, arku tiroa, olinpiar tiroa, atletismoa, badmintona, xakea, judoa...

Joseba Gonzalez Kirol Egokituaren Euskal Federazioko koordinatzaileak azaldu duenez, desberdindu beharra dago lehiaketa eta aisialdiaren arteko kirolaren artean. Txapelketak egiteko, kirolak aldaketekin «bere mamia» gorde behar du. Ondorioz, bestelako funtzionaltasuna duen edozein pertsonak ezin du praktikatu edozein kirol lehiaketa batean.

Euskal Herria lurralde txikia denez, bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen kopurua txikia da beste herriekin alderatuta. Nafarroako Kirol Egokituaren Federazioak eta Euskadikoak 1.095 lizentzia banatu dituzte aurten. Edonola ere, bestelako funtzionaltasuna duten kirolari askoz gehiagok egiten dute kirola lizentziarik gabe. Ezintasun fisikoren bat dutenen artean, saskibaloiak hartzen du kirolari gehien. Psikikoen artean, berriz, igeriketa da nagusi.

Izagirreren ustez, egungo kiroldegiak ez daude prest arazoren bat duten jendearentzat. «Gabezia ikaragarriak daude; ez bakarrik sarbideari dagokionez, baita protokoloaren aldetik ere».

Horixe da, hain zuzen, Hegalak Zabalik fundazioak martxan jarriko duen kirol instalazioaren helburua. Protokolo zehatz batzuk jarriko dituzte abian, gerora gainontzeko kiroldegietan ezarri ahal izateko.

Pilota duen kirol egokituaren federazio bakarra da Gipuzkoakoa. «Down sindromea dutenentzat egokia da; asko dibertitzen dira, eta oso ondo jokatzen dute. Ikuskizun polita ematen dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.