Ezarian. BERRIAren webgune berritua

Berritik du BERRIAk

Erabilgarriagoa, argiagoa eta sinpleagoa. Halakoxea da BERRIAren webgune berritua. Beta sisteman egongo da hainbat astetan, erabiltzaileek beren ekarpenak eta iradokizunak egin ahal izateko.

Irakurle bat tabletean webgune berritua ikusten. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
BERRIAk abiatutako berritze prozesuaren mugarri garrantzitsuenetako batek lehen urratsa egin du. Berria.info webgunea berrantolatu eta itxuraz aldatu, eta horren beta bertsioa jarri du sarean. Atzotik dago ikusgai. Bertsio hori erabiltzaileen ekarpenak jasotzeko dago pentsatuta, webgunea findu eta pixkanaka falta diren osagaiak eransten jarraitzeko. Diseinu eta eduki aldetikhainbat aldaketa ditu webguneak, eta mota guztietako gailuetarako egokitua dago.

Martxelo Otamendik, BERRIA egunkariko zuzendariak, berrikuntzaren garrantzia nabarmendu du. «Aldaketak gero eta maizago egiten diren garai eta teknologietan gabiltza, eta berria zaharra da, goiz harrapatzen ez bada». Hilabete hauetan lantaldeak egindako lana gogorarazi du, eta eskerrak eman dizkie irakurle, harpidedun eta BERRIAlagunei. «Zuengandik jasotzen duguna zuengana itzuliko genuela adierazi dugu askotan, eta webgune berria da horren emaitza», esan du Otamendik.

Beta bertsioa aste batzuez egongo da martxan. Proba aldi horrek iraun bitartean euskarazko egunkariak bi webgune izango ditu. Egungoan, Berria.info-n, ohiko osagai eta moldeei eutsiko zaie; beta bertsioan —Beta.berria.info— , berriz, azal berria eta albisteak irakurtzeko era berria izango da. Beta bertsio berri horrek dakarren berrikuntza nagusietako bat da mota guztietako gailuetara automatikoki egokitzen dela. Responsive diseinua erabili da horretarako. Horren bidez, erabiltzaileak webgunea kontsultatzeko erabiltzen duen gailuaren pantailara egokituko da edukien bistaratzea. Beraz, sakelakoan, tabletean eta ordenagailuan aurkezpen ezberdina du webguneak. Tableta edo sakelako telefonoa erabiliz gero, gainera, diseinua gailuaren posizio aldaketara egokituko da. Xedea erabiltzaileen esperientzia hobetzea da, gero eta gehiago baitira BERRIAren webgunea kontsultatzeko tableta edo sakelakoa erabiltzen dutenak. Berria.info-k egun dituen bisitarien %30ek gailu horien bidez egiten dute.

Nabigazioa ere aberastu nahi izan da, horretarako aukera gehiago emanez. Webgune berrituan albiste bat irakurtzen hasi ondoren, sail bereko albiste gehiago, azaleko albiste nagusiak eta webgunean gehien irakurritako albisteak kontsultatzeko modua izango du erabiltzaileak. Orrialdean ageri den gezi bati esker, gainera, nabigazio horizontala egiteko modua eskainiko zaio. Kazetari bakoitzaren soslaiak, halaber, aukera ematen du hark idatzitako testuak kontsultatzeko, eta haren Twitter kontuarekin lotzeko.

Diseinuari begira ere hainbat aldaketa egin dira webgune berrituan. Sinpletasunaren, erabilgarritasunaren eta argitasunaren aldeko apustua egin da. Hala, orain artekoak baino atal gutxiago ditu, eta espazio handiagoa du haien artean. Irudiei, gainera, indar eta leku handiagoa eman zaie. Tipografia ere aldatu dute erakargarria izan dadin.

Edukiei dagokienez, informazio landua, sinesgarria eta interesgarria eskaintzeko apustuari eutsi zaio. Baina hortik harago joanda, egun gero eta garrantzi handiagoa ematen zaion unean uneko gaurkotasun hori hobeto kontatzeko aprobetxatu nahi da diseinu berria. Hori lortze aldera, webgunearen eskuinaldean zutabe bat dago, azken orduko berriekin. Bestelako berriekin uztartuz egingo da, adibidez paperekoekin. Horrekin batera, webgunearen goialdean eguneko bi albiste nagusiak egongo dira, eta behera joan ahala, gainerakoak, baita paperekoan irtendako hainbat eduki ere. Bestalde, Iritzia, Kultura eta Kirolak sailek tarte berezia dute. Gainera, behealdean tokiko informazioari eta Berria telebistari egingo zaie lekua.

Berrikuntza gehiago

Beta bertsiorekin ez dira berrikuntzak amaituko. Pixkanaka berrikuntza gehiago sartuko dira. Besteak beste, albisteetan iruzkinak egiteko sistema berria jarriko da eskuragarri. Blog komunitate berritua ere laster egongo da prest. Dena den, berrikuntza esanguratsuenetako bat izango da albisteak entzuteko aukera egongo dela. Horretarako, albisteak partekatzeko ikonoaren ondoan ageri den bozgorailuaren ikonoa sakatu behar da. Hori eginda, albistea entzuteko aukera egongo da, ahots sintetiko baten bidez. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Aholab ikerketa taldeak landu du. Lehen aldia da ahots sintetiko batekin halako egokitzapena egiten dela.

Webgunearena BERRIAk ondorengo hilabeteetan egingo duen berrikuntzetako bat da. Izan ere, horrekin batera jarriko ditu martxan tableterako BERRIA astekaria, eta paperezko edizio berritua. Gainera, berritu egingo da Badok, euskal musikaren ataria.

Beta bertsioan dagoen webgunea ikusteko:

beta.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.