Kontrabandisten omenez

Baztanen gaueko lanean aritutako gizonen lana gogoratzeko eskultura bat egin du Pello Iraizoz artistak

Kontrabandisten omenez Elizondon jarritako hiru eskulturak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gaueko lana edo kontrabandoa ez da zeregin arrotza Baztango haranean (Nafarroa). Garai batean indar handia izan zuen, batez ere 1936ko gerraren ondotik. Baztandar ugari aritu zen eginkizun horretan, eta benetako industria moduan onartua izan zen 1950eko hamarkadaren bukaeran eta 1960koaren hasieran. Kontrabandoan, mendiz mendi, Lapurditik eta Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaira zamak eramaten aritu ziren baztandarrak gogoratzeko eskultura bat jarri dute Elizondon.

Pello Iraizoz artista iruindarrak egin du kontrabandisten omenezko lana. Hiru eskultura dira, bata bestearen errenkadan kokatuak. Elizondoko Santiago elizaren aurrealdean dagoen lorategian jarri dituzte. «Zama garraiatzen ibili zirenei eginiko omenaldia da. Gutxien irabazi eta arrisku handiena hartzen zutenak izan ziren. Lan gogorrena haiek egin zuten», gogoratu du Pedro Esarte historialariak eta El contrabando en Baztan contado por sus protagonistas (Kontrabandoa Baztanen, horretan ibilitakoek kontatua) liburuaren egileak. Elizondokoa da bera, eta egitasmoaren bultzatzailea izan da. Gauez, ohiko bideak saihestuz, eta mendiak zeharkatuz, 35-40 kiloko fardelak eramaten zituzten bizkarrean kontrabandoan aritzen ziren baztandarrak, buruaren bueltan kopetakoarekin eutsiz.

Jarrera ezberdinetan harrian zizelkatuta dauden hiru kontrabandistek osatzen dute eskultura taldea. «Lehenengoa nahiko tente doa bere zama eramaten; bigarrena makurtuagoa ageri da, kilometroak egin ahala nekatzen ari dela islatu nahi delako; eta, hirugarrena geldirik dago, bidean atseden hartzen ariko balitz bezala eta makilari eutsita», azaldu du lanaren egileak.

Lanari jarri zaion izenburua adierazgarria da oso: Gau Lana.Izan ere, Iraizozek gogoratu duen bezala, gauak ematen zien babesa baliatuta egiten zuten Lapurditik edo Nafarroa Behereko mendietatik Nafarroa Garaiko bidea eta Elizondo herriraino zama garraiatu. «Kontrabandisten irudiekin batera, izarrak eta itzalak ageri dira hiru eskulturetan, ikusleak, lehen begirada batean, lana gauez egiten zutela ikus dezan».

Oraindik ere baztandar askorentzat gaueko lana aipatu ezin den gai bat den arren, beldur hori apurtzen ari da, eta ahalegin horren beste adierazle bat da Iraizozen eskultura. Gaueko lanak, gainera, haranean joan den mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan izandako emigrazioa gutxitu zuela uste du. «Garai hartan familiak ugariak ziren, eta askok Ameriketara joan behar izan zuten irabazi bila. Gaueko lanak askoren emigrazioa saihestu zuen», gogoratu du artistak.

Hamabi tonako harritzarra

Eskultura egiteko, hamabi tonako harritzarra aukeratu zuen Pello Iraizozek joan den urtean. Harri hori hiru zatitan zatitu zuen, lau tonakoa bakoitza, eta harri horietako bakoitza zizelkatuz egin zituen lanean ageri diren hiru kontrabandisten erliebeak. Eskizko harrobitik (Azpilkueta) hartutako Baztango harri gorria da lana egiteko erabili duen materiala.

Hark normalean lantzen duen harria baino gogorragoa den arren, haraneko harria erabili du bultzatzaileak hala eskatuta, horrela eskulturari nortasun handiagoa ematen zaiolako. Harria lantzen iaioa, beste hainbat lan eginak ditu artista iruindarrak: herriko kirolarien omenez Leitzan egindako monolitoa eta Nafarroako Mariskalaren omenez Lizarran jarri nahi den eskultura, besteak beste.

Eskultura kokatzeko aukeratu den tokiarekin ere oso pozik daude Esarte eta Iraizoz. Herriko Santiago elizaren aurrealdean dagoen berdegunean jarri dute. Han Baztango ibarrarekin harremana izan duten edo duten beste artista batzuen lanak daude, Jorge Oteiza eta Xabier Santxotenarenak, hain zuzen ere.

Kontrabandisten omenezko eskultura Elizondoko Udalarekin elkarlanean egin dute. Pedro Esarte historialariak jarri du harria, eta udalak eskulturak garraiatzeko eta kokatzeko gastua ordainduko du. Halere, eskulturak oraindik ez daude erabat kokatuta. Hiru lanak egonkortzeko behar den porlana botatzea falta da oraindik. Halaber, inaugurazio eguna zehaztu gabe dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.