Samuel Sanchez. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Ez dago biktimarik gabeko iraultzarik»

Tropelean jarraitu nahiko luke Samuel Sanchezek, baina lotuta dago Euskaltelen kontratuarekin. Txirrindularitzarekiko grinari eusteko eskatu die euskal zaleei.

unai zubeldia
2013ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Kontratua daukat». Hori da Samuel Sanchezen heldulekua (Oviedo, Espainia, 1978). «Baina abokatuen esku dago dena». Hori errealitatea. 2014rako talderik gabe dagoen txirrindularietako bat da espainiarra. Kritiko hitz egin du Euskalteleko buruei buruz; defendatu egin ditu Miguel Madariaga eta Igor Gonzalez de Galdeano; eta ukatu egin du Wanty taldearekin ezer lotuta daukanik.

Azaroak 20, eta, beste hainbat txirrindulari bezala, Samuel Sanchez ere talderik gabe oraindik.

Nik ez nuke esango talderik gabe nagoenik, Euskaltelekin kontratua daukadalako 2015era arte. Inork ez dit esan oraindik taldeak kanporatu egin nauenik, eta kontratu horrek bere horretan jarraitzen du. Eteten den egunean edo akordioren bat lortzen dugunean, bai, orduan esan ahal izango dugu talderik ez daukadala.

Inork ez dizu azaldu ezer, orduan?

Abokatuen esku dago dena, eta eurek esaten didatenaren mende nago ni. Baina, gaur-gaurkoz, taldea desagertuz gero, ez daukat eskaintza zehatzik mahai gainean.

Nola azaldu diozu egungo egoera zaila semeari?

Tira... Taldeari buruz hizketan entzuten nauenean, «aita, Euskaltel desagertzera doa?», galdetzen dit. Esan diot taldeak ez duela jarraituko lehian; bukatu egin dela. «Eta orduan zein taldetan ariko zara?», erantzuten du. 5 urterekin ez du askorik ulertzen ere, baina, barru-barruan, taldeak, azkenean, jarraitu egingo duela pentsatzen du. Eta beste txirrindulariei buruz ere galdera asko egiten dizkit. Baina ez dut sartu nahi kontu hauetan, ez daukalako jakin eta arduratu beharrik. Helduen kontuak dira horiek.

Helduek ere ez dute ulertzen, ordea, zer gertatu den.

Ematen duen baino errazagoa da dena. Krisiak denari eragiten dio, eta, ikusten ari garen moduan, kirolari ere bai; taldeak desagertzen ari dira, eta ez dira agertzen berriak. Horixe da errealitatea. Inork azaldu ezin duena da lau urterako hitzartuta zegoen proiektu bat nola desagertu den bat-batean. Denontzat hori da ulertzen zailena. Baina Euskaltelen zuzendaritzako kideei egin behar zaie galdera hori.

Nora iritsi da egungo txirrindularitza, eta zergatik?

Egitura globalizatu batean sartu da txirrindularitza. Hori nahi izan du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI); lehiaketak mundu guztira zabaldu nahi izan ditu. Kostata, baina helburua lortzen ari da UCI. Batzuek babestu egiten dute erabaki hori, eta beste batzuek gogor kritikatu, garai bateko txirrindularitza desegiten ari direla azalduz. Lasterketa batzuk maila galtzen ari dira, beste batzuk desagertzen... Ez dago biktimarik gabeko iraultzarik, baina biktima asko izaten ari da oraingoan. 1 Formularen edo tenisaren antzeko egitura hartzen ari da egungo txirrindularitza.

Azaro erdialderako hasita egoten zarete, normalean, arrabolarekin eta bizikletarekin lanean. Zuk ere ekin diozu denboraldi-aurreko lanari?

Ia-ia geldirik nago Munduko Txapelketan erori eta belaunean min hartu nuenetik. Ez zirudien erorketa larria zenik, baina nekosoak izaten dira belauneko kolpeak. Nahi eta uste baino denbora gehiago daramagu entrenatu ezinik, baina laster hasiko naiz giharrak indartzeko lanean. Beti gustatzen zait sasoian egotea, eta aukeraren bat sortuko balitz, bete-betean ekingo nioke lanari.

