Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Ilusio bat galduta, beste bat

Athleticek aurten jokatuko dituen bi finaletik bat galduta, zaleak Bukarestetik Madrilera begira jarri dira. «Bitik kopa bat lortuko dugu», diote.

Athleticeko jarraitzaleak, lur jota, atzo, San Mamesen. Estadioan bildutako 40.000 zaleek gogotsu ekin zioten partidari, baina behera egin zuten gero, talde zuri-gorria ezinean ikusita. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Eromenak tristurarekin egin zuen talka. Bilbok gainezka egin zuen atzo Athleticek Europako Liga jokatzen zuen egunean. Ilusio handia zeukaten jarrita atzoko partidan zaleek, baina talde zuri-gorriak ezin izan zion eutsi sortu zuen ilusioari. «Gehiago merezi genuen, partida itzela egin baitugu. Hala ere, harro gaude taldeak egin duenaz», zioen zale batek partidaren amaieran. Athletic futbola eta klub bat baino gehiago dela esaten duenik bada, eta atzo argi geratu zen hori. Ospakizunen tamainak, eta jendea Athleticen alde entregatu zen moduak talde zuri-gorriak aurten sortu duen ikusminaren tamainari erantzun baitzion.

Atzo Bilbon bizi izan zen giroa hitz bakar batean laburbildu zitekeen: urduritasuna. Historian bigarren aldia zen Europa mailako txapelketako final batera iristen zela talde zuri-gorria, eta zaletuen artean hori sumatzen zen. Bi sentimenduak zeuzkaten gorputzetan, poza, eta finalaren atariko ezinegona. Goizean goizetik suma zitekeen Bizkaiko hiriburuan egun handiaren oihartzuna.Athleticen aldeko oihuak, bozina hotsak eta abestiak etengabeak izan ziren. «Gaur irabazi edo galdu urte oparoa eta ederra izaten ari da, ezbairik gabe», zioen Nahia Bilbao zaletuak. «Parranda ugari egin dugu Athleticen lorpenen harira», zioen barre artean. «Denboraldi historikoa da, inoizko onena», borobildu zuen Julen Velezek.

Une historiko horren aurrean, Bilbon zehar zortzi pantaila erraldoi jarri zituzten, eta zaletuek saldoan erantzun zioten deialdiari. Arratsaldeko 6etan, partida hasteko bi ordu falta zirela, Plaza Barria zuri-gorriz jantzita zegoen. «Partida hasi aurretik, partidan zehar eta ondoren ospatu behar da finala», Bilbaok zehazten zuenez. Eta Bilbok itxura hori zuen. Zazpikaleetako Somera kalean, Indautxuko Pozas eta hiriburuko beste horrenbeste txoko ospakizunetan murgilduta baitzegoen ordurako.

Poteo giroa nagusia zen Bilbon, «gaurkoa itzela izango da», zioen Iñaki Hernandezek. Edozein modutan, jaiarekin bat egiteko era ezberdinak zeuden. Asier Gallastegi Martin eta Maren seme-alabekin batera zebilen kalean, esaterako. «Giroaz gozatzen ari gara, denontzako partida baita, gu zaletu sutsuak ez izan arren». Azken hilabeteetan Bilbon bi finalen inguruan sortu den ikusminarekin bat egin du familia guztiak, «zaletua izan gabe ere giro honek kutsatu egiten du». Etxeko egongelatik eman zioten babesa talde zuri-gorriari, «familia giroan»

Atheticzaleak ez zirenak ere, bilbotarrekin bat egin zuten. Zazpikaleetan Realaren aldeko taberna bakarreko jabea ere eurekin zegoen. «Politikoki zuzena izanda, Athleticek irabaztea nahi dut. Gure etsaien etsaia gure lagunak baitira», zioen. Hala ere, ez zion sobera ardura Europako Ligako finalak, «baina irabazi dezala, noski».

San Mames, lepo

San Mames futbol zelaiak ere goia jo zuen. Partida ikusi ahal izateko sei pantaila erraldoi jarri zituzten. Denetara 40.000 zaletu inguru bildu ziren bertan. Hainbat ekitaldi antolatu zituzten giroa berotzeko, eta lortu zuten. Doctor Deseo talde bilbotarrak eta Oihan Vega aurkezleak hartu zuten ardura.Eta ez zuten lan zaila izan, San Mameseko giroa itzela baitzen ordurako. Baina zaleek partida nahi zuten, urduritasunari ihes egiteko, eta poztasunari bide emateko. Azkenerako horrela izango ez bazen ere.

Baina nahiek ez zuten errealitatearekin bat egin. Partida hasi eta 6 minutura urduritasuna areagotu egin baizen Atletico Madrileko Falcao aurrelariak lehen gola sartu zuenean. Ordura arte katedralean zegoen iskanbila eta zarata hotsari isiltasunak hartu baitzion lekua bat-batean. Oraindik esperantza bazegoen, eta horrela iritsi ziren berehalako animo oihuak. Isiltasuna berriro gailendu zen, ordea, 34. minutuan Falcaok bigarrena egin zuenean.

Testuinguru zailarekin igo zen zelai erdian jarrita zegoen taula gainera The Uskis talde bizkaitarra. Zaletuen aurpegi ilunak doinu alaiekin aldatzea ez zen erraza izan. Baina finalaren norabide okerra hein batean ahaztu egin zuten ikusle zuri-gorriek. «Athletic!Beti zurekin!» oihuekin agurtu zituzten. Berriz ere bigarren zatia ilusio bereziz berreskuratu zuten zaletuek.

Bigarren zatia, gorabeheratsua

Eta katedralak berreskuratu zuen pozjarioa Bukarestera ere iritsi zen bigarren zatian. Horren lekuko izan zen talde zuri-gorriak bigarren zatian erakutsi zuen jarrera. Gol aukerak etengabe iritsi ziren, eta zaleak isilik eta tentsio bereziarekin begiratzen zioten pantaila erraldoiari. Behin eta berriro saiatu zen Athletic aurkako emaitzari aurre egiten, eta unean uneko aukera ezberdinekin San Mamesek ilusioa berreskuratzen zuen. Baina une batez bakarrik. Markagailuak ez baitzien pozik egoteko aukerarik ematen.

Eta berriz ere aurpegi ilunak eta malkoak iritsi ziren zaletuengana. Eta San Mamesera. 84 minutuan Diegok sartu zuen hirugarren golak partidari buelta emateko aukera guztiak agortu baitzituen. Zaletuek euren eserlekuetan eutsi zioten, txalo eta tristura aurpegiekin.

Egun hasierako ilusioa negar eta aurpegi ilunetan islatu ziren. Baina ilusio bat galduta, beste bat jarri dute helmugan: «kopa bat galduta, bestearen bila goaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.