Sanferminologoa

Eguzkiaren zehaztasuna

Kontu jakina da sanferminetan denboraren erlatibotasunarena. Sekula halakorik ikasi gabekoek ere natural-natural praktikatzen dute festek irauten duten bitartean.

Eguzki izpien abiadura zehatza behatzen dabiltzan zenbait sanferminologia ikasle, Iruñean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Sanferminetan orduaz galdetzen duenak galdera zientifiko zail bat egiten du. Dantzan dago mundua egunotan, eta dantzan ere, beraz, denbora eta espazioaren koordenatuak. Erakarri egiten ditu hiriak beraganantz, eta deformatuz joaten dira egunez egun. Hilabetea da argi dagoena, baina ez gehiago. Horregatik, festetan orduaz galdetzea ez da soilik orduaz galdetzea; lurraren eguzkiarekiko posizioaz, eguzkiaren galaxiarekiko posizioaz, galaxiaren unibertsoarekiko posizioaz eta, batez ere, zorabio galaktiko —eta ez hain galaktiko— horretan norberak duen joeraz galdetzea da. Ekuazioa ez da erraza. Eta zientzialaria ez da, beraz, gehiegi larritu behar zer ordu den galdetzean jendeak erantzuteko behar baino denbora gehiago hartzen badu. Nor bere burua unibertsoan ikusi beharra ez da erraza. Ondorioa argia adituen ikerketetan (Larrion, P., 1995; Elola, N., 2009): sanferminetan ez da erlatibitatearen teoriarik ikasten, praktikatu egiten da.

Oso presente dago erlatibitatea sanferminetan. Festaren jatorrian bertan. Roldan Jimeno Jurio historialariak frogatu zuenez (2003), San Fermin santu apokrifoa da. San Ferminik ez zela sekula existitu frogatu zuen. Asmazio bat zela. Halere, haren omenez, edo haren aitzakian, ospatzen dira festak. Debozioz eta intentsitatez, gainera. Sekula arnasarik hartzera heldu ez zen pertsona bat da festaren abiapuntua, eta, horregatik, nahitaezkoa da erlatibitatea Iruñeko festetan. Kontu jakina da hirian denbora erlatiboa deneko hori, eta apururik batere ez, beraz, santuaren faltsutasunarekin. Frogatuta dago iraganak orainaldian jarraitzen duela eta presente dagoela bertan etorkizuna ere (Eliot, T.S., 1936). San Fermin ez zela sekula jaio? Arazorik ez: jaioko da. Ordurako festa ederrak izango ditu zain.

Festarako denbora unitateak

Kurbatu egiten da denbora sanferminetan. Gainontzeko guztiaren pare. Eta erlatiboa da haren iraupena, baita udaletxeko erlojua berritu berri badute ere. Frogatuta dago (Einstein, A., 1905). Erlojuan pisu bera dute, baina ez benetan. Kalean bil daitezke adibideak: entzierroan zezenaren adarraren zentimetro gutxi batzura egindako bost segundoko korrikaldia; bazkalosteko hiru orduko hizketaldia; astelehen osoa; lagunekin pasatutako bost festa egunak... Dilatatu eta uzkurtu egiten da denbora festetan. Horregatik, sanferminak neurtzeko sanferminen neurriko denbora unitateak asmatu dituzte sanferminologoek. Lo izeneko unitatea da egokiena, teorialari batzuen arabera (Sobrino, I., 2011). Diotenez, zentzua galtzen dute festetan egunak eta gauak, eta, beraz, egindako lo unitateak dira neurgailurik fidagarriena. Baina ez dago irizpide bateraturik, eta beste unitatetan ere zatitzen dute denbora zientzialariek. Txarangiotan, laztaniotan, Barciniotan, konpartsiotan, prozesiotan...

Noski, sanferminak bukatzean, bukatu egiten dira neurketa horiek. Baita iruindarrik San Fermin zaleenentzat ere. Festak dirauen bitartean soilik balio dute festioek. Inork ez dio bizilagunari haurdunaldiko zenbatgarren atunjanean dagoen galdetzen, eta udaltzainek ere ez dute multarik jartzen aparkalekuan behar baino aurora bat gehiago eduki izanagatik. Sanferminetan ez dago bestelako denborarik, ordea.

Eguzkiaren abiadura da moldatzen ez den bakarra. Egunero ziurra den bakarra. Faltarik gabe, segundoko 300.000 kilometro inguruko abiadan ateratzen da eguzkitik izpia, unibertsoko beste gune guztiak bazterrean utzi, Lurra eta eguzkia bereizten dituen 146.600.000 kilometroak egin, eta, zuzen-zuzenean, festazalearen aurpegiaren erdi-erdian lehertzeko. Ordu ziurra du beti lehen izpi horrek. Zehaztasun zientifikoa. Goiz heltzen da, goizegi (Goirizelaia, I.). Zehaztasunak, baina, uzten die lirikarako tarterik ikerlaririk puntakoenei ere (Indabe, A., 2001): «Ai, gau honek pixka bat gehiago iraungo balu... txarangio xume bat gehiago baino ez bada ere...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.