Zuzen hitz eginda, zein da zure arazoa: eskaintzarik ez duzula jaso, edo gustuko eskaintzarik ez duzula jaso?

Egutegian dago arazoa. Euskaltelek aspalditik baldin bazekien egoera hain larria zela, lehenago hitz egin behar zuen gurekin, ez jarraitzeko aukera bat bazegoela azalduz eta beste eskaintza batzuk begiratzeko ohartaraziz. Ezin da ibili eurak ibili diren bezala; lehenengo baietz, gero ezetz, gero askatasun kartarik ez, gero... Nora ezean geratu ginen irail erdialdera. Eta garai horretarako, kontratuak berrituta dauzkate nire mailako txirrindulariek. Oso zaila da orain lekua aurkitzea.

Zenbat zeukan egiatik Belgika aldetik iritsi zen zurrumurruak? Bazirudien ia lotuta zeneukala kontratua Wanty-Groupe Gobert taldearekin.

Harrituta geratu nintzen. Ez da egon eskaintza zehatzik; ez da egon ezer. Okerreko usteak sortzen dira askotan, eta protagonistari deitzea baino gauza errazagorik ez dago; kasu honetan, niri. Gaur-gaurkoz, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia naiz 2015era arte. Hori ezinezkoa dela? Amaitzera doala...? Bai, ados. Baina gaur-gaurkoz Euskalteleko txirrindularia naiz ni.

Mirariaren pare saldu zen Fernando Alonsoren egitasmoa, baina agertu bezala desagertu zen gero. Irtenbide hona zen?

Egiturak jarrai zezan eta proiektua gauetik goizera desager ez zedin irtenbidea zen, bai. Aldaketak izango zirela? Bai, noski. Baina taldea ez zen desagertuko, eta hori ona zen denontzat. Baten bat galtzaile irtengo zela negoziazio horretan? Ziur baietz. Baina txirrindularitzak irabazi egingo zuen. Gertatu dena gertatuta, ordea, tamalez betikoa atera da galtzen: txirrindularitza.

Aspaldian hitz egin al duzu Miguel Madariagarekin?

Bai, bai. Nola ez, ba. Euskadi Fundazioko buruaz haratagoko harremana daukat Miguelekin. Beti esan izan dut asko zor diodala. Eskua luzatu zidan berak, eta nik asmatu egin nuen aukera hari heltzen. Oso harreman estua daukagu, eta betirako gordeko dugu laguntasun hori. Migueli ez diot deitzen txirrindularitzari buruz hitz egiteko; zer moduz dagoen, osasun arazoak zer moduz doazen... horrelako kontuez aritzen gara gehiago. Badaki edozer gauzatarako non nagoen. Miguel Madariaga asko behar dira mundu honetan. Gogotik borroka egin du txirrindularitzaren alde; bere gauza on eta txarrekin. Inor ez delako perfektua. Miguelek ere badauzka etsaiak, baina txirrindularitzak irabazten du bere gisako pertsonekin. Lanean gogor jarraitzen du harrobiaren alde. Berari esker ez balitz, egun talde handietan dabiltzan asko ez lirateke egongo bertan. Baina jendeak ez du ikusten hori.

Madariaga batetik, Jon Odriozola bestetik, Jose Luis Arrieta eta erakundeen dirua tartean; Kontinental mailako talde bat, bi... Euskal Herrian nahikoa litzateke Kontinental mailako bi talde txiki edukitzea?

Ezer ez baino hobea litzateke bi txiki edukitzea. Ziur. Gazte horiei aukera eta egonkortasuna emango litzaieke, behintzat. Noski, beti da hobea puntako taldeak edukitzea, baina ezin bada... Kontinental mailako bi talderen aurrekontuarekin Kontinental Profesional mailako batena osa daiteke. Hiruzpalau milioi eurori buruz ari gara hizketan. Tira, eta Cofidis edo Europcarren kasuan, zortzi-hamar milioi eurori buruz.

Ez litzateke askoz hobea Kontinental Profesional mailako proiektu sendo bat egitea, eta, zergatik ez, Euskaltelen bidean geratu zareten txirrindularietako asko oinarri izatea? Zuek prest zeundekete?

