Urte plurala musikarena

Andoni Tolosa 'Morau'-k, Koldo Otamendik, Julen Azpitartek eta Asier Leozek urteko lan onenak aukeratu dituzte BERRIArentzatLisaboren diskoa da lauretako bik errepikatu duten lan bakarra, ugaritasunaren seinale

Lisabo taldeak Animalia lotsatuen putzua diskoa kaleratu zuen 2011ko hondarrean. BERRIA / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Igaro berri den urteko ekoizpenetik Euskal Herriko hiru disko eta nazioarteko beste hiru nabarmentzeko eskatu diegu Andoni Tolosa Morau musikari eta kritikariari, Asier Leoz eta Julen Azpitarte kazetariei eta Koldo Otamendi Musikazuzenean webguneko arduradunari. Ia disko bakar bat ere ez dute errepikatu. Ez da izen bat nabarmendu beste guztien gainetik.

ANDONI TOLOSA, 'MORAU'



Musikaria eta kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK



Xabier Montoia.'Xabier Montoiaren Mundu Miresgarria'.

Montoiak sei urtez eduki gaitu zain, baina itxarotea merezi izan du. Bere ibilbideko diskorik intimista eta helduena eskaini digu. Disko biluzi eta zuzena. Azkenean, crooner izpiritua askatu, eta amodio eta desamodioaren topikoekin lotsagabe jolasten den kanta bilduma akustikoa osatu du. Onik atera da Montoia, eta generoez gain gauzak Montoiaren modura egiteko estiloa dagoela azpimarratu du. Nortasunez gainezka.

Napoka Iria.'Lehertarazi edifizioak'.

Napoka Iriaren zuzeneko bikainaren ispilu ona da zuzenean grabatutako disko hau. Pop-folk ilun eta intentsoa. Ez dira inoren urtebetetzea ospatzeko jartzeko moduko kantuak, baina heldutasun sortzailerantz urrats sendoak egiten ari den bikote gaztearen maila ematen du. Hain bitarteko gutxirekin musikaren intentsitatearekin horrela jolastea ez da erraza, ezta pentsatu ere. Nahi badute edo ahal badute, bide luzea dute aurretik.

Igor Arzuaga eta Luis Vil. 'Mara Mara'.

Benetan aipagarria Arzuagaren hirugarren diskoa. Badirudi Luis Vil adiskide bikaina gertatzen ari zaiola pop eta folkaren mugetan dabiltzan kantuen nortasuna indartu eta Arzuagaren kantugintza maila bat gorago eramateko. Erreferentziaz betetako diskoa da, aberatsa eta xehetasunez betea, entzunketa askotarako ematen duten disko horietakoa. Harribitxi txiki bat aurtengo euskal produkzioan.

NAZIOARTEKOAK



Fatoumata Diawara. 'Fatou'

Maliar harrobiak ez dauka etenik. Urteetan beste hainbat musikariri ahotsak jarri ondoren, lehen disko luze honetan aktore eta kantariak emozioak eragiteko gaitasun handia erakutsi du. Afro pop eta wassolouaren artean dabilen akustikotasun zuzena, ahots gozo baina nortasunez betea eta emakumeen indarrez ari diren kantuak, horiek izan daitezke haren arrakastaren giltzarrietako batzuk.

Aurelio. 'Laru beya'

Garifunen musika ezagutu genuen Andy Palaciosen bidez duela hiru urte. Bada, haren lanaren jarraipen zuzena disko hau. Punta rock estiloko izarra izanda, Aurelio Martinez hondurarra, berriro ere erroen bidea hartu, eta Garifunen erroetan murgildu zen eta Erdialdeko Amerikako musika afro-latinoz betetako disko hau egin zuen. Freskoa eta une batzuetan zirragarria.

Hoquets. 'Belgotronics'

Zer gertatuko litzateke belgikar batzuek Kinshasako bazter auzoetan sortutako eskema musikal kaotiko, txundigarri eta exuberantea pop musikara ekarriko balute? Horixe da disko honek erantzuten dion galdera; irudimenak gainezka egiten duen bi minutuko pildora «sonikoz» betetako diskoa. Abangoardia, tradizioa... Eskuz egindako musika tresnak eta jolasteko gogoa, zer gehiago behar da disko bikain bat egiteko.

KOLDO OTAMENDI



Musikazuzenean webgunearen egilea

EUSKAL HERRIKOAK



Anai-arrebak. 'Anai-arrebak'

Bost kantu soilik dituen disko txiki hau nahikoa da taldearen handitasunaz jabetzeko. Rock musika ardatz nagusi, elektronika eta giro dantzagarriak batu dizkiote lanari, eta musika koktelera dibertigarri eta bitxia sortu.

