Arrauna. San Miguel liga

Hausnartzeko garaia da

Asteburuan Bordelen gertatuak azterketa sakona ekarri behar du Traineru Kluben Elkartean, eta baita arraun mundu osoan ereTKEk bere gain hartu du uretan eta uretatik kanpo jazotakoaren ardura guztia

Castroko, Orioko, Urdaibaiko eta San Juaneko traineruak, herenegun, Bordelen, Garona ibaian, estropada bertan behera geratu baino lehenago. GAIZKA IROZ.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldean, Bordelen (Frantzia), itxura eskasa eman zuen Traineru Kluben Elkarteak (TKE). Baina larunbat gauean eta igande eguerdian txartu egin zuen aurretik oker zetorrena, zaila bazen ere. Arraunlariek lo egiteko TKEk hartu zuen lekua ez zegoen prestatuta kirolari guztiei ostatu emateko, eta atseden hartzeko baldintzak ere txarrak ziren. Igandean, San Miguel ligako lehen estropada puntuagarria behar zuena hasi zen, baina bukatu ez, eta han amaitu zen Bordeleko txangoa.

Lehen txanda ondo antzean jokatu zen, eta Kaikuk egin zuen denbora onena. Baina bigarren txanda hastera zihoanean, ur-laster indartsuek asko zaildu zuten ontzien lana. Jokatu jokatu zuten, baina sekulako denbora piloa galdu zuten lehen txandakoekin alderatuz. Hirugarren txanda hastera zihoala, estropada bertan behera uztea erabaki zuten, «arraunlariek segurtasun bermatzeko». Azkenean, lan egin zuten zortzi ontzien lana ez zuten balekotzat eman.

Orain, halakoetan gertatzen den bezala, errudunen inguruan dabil eztabaida.TKEk prentsa oharra atera zuen atzo, erantzukizun guztia hartuz: «Antolakuntza mailan izan diren arazoak bizkar gain hartzen ditugu, eta elkarte barruan sakon aztertuko dira, hain egoera itsusi eta lotsagarriak berriro errepika ez daitezen».

Igandean bertan, ardura banatzeko ahaleginak ere plazaratu zituen TKEko presidenteak, Peter Bravok. Zerbait oker ateratzen den bakoitzean, klubei begiratzen diete agintariek, eta orain ere horixe ari da gertatzen: «Klubek hartzen dituzte erabakiak». Esaldi hori sarri erabiltzen dute elkarteko arduradunek —Iñaki Mikeo kudeatzaileak eta kirol eta lehiaketa batzordeko bi kideek—.

TKEk lan egiteko eredu jakina dauka. Klubek batzarrean hartzen dituzte erabakiak, baina kluben gainetik dago zuzendaritza batzordea, eta batzorde horrek kudeatzailea eta kirol eta lehiaketa batzordea dauzka bere barruan. Azken erabakia klubena dela jakina da, eta Bordelen estropada jokatzeari klubek eman zioten baiezkoa. Baina proposamena Mikeok egin zuen azaroaren 19ko batzarrean, eta han garbi esan zioten klubek: «Bordelera joango gara estropada jokatzeko baldintza egokiak badaude». Estropadaren antolakuntzaz kudeatzailea eta kirol eta lehiaketa batzordea arduratu ziren, hala dagoelako zehaztuta TKEren barruan.Urtarrileko hirugarren asteko batzarrean, azken erabakia bozkatu zuten klubek: baiezkoa eman zioten. Aurkeztu zitzaizkien baldintzak balekotzat joz eta arduradunengan konfiantza osoa emanez.

Orain, gertatutakoa gertatuta, bistan da klubek konfiantza galdu dutela Mikeorengan eta kirol eta lehiaketa batzordeko kideengan. Zer erabakiko duten ikusteko dago. Baina hausnarketak sakonagoa izan beharko luke. Klubek erabaki beharko lukete ligaren kudeaketa antolatzeko eredua ona den edo ez. Klubak esaten ari dira TKEn ez direla kontuan hartzen arraunlarien interesak, eta beste helburu batzuk lehenesten direla —«kanpoko itxura» esaten diote arraunlariek—; hortaz, garbi utzi beharko lukete arrauna dela protagonista nagusia eta arraunlariak behar bezala zaindu behar direla, lehiaketan eta lehiatik kanpo, eta kudeaketa antolatzeko orduan ezinbesteko baldintza behar luke horrek. Klubek erabaki beharko dute behar bezalako gaitasuna daukaten batzarretan arraunarekin lotutako erabaki teknikoak hartzeko; ez ote litzakeen egokiagoa arraunaz dakien jendea joatea batzarretara, edo arraunaz dakitenak jartzea kudeaketa eta antolakuntza arloetan.

Batasun beharra

Hausnartzen hasita, ez litzateke kalterako izango klubak elkarte batean bilduta egotearen onurak zein diren, badauden edo ez dauden. Azken batean, bakoitzak bereari eusten dio, berea defendatzera joaten da, eta arraunaren onerako erabaki logikoena izanda ere, klubek ez dute onartuko beren interesen kontra badoa. Galde diezaietela beren buruari arraunaren aldea ari diren edo beren klubaren alde. Bistan da, zintzo erantzunez gero, bigarren aukera nagusituko litzatekeela, eta hala bada, zer logika dauka klubak elkarte batean sartuta egoteak?

Arraun munduko beste kideek ere badute zer pentsatu. Arraunlariek eta entrenatzaileek, esaterako. Asteburuko guztia pairatu eta gero ez badira gai bat egiteko eta beren interesen defentsan elkartuta joateko, inoiz ez dira batuko. Eta horretaz baliatuko dira beste interes batzuei begira daudenak benetako protagonistak aintzat ez hartzeko. Batasuna behar dute arraunlariek eta entrenatzaileek, baina ez dira gai bat egiteko. Bakoitzak bereari egiten diolako tira. Irabazteko albokoa zapaldu behar badute, zapaldu egingo dute. Eta hori bide okerra da.

Denek egin behar dute hausnarketa sakona. Denek, arrauna denei dagokielako. Arrauna da garrantzitsuena, axola duena. Joango dira arraunlariak, joango dira zuzendaritzako kideak, joango dira entrenatzaileak, baina arraunak iraun egingo du. Iraun beharko luke, behintzat. Eta iraungo badu, arraunaren aldeko hausnarketa egin behar da. Egokia al da TKE? Egokia bada, ondo al dago antolatuta, dakitenek hartzen al dituzte erabakiak? Egungo TKEren beharra al dago estropadak antolatzeko? Noiz egingo dute bat arraunlariek beraien dagozkien interesak irmo defendatzeko? Arraunak erantzun azkarrak, zuzenak eta zin tzoak behar ditu. Bihar berandu izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.