Aldarrikapenez beteta, lasterka

Bihar egingo dute Donostian 24. Lilatoia, inoiz baino parte hartzaile gehiagorekin

Urtez urte handitzen doa Lilatoieko parte hartzaileen kopurua: aurten, 3.000tik gertu arituko dira lasterka. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Emakumeek antolatua emakumeentzako. Hori da Lilatoia. Urtez urte emakume asko lehenengo aldiz kirola egitera animatu dituen lasterketa. Aurtengoa bihar egingo dute Donostian, 11:00etan.

Ezbairik gabe, urtez urte indartzen doan lasterketa da Lilatoia. Lilaton taldeko Arantxa Gurmendik adierazi duenez, urte batetik bestera gutxienez aurreko urteko kopurura iristea izaten da euren helburua. Aurten marka guztiak hautsiko dituzte: «Iaz 2.200 inguruan ibili ginen, eta aurten 3.000 lagunetik gertu gaude. Aldea izugarria da».

Emakume gehiago animatzeko asmoz, taldekako parte hartzea bultzatu nahi dute antolatzaileek, joan nahi, baina bakarrik joateak lotsa ematen dietenei bultzada emateko modua dela uste baitute. Bost urte inguru izango dira ekimen horrekin hasi zirenetik, eta gero eta gehiago dira taldean parte hartzen dutenak. Aurten talde handienetako bat Legazpikoa (Gipuzkoa) izango da, 85 emakumerekin.

Badira urte batzuk Lilatoia Gipuzkoako Federazioan erregistratu zutela, eta ordutik, adinaren araberako hiru kategoria dituzte. Bigarren modalitate bat ere badute: LilaRollerra.

Aurtengoa 24. Lilatoia izango da. Gurmendik eta beste lagun batzuek martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira antolatu zuten lehenengo aldiz 1990ean. Urteroko manifestazioaz gain, «beste zerbait» egin nahi zuten: «Nati Rufok Irlandan emakumeek soilik parte hartzen zuten lasterketa bat ikusi zuen, eta hain ideia ederra iruditu zitzaigun, geronek antolatzea erabaki genuela!». Garai hartan leku itxietan bai, baina kirola kalean egitera ez zen emakume gehiegi animatzen: hori haustea zen helburua.

Ez guztiz, baina ekintza hark inprobisatutik gehiago izan zuen antolatutik baino. Ez zioten inolako baimenik eskatu udalari, eta gaur egun ez bezala, ez zen ibilbide itxi bat, eta errepidetik baino gehiago espaloietatik ibili ziren korrika. «115 emakume inguruk parte hartu zuten orduko hartan. Hain berezia izan zen parte hartzaileentzat, hurrengo urtean berriz antolatzea pentsatu genuela. Eta horrela, gaur arte». Egindako lanari esker, 2009an Emakunderen Berdintasun saria eta Donostiako Udalaren Hiritar Merezimenduaren domina eskuratu zituen.

Belaunaldi berriei deia

Lilaton taldea bost lagunek osatzen dute, eta egiten dituzten bileretan kezka bat plazaratu da dagoeneko: «Eta guk uzten dugunean, zer?». Izan ere, gazteek lasterketan parte hartu arren, antolaketa lanetarako ez da inor eskaini, eta hori dute pena: «Lanerako gogoa, indarra, gaztetasuna eta osasuna duen jendea behar dugu, eta norbait animatuko balitz, ateak irekiak ditugu!».

Egun, lasterketa erreferentea da kirolari askorentzat. Hasieran, Donostiako emakumeek soilik parte hartzen zuten, baina urteen poderioz, hedatuz joan da. Inguruko herri eta Euskal Herriko beste lurraldeetakoak izena ematen hasi ziren lehenengo, eta gerora, jatorriz kanpotarrak diren eta Euskal Herrian bizi diren emakumeek ere parte hartzen dute.

Lasterketa honetan parte hartzeko bi gauza besterik ez dira behar: oinetako egokiak eta gogoa. Azkarrago edo mantsoago, parte hartzea da garrantzitsua: «Korrika egiten ohituta ez daudenek zera esaten dute: hainbeste jenderen artean korrika egiteak berak ematen duela helmugaraino iristeko indarra».

Baita Angelun ere

Angelun (Lapurdi) emakumeentzako lasterketa propioa dute. Itsas Laminen korrika du izena, eta martxoaren 10ean egingo dute, Angeluko Barrako skate-park-etik hasita. Aurten bosgarren aldia izango da, eta Integrazio Batzordea eta Courir Contre la Mucovicidose elkarteei laguntzea du helburu: izen emateekin bildutako dirua horiei emango diete.

Bi kategoria egongo dira: haurrena —7 eta 12 urte bitartean— eta helduena —16 urtetik hasita—. Eta azken horretan, bi modalitate: lasterka egitekoa etaoinez egitekoa. Kasu guztietan derrigorrezkoa izango da txapelketan parte har dezaketela frogratzen duen mediku ziurtagiria edo atletismo federazioaren lizentzia aurkeztea.

Korrika egingo duten helduen lasterketa —7 kilometrokoa— 10:30ean hasiko da; oinez egingo dutenena —3 kilometro eta erdikoa—, berriz, 10:45ean hasiko da. Haurrena, kilometro batekoa, 11:45ean abiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.