Imanol Magro Eizmendi.
Iritzia

Ez da erraza agur esatea

2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Agur esatea ez da inoiz erraza. Beti da trantze deserosoa, eta pilotan ere gogorra da gerrikoa betiko eskegiko dela onartzea. Pilotarientzat gogorra da, eta pilotari jakin bat kutun izan duten zaleentzat ere bai. Eta zergatik ez? Enpresentzat ere bai. Pilotari bakoitzari agur ezberdina ematen dio enpresak, eta agur, edo omenaldi, horren tamaina, pilotaren ibilbidearen araberakoa izan ohi da. Eta hori kontu subjektiboa da, eta alderaketei atea irekitzen die. Batzuekiko eta besteekiko estimua zein zen neurtzeko erabil daitekeelako.

Azken egunetan, Titinek Retegi erara agur esango zuela zabaldu da, hainbat pilotalekutan agur jaialdiak egiten. Azkenean, ez da hala izango, baina egingo balitz, niri ez litzaidake lekuz kanpokoa irudiko. Agur horrek, nolabait, Retegi II.a handiaren parean jarriko luke Titin, eta bat nator alderaketa horrekin. Txapel kopuruan ez, baina Titinek pilota munduan eta pilotaren modernizaziorako bilakaeran izandako eragina kalkulaezina delako.

Hariari jarraiki, komeni da beste pilotari handi batzuen agurrei begiratu bat ematea. Azkenekoa Ruben Beloki izan zen, lau aldiz buruz buruko txapeldun izan eta hamarkada batean menderatzaile izan zenak partida bateko omenaldia izan zuen. Harekin ez zen zirkuiturik planteatu. Patxi Eugi eta Ladis Galarzaren agurrak ere ia egun batetik besterako kontuak izan ziren. Omenaldi dotore bat, eta aski. Enpresaren estimua neurtzea, beraz, zilegi al da?

Alderaketa mingarrienak, baina, izar ez zirenak agurtzean iristen dira. Profesionaletan sei urte egin eta ia jenderik gabeko hirugarren partida baten ondoren erretiroa hartzen dutenak. Ezagutu dut baten bat kontratu amaieraren albistearen berri ematerik nahi izan ez zuenik. Hain zegoen minduta enpresarekin, ez zuela nahi herrikoek azken sarrera horiek eros zitzaten. Eta ezagutu ditut, halaber, agur apalak ulertu dituztenak. Dena den, agurrak hobeto zaindu beharko lituzkete enpresek. Okerrena da, baina, nik ere ulertzen dudala zaila dela pilotari guztiei agur arranditsuak egitea. Zerbaitegatik diot agur esatea ez dela inoiz erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.