Rapherria. 'Disko bilduma'

RapHerria Info7 irratiak bultzaturiko bilduman, Euskal Herrian euskaraz egiten den hip hop musikaren lagin txiki bat entzun ahal da. Bertan, etengabe handitzen ari den mugimendu baten izozmendiaren punta irudikatzen da. Gomendagarria!

Sumision City Blues. 'Sumision City Blues'(lau kantuko CD txikia)

Obligaciones eta Sexty Sexers taldeko kideak batzen dituen musika egitasmo berria. Musika munduko zakur zaharrak dira, baina ederki jakin izan dute norabide eta izaera berria ematen proposamen berriari, berezko nortasuna duten kantuak bilduz.

NAZIOARTEKOAK



Touche Amore. 'Parting The Sea Between Brightness and Me'

Egurra latza. Azken hilabetean etengabe bueltaka darama disko honek nire autoan. Zuzeneko taldea da honakoa, baino estudioko emaitza latza da benetan. Hardcorearen mugan, oldarkorrak eta erabatekoak.

Izia. 'So Much Trouble'

Euskal Herria Zuzenean festibalean ezagutu nuen musikari frantziarra, eta geroztik haren urratsei jarraitu diet. Rock kantuak dira harenak, gitarreroak eta energiaz beterikoak. Apenas 20 urte izan arren, zuzeneko piztia da Izia.

Foo Fichters. 'Wasting Light'

Dagoeneko klasikoak, eta oraindik ere ezustekoak emateko gaitasuna duen talde bat da honakoa. Foo Fighters taldearen disko berria harribitxia da, ederki olioztaturik dagoen banda baten emaitza borobila. Ezinbestekoak!

JULEN AZPITARTE



Kultur kazetaria

EUSKAL HERRIA



Jupiter Jon. 'Pleistozenoko astelehenak'.

Bidehuts plataformaren markarekin datorren disko hau urtekoonena dela iruditzen zait, ezbairik gabe. Nortasun handiko taldea iruditzen zait eta diskoan bilduriko kantuak oso landuta daude. Gitarren arteko jolas sotilak eta zikinak, bateriaren erritmo tribalak, baxu kolpe sendoak, ahotsen konbinazioak... horrek guztiak post-punk kutsuko lan borobila egiten du.

Inoren Ero Ni. 'Fregoli'

Betidanik izan naiz BAP zale amorratua, eta sarritan esan dut Inoren Ero Ni ez dela sekula bere aurrekoaren mailara iritsi, behintzat diskoei dagokienez; zuzenekoa beste kontu bat da. Fregoli-rekin, baina, ezuste ederra hartu dut, poztekoa. Sei kantuak maila handiko piezak dira; batez ere, Gil Scott-Heronen kantutik tiraka grabatu duten doinua: The Revolution Has Been Televised .

Lisabo 'Animalia Lotsatien Putzua' eta Cancer Moon. 'Hunted by Snake'-en berrargitalpena.

Irunekoen diskoa ez dut askorik entzun, biniloa plazaratu arte ez dudalako erosiko, baina entzun dudanean zur eta lur gelditu naiz, boskoteak bere diskorik erradikalena edo muturrekoena argitaratu baitu. Inoiz grabatu dituzten unerik burrunbatsuenak eta isilenak, minimalenak biltzen ditu, eta Martxelen Mariskalen hitzek maila bat edo bi egin dute gora.

Azkenik, Bilboko Discos Crudos diskoetxeak plazaratu duen Cancen Moonen maisulana aipatu behar da: Hunted By Snake. Disko hori beste galaxia batekoa da; arabiar kutsuko gitarra espiralak eta ahots ilun eta poetiko horiek eta konposizio bikainak

NAZIOARTEKOAK



Guadalupe Plata. 'Guadalupe Plata'

Andaluziarren estreinako LPa nortasun handiko diskoa iruditzen zait, AEBetako blues tradizioa andaluziar kutsuarekin uztartzen dutelako, lotsagabe. Hala, slide gitarrak eta espainolez abesturiko letra mininal horiek leun-leun egiten dute bat. Guadalupe Plata zuzenean ikustekoak dira, gainera.

Thurston Moore'Demolished Thoughts'

Jupiter Jon Bermeo nire herrira etorri zirenean jotzera, Baxi taldekideak Sonic Youtheko gitarra jotzailearen diskoa aipatu zidan: «Aurten gehien gustatu zaidan diskoa da, Nick Draken erara, soka moldaketa askorekin». Baxiren esanak aintzat hartuta, disko horretan murgildu, eta disko liluragarria dela iruditzen zait. Gozagarria da Moore zaratazalea esparru akustikoan nola moldatzen den entzutea.