Bihar bertan onartzekoa litzateke erronka hori, baina betikoa da arazoa: dirua. Nondik bildu hiru-lau-bost milioi euro gutxieneko egitura bat edukitzeko? Autobusa behar da, bizikletak, mekanikariak, laguntzaileak... Egutegia osatu behar da, Giroko edo Tourreko gonbidapenak jasoz gero, diru asko beharko litzateke... Gaur-gaurkoz ez Jaurlaritza eta ez beste erakunde bakar bat ere ez dut uste prest dagoenik ekarpen hori egiteko. Bestela, Euskaltel bera izango zen lehenengoa aurrekontua jaitsi eta Kontinental mailako talde bat ateratzen. Baina, tamalez, ez da izan horrela.

Euskaltelekin akordioa lortzea edo egoera epaitegietan argitzea. Talde bila hasi aurretik, horiek dira zure egoera argitzeko aukera bakarrak?

Ni galdu egiten naiz lege kontuetan. Ezjakina naiz kontu horietan. Abokatuen esku dago dena, eta eurak ari zaizkit esaten gauzak nola doazen. Zain gaude.

Ez dago denbora asko.

Ez, ez. Logikoa den bezala, txirrindulariaren aurka doaz beti epeak. Denek lehenbailehen itxi nahi izaten dituzte taldeak, hastera doalako denboraldi-aurreko lana. Egoera horretan gaude. Zain.

Zer esan nahiko luke txirrindulari gisa ez jarraitzeak? Burua prest daukazu aldaketa horretarako?

Ez dut uste, erabakia ez delako izan nirea. Bi urteko kontratua neukan, eta beste batzuk ari dira hartzen nireak diren erabakiak.

Miguel Madariagarekin hitz egin duzula argitu duzu. Eta Igor Gonzalez de Galdeanorekin?

Bai, bai. Lehengo astean bazkari bat eduki genuen, eta bertan zeuden Igor bera, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe... Gueñesen elkartu ginen, eta arazorik gabe aritu ginen hizketan. Oso harreman ona daukagu.

Zale askok Galdeano bera jo dute erruduntzat, baina iritsiko al da etsaiak ahaztu eta norbaitek edo zerbaitek bat egiteko eguna?

Miguelek eta Igorrek oso harreman ona daukate elkarrekin. Euskaltel egin zen taldearen jabe, eta kito. Igor langile bat gehiago zen taldean, eta berari ere eragin dio honek guztiak. Igorrek ez dauka errurik. Enpresak eman zizkion aginduak bete zituela uste dut; gehiago, ez.

Arabiar Emirerri Batuetan egon berri zara, eta, zergatik ez, zure etorkizuna herrialde horretan egon daitekeela aitortu duzu.

Bai, baina txirrindularitza uzten dudanerako da hori gehiago. Oraindik ez dago talde indartsurik han; Asia aldean Kontinental mailan egutegi betea egiten duten taldeak daude oraingoz. Bi aldiz elkartu nintzen bertako federazioko presidentearekin, eta hazi egin nahi dute, etorkizunean World Tourrean egoteko. Bi talde dauzkate han: Al Ahli eta Sky Dive. Aukera eta baliabide asko dauzkate, asko gustatzen zaie mendebaldeko taldeen egitura, eta lortuko dutela uste dut. Hango talderen batera lehiatzera joango ote naizen? Ez, ez. Baina oso gustura ariko nintzateke etorkizunean eurekin lanean. Erronka handia litzateke.

Albisteen zain, posible al da ezer ulertzen ari ez diren euskal zale horiei mezu baikorren bat bidaltzea?

Tira... Kirol hau maitatzen jarrai dezatela; horixe da orain eman dezakegun mezurik baikorrena. Triste egoteko modukoa da gure bihotzeko taldea desagertzea, Athleticen moduan talde hau inoiz ez zela desagertuko ematen zuelako; hala uste nuen nik ere. Baina txirrindularitzak aurrera jarraitzen du, izar berriak agertzen ari dira, eta espero dezagun oraingoa bide luze bateko geldialdi txiki bat izatea. Oso polita da kirol hau, eta zaleek jarrai dezatela babesten. Euskal txirrindularitzak aurrera jarraituko du, ziur nago, eta, epe motzean ez bada, luzean, baina berrindartu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.