Sanferminologoa

Robota negarrez

Sanferminetan Iruñean izan den orok ikusi ditu, ezinbestean, eta, gizaki itxura duten arren, gizakia baino gehiago dira, eboluzioaren hurrengo urratsa: ziborgak.

Sofistikazio handiagoko gizakiak dira sanferminetako ziborgak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ezinezkoa da sanferminetan gizakiaz hitz egitea. Bai, behintzat, gizaki soilaz hitz egitea. Bestelako gizaki motak ere agertzen baitira festetan. Beste sofistikazio maila bateko izakiak, eboluzioaren bidean urrats bat aurreragodauden entitate biologikoak: ziborgak. Kito dira Iruñean gizon-emakume gorputz biluziak, eta haragiaren berezko ahulkeriak. Beste urrats bat egin du gizakiak sanferminetan. Lerro zuzena marraztu daiteke kobazuloetan lehen makila erabiltzen ikasi zuen lehen hominido haren eta sanferminetan osagarriz beteta dabiltzan beste gizaki horien artean. Teknologia biologikoen abangoardia da Iruñeko kaleetakoa, eboluzioko zenbait teorialari kritikoren arabera (Hidalgo, G., 1985, eta Ruiz, E., 1988). DNAn ditugun akatsak zuzentzeko esperimenturik puntakoenak. Betiko ametsa laztandu daiteke hemen: Agur heriotza, kaixo hilezkortasuna.

Etikoak dira galderak sanferminetan, horregatik, eta bizia da eztabaida kale txoko guztietan. Zer da ziborg bat? Zer gizakia? Bihotz formako zenbatgarren betaurrekoak erostean gainditzen ditu batek gizakiari berez dagozkion muga biologikoak? Non bukatzen da humanoidea,non hasten robota? Zein izan daitezke balizko gurutzaketa baten emaitzak? Emango zure terminalaren telefono zenbakia? Ez dago adostasunik zientzialarien artean.

Izan dira ikerketa serioak egiteko saio gutxi batzuk jadanik (Asimov, I., 1950; Rubio, M, 2007). Baliagarri izan dira lehen saio horiek, halere, ziborgen oinarrizko festa beharrak ulertu, eta haiei nola erantzun jakiteko. Hauek dira ondorioak: txarangak (asko), pizgarri likido eta solidoak (gehiago), beste ziborgak (neurrian) eta deskantsua (gutxi). Horiekin fresko iraun dezake sanferminetan ziborg batek.

Zientziatik urrun, mito asko dago, ordea, ziborgen inguruan, eta hedatuta dago ziborgak nekatu ere ez direla egiten dioen leienda (Urionabarrenetxea, C., 1945, eta Martinez, A., 1988). Faltsua da sinesmena, ordea. Nahikoa izan da ziborg bati egun beteko jarraipena egitea horretaz ohartzeko. Esnatzen denean (horri esnatzea esaten ahal bazaio), 1,78 litro ur edaten ditu, eta 241 gramo gaileta jaten. Dutxatu, jantzi, eta atera egiten da. Jarraipena zaildu egiten da hor, baina bat-batean betaurreko argitsuekin azaltzen da. Gauean okerrago ikusi ahal izateko erosiak (2 euro), eta buru gainean belarri batzuk jarri ditu, gutxi entzun beharrean, batere ez entzuteko. Hominido masan desagertzen da.

Erdi gizaki, erdi robot

Ziborga da, masaren erdian koska bat gorago sumatzen du bere burua. Kontrolpean du dena. Badakizki neurtzen litroak, gramoak eta orduak. Ez du nekerik. Bera da eboluzioa. Areago: aingeru bat da, edertasunaren jainkosa klasikoa, santu bat. Bera da San Fermin. Festaren luzapena da bere puntako teknologiako gorputza, eta hori adierazten dute erosi berri dituen belarritako dirdiratsu eta ezpata fluoreszenteak ere: «Pi, pi, pi! Gertatu da fusioa».

Ordu batzuetara (13,2 ordu, zehazki), nekatuta sumatzen du bere burua subjektu ikertuak, bakarrik eta ahul eguzkipean. Biluzik, eta ahaztuta. Amorratuta eta suminak harturik heltzen da etxera. Nekez, eta dorpe. Ohe gainean abailtzen da. Loak hartzen du. Ziborga da: robota %50, eta gizakia beste %50. Gizakia, beraz, ehunekorik handiena. Kobazuloetan lehen makila erabiltzen ikasi zuen hominidoa da, funtsean, puntako teknologiaz jantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.