El Rego. 'El Rego'

New York hiriko Daptone soul eta funk diskoetxeak bere hamargarren urteurrenean argitaratu du Theophile Rego 1938. urtean Beninen jaio zen musikari afrikarraren diskoa. El Rego afro-funkaren aitabitxia dela esan ohi da —Fela Kuti nigeriarraren maila berean dagoen artista bat da, askoz ezezagunagoa izan arren—, eta dozena bat kantu hauetan askotariko sormen ikaragarria antzematen zaio: Afrikako tradizioa, perkusio tribalak, wah-wah efektuko gitarra hotsak, soula, latin kutsuko pasarteak, blusea, harrizko funk kolpeak, aldarri grinatsuak James Brownen erara...

ASIER LEOZ



Musika kazetaria

EUSKAL HERRIKOAK



Lisabo. 'Animalia lotsatuen putzua'

Ez da hiru ordu laurdenera iristen, baina irundarren seigarren diskoan barneratzea erraz kontatu ezin den esperientzia da. Gogor jo beharrik ez dago zitala gertatzeko, abiadarik ez da behar entzuleari garrasia eztarri puntan jartzeko. Martxel Mariskalen narratiba/poesia aurreko lanean bezain mamitsua dela, hitzen zerbitzura Mogwai eta Tortoise bezalako maisuen moduko soinu ikaragarria, akordeak bata bestearen atzean amiltzen dira amaierako askapenera arte.

El Columpio Asesino: 'Diamantes' (Mushroom Pillow)

Testuak, soinua, giroa... Pixies, The Velvet Underground eta David Lynch, bakoitza bere neurrian eta haien gainetik bere bidea egiten ikasi duen taldea. Nafarren laugarren diskoak ez dauka soilik azkenaldian gure talde batek izan duen hit handiena —Toro udako jaialdi guztietan entzun da; egitura perfektua daukan abesti perfektua—: aparteko garapen ariketa ere azaltzen du, hitz gutxi baina zehatzak erabiliz eta berebiziko indarra daukan soinua lortuz.

Jabier Muguruza: 'Bikote bat' (Resistencia)

Ezustekorik ez, ezta doblesalto mortalik ere; soilik kantu biribilak eta soinu gardena. Badaude egunean zehar lagun izaten dakiten diskoak, aparteko astindurik gabe bakean sentiarazten zaituztenak. Ez da bertute txikia. Bi dira diskoaren azaleko pertsonaiak eta bi dira edukia osatzen dutenak ere, Mikel Azpirozen lanak pisu handia izan du eta, Jolasean instrumentalean adibidez. Nabarmentzekoa Jackson Browneren parte hartzea ere.

NAZIOARTEKOAK



Anna Calvi. 'Anna Calvi'

Brian Eno ekoizlea bere denbora dedikatu izana bada zerbait, eta aurreko urtean Anna Calvik aurreratu zuen Jezebel horrek gauza handiak iragarri zituen. Sortzaile ingeles-italiarra azken urteotako ezusteko pozgarrienetako bat izan dugu. Hasieran burura datorren PJ Harveyrekin alderatzeak bigarren entzunaldirako gaindituta, Patti Smith eta Jeff Buckleyren ukituak ere suma daitezke haren musikan. Diskoa zabaltzen duen doinu instrumentalean hasita eta Desire bezalakoen sua lagun, lan hau amaitu berri urteko onenetakoa izan da, zegokion moduan berretsia gainera irailean Durangoko Plateruena antzokiko zuzenekoan.

The Black Keys: 'El Camino'

Lonely Boy urteko abestia izan da eta plano sekuentzia bakarrean filmatutako bideo lana, urteko klipa. Hala ere, efektua pasatzen hasia dator onena, orduan jabetzen zara El Camino izeneko hau zure etxeko diskoen apal nagusian izango duzula denbora luzez, baztertuen txokoa ezagutu ere egin gabe. Ohioko lagunek aurreko Brothers izenekoaren mailara iristea ez ezik, hura gainditzea ere lortu dute. Hori arrazoi nahikoa ez baduzu dendara korrika joateko, jakin ezazu aspaldiko bluesman haietan hasi eta The White Stripes-en hilotzean bukatuta ez dagoela AEBetako musika beltzaren lehengaiak nahastuta horren salda pizgarria egin duenik.

Maggie Bjoerklund.'Coming Home'

Danimarkan jaioa, Maggie Bjoerklund AEBetako countryaren esentzia eta doinuak bilatzen aritu da, eta, bilaketa amaituta, country usainik ez darion disko bat egin du, ez behintzat agerikoa. Lan horretan ezin bidelagun egokiagoak topatu; Calexico taldeko kideak, alegia. Aparteko doinu instrumentalak tartean (Insekt, Wasteland) eta aspaldian Mark Laneganek egin duen kolaborazio lanik apainena gehituta (Intertwined), Coming Home honek aurrerantzean jarraitu beharreko artista bat azaldu digu, etxean sentitzen dena baita beste kontinente batean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.