Futbola. Europako Ligako final-laurdenak. ATHLETIC 2. SCHALKE 04 2

Sufritzeak asko balio du

Schalke 04-k bi aldiz hartu du aurrea, baina Athleticek bitan berdindu du, eta Europako Ligako finalerdietarako sailkatu da35 urteren ondoren, Europa mailan lau onenetan sartzea lortu dute zuri-gorriek

Oscar de Marcos, Iker Muniain eta Ibai Gomez, azken horrek sartutako gola ospatzen, atzo, San Mamesen. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Huntelaarrek (29. min.).1-1: Ibai Gomezek (41. min.). 1-2: Raulek (52. min.). 2-2: Susaetak (55. min.). Epailea: Nicola Rizzola (Italia). Txartel horiak: Athleticeko Javi Martinezi eta De Marcosi; eta Schalkeko Obasiri, Matipi eta Papadopoulosi. Bestelakoak: Ia bete egin zen San Mames, 40.000 ikusle inguru, tartean, Alemaniatik etorritako 1.500 bat jarraitzaile.

Hartu arnasa lasai. Athletic Europako Ligako finalerdietan dago. Bai horixe. Uste baino izerdi gehiago bota behar izan zuten atzo zuri-gorriek Schalkeren aurka, baina sufritzeak asko balio du, eta horri esker, lau onenetan sartu da Bilboko taldea, alemaniarrak eroso menderatu ondoren. Bihotzetik gaizki dabilenarentzat ez zen egunik aproposena izan atzokoa, Athleticek gaizki pasa baitzuen. Garrantzitsuena, baina, emaitza da. Eta horrek zera dio, hurrengo bidaia Lisboara egitea tokatzen dela, Sporting izango baitu aurkari.

Beldurra. Hitz horrexekin definitu daiteke lehen zatia. Joanekoan lortutako abantaila ederra izan arren, horri begiratu gabe jokatu beharra zegoela esaten aritu ziren zuri-gorriak aste osoan. Ordea, nahi gabe ere guztiak ziren emaitzaren jakitun, eta denboraren kontra jokatzeari nahi baino lehenago ekin zion Bilboko taldeak. Neurketako lehen aukera Muniainek eduki bazuen ere, Athletic apenas hurbildu zen Schalkeren ate ingurura, eta uste eta nahi baino gehiago sufritu zuen.

Baloia ukitzea da Bielsaren filosofia. Baina aurkariak ez dira hanka motzak, eta alemaniarrek berehala utzi zuten ezerezean zuri-gorrien jokoa. Presioa goran eta jokalari askorekin eginda, atzean sartuta eduki zituzten etxekoak, eta sustoak bata bestearen atzetik heldu ziren. Akatsik txikiena garesti ordaintzen da halako talde handien kontra, eta Ander Herrerak, bereziki, opari bat baino gehiago egin zituen. Eskerrak Iraizozi egun inspiratuta egokitu zitzaion.

Kontraerasoa izan zen Athleticen baliabide bakarra erasorako. Schalke derrigortuta zegoen gola egitera, eta baloia galtzen zuenean zuloak uzten zituen atzean. Bielsarenek, baina, aurkarien zelaitik oso urruti errekuperatzen zuten baloia, eta zaila egin zitzaien Schalke ezustean harrapatzea. 23. minutuan osatu zuten jokaldi polita, eta Aurtenetxeren jaurtiketak atzelari baten eskuan jo zuen. Epaileak, halere, ez zuen penaltirik adierazi. Besoa gorputzaren kontra zeukala jakinarazi zien jokalari zuri-gorriei.

Schalkek hartu zuen aginte makila, eta ikusten zen berandu baino lehen helduko zela zoritxarra. Bada, Huntelaarrek gol ikusgarria sartu zuen 28. minutuan. Zelai erdian sekula galdu ezin den baloia galdu zuen Ander Herrerak, eta Schalkeko aurrelariak barrura sartu zuen. Azkar isildu ziren orroak eta txalo hotsak. Athletic ezinean ari zen, eta Alemaniako taldeak izan zuen bigarrena egiteko aukerarik.

Momenturik zailenean, baina, hortxe azaldu zen Ibai Gomez, Lezamako harrobiko azken harribitxia. Bielsak 32. minutuan zelairatu zuen Herreraren ordez, eta asmatu zuen. Erdilaria ez dabil fin azken norgehiagoketan, eta bere falta susma ez zedin, Ibai Gomezek bizitzako gola egin zuen. Lehenengoa elastiko zuri-gorriarekin. Areaz kanpotik jaurti, eta baloiari efektu aparta emanez, Schalkeko atezainaren atea zulatu zuen. Ederra, benetan. Lasaitasuna eman zion golak Athletici, eta zaleei, berriz, arnasa.

Bazirudien pasa beharreko beldur eta susto guztiak pasata zeudela, eta dena bere horretan geratuko zela. Baina ez. Europan lau onenen artean egoteko sufritu egin behar da, eta San Mamesek ongi daki hori. Bigarren zatiari lehenengoaren ildo beretik ekin zieten bi taldeek, eta Raulek sekulako gola egin zuen 52. minutuan. Berriz ere izua nagusitu zen estadioan. Jokaldi paregabea osatu zuen Schalkek, eta aurrelariak maisutasunez eman zion amaiera. Emaitza kontra zeukaten etxekoek, eta jokoa ere bai.

Erreakzionatzen jakiteak izugarri balio du, ordea, eta eskerrak Athleticek horretan asmatu zuen. Izan ere, berriz atzetik izan arren, berdinketa ezarri zuen markagailuan Bielsaren taldeak. Bisitariek itsu itsuan egin zuten aurrera, eta atzean utziriko hutsuneak ederki baliatu zituen Susaetak. Bera izan zen etxekoen jokalaririk onena, eta 54. minutuan ederki gainditu zuen Schalkeko atezaina. Jokaldi berean, gainera, min hartu zuen, eta ez zuen gola ospatu.

Hortik aurrera dena izan zen ederragoa. Dena izan zen errazagoa. Joaneko partidan gertatu bezala, fisikoak garrantzia handia izan zuen, eta amaierarako nekatu egin ziren Schalkekoak. Bitxia bada ere, neurketa bat bestearen atzetik jokatzen ari dira zuri-gorriak, baina aurkariek baino erresistentzia gehiago erakusten dute. Toquero zelairatu zuen Bielsak Llorenteren ordez, eta gasteiztarrak freskotasuna eman zion taldeari.

Eskertu zuen, zalantzarik gabe. Festa biribiltzeko hirugarrena egitea izango zen politena, eta Muniainek zein De Marcosek izan zituzten euren aukerak; beti ez da izaten, ordea, igandea, eta berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Hori bai, Schalkek izan zituen pare bat aukera, baina etxekoen defentsak ongi eragotzi zituen guztiak. Ibai Gomez kendu eta San Jose zelairatu zen azken txanpan, emaitzari eusteko. Guztien lana izan zen ona.

Lehen minutuetan beldurra nagusitu bazen ere, amaieran poza eta irribarrea ikusi ahal izan zen San Mamesen. Ez da gutxiagorako. Athleticek historia egin du, eta egiten jarraitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.