Mertxe Aizpurua proposatuko dute Udalbiltzako lehendakari kargurako

Iratxe Lopez de Aberasturi, Maite Iturre eta Daniel Olzomendi lehendakariorde karguak hartzeko proposatu ditu talde sustatzaileakDonostiako Viktoria Eugenian egingo da gaur Udalbiltza berriz antolatzeko batzarra

Mertxe Aizpurua, Usurbilgo alkatea, Donostian egindako agerraldi batean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Gaur egingo dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Udalbiltza berrantolatzeko batzarra. Bertan, Euskal Herriko udal hautetsien biltzarraren lehentasunak, funtzionamendua eta eta zuzendaritza berria hautatuko dituzte. Talde sustatzailearen proposamenak aurkeztu ondoren, bozketa bidez hartuko dituzte erabaki guztiak, zuzendaritzaren izendapena barne. Lehendakari kargua betetzeko, Usurbilgo (Gipuzkoa) alkate Mertxe Aizpurua proposatuko dute, eta hautatua bada, Udalbiltzako lehendakari ohi Loren Arkotxaren eta Udalbiltza-Udalbideko Jesus Mari Agirrezabalaren eskutik jasoko du lekukoa. Lehendakariorde karguetarako, berriz, Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturi, Baztango (Nafarroa) zinegotzi Maite Iturre eta Izurako (Nafarroa Behere) auzapez Daniel Olzomendi izango dira hautagaiak.

Batzarraren berri emateko agerraldian azaldu zutenez, hemeretzi kidek osatuko dute Udalbiltzaren zuzendaritza. Hainbat irizpide jarraitu dituzte proposamena egiteko: lurraldetasuna, aniztasun politikoa eta generoa. Lurraldetasunari dagokionez, Euskal Herria hiru administrazio esparrutan zatitua dela kontuan harturik egin dute proposamena, eta zazpi lurraldeen arteko oreka mantentzea ere izan dute xede. Bestalde, aintzat hartu dute euskararen jakintza ere. Lehendakariordetzarako proposatuko kideak dira irizpide horien isla: bi emakume eta gizonezko bat, guztiak euskaldunak, eta Euskal Herriko hiru administrazio esparruetakoak.

Udalbiltzari babesa eman dioten hautetsien artetik hautatu dituzte, noski, zuzendaritzarako hautagaiak. Joan den astearteko datuen arabera, Euskal Herri osoko 1.227 hautetsik —horietatik, 153 dira alkateak— eman diote babesa nazio instituzioari. Lehendakariorde karguetarako proposatu dituzten hirurak dira gaurko batzarra antolatzeko lanetan aritu den talde sustatzaileko kideak.

Urtebeteko lanaren emaitza

Joan den urteko martxoan abiatu zen Udalbiltza berrantolatzeko prozesua. Aberri Egunaren atarian, gutun bidez Euskal Herriko hautetsi guztiei prozesu horretara batzeko deia egin zietela jakinarazi zuten hogeita zazpi kargudunek. 1.100 hautetsi ingururen babesa lortuta, joan den ekainaren 30ean hautatu zuten hamazazpi lagunez osatutako talde sustatzailea, Iruñean egindako ekitaldian. Geroztik, gaurko batzarrean bozkatuko diren prozedura eta lehentasunak lantzen aritu dira. 1999ko irailean sortu zenetik ia hamalau urte pasatuta eta urtebeteko lanaren ondoren, gaur abiatuko du aro berria Udalbiltzak, Euskal Herriko nazio instituzio bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.