Elur-jausi batek Pakistango 135 soldadu inguru harrapatu ditu

Kaxmirko Siachen glaziarrean gertatu da ezbeharra, Pakistanen eta Indiaren arteko muga gatazkatsuan

Jon Fernandez.
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Munduko gerra fronte garaienean, elurrak azpian harrapatu ditu gutxienez 135 soldadu. Siachen glaziarrean gertatu da elur-jausia, Kaxmir herrialdean, Pakistanen eta Indiaren arteko mugan. Desagertutako soldadu guztiak Pakistango armadakoak dira, Athar Abbas Islamabadeko jeneralak azaldu duenez.

Salbamendu operazioa martxan da, eta helikopteroak, soldaduak eta txakurrak ari dira galdutakoen bila; dagoeneko aurkitu dituzte gorpu batzuk. Abbas, ordea, arduratuta dago, «operazio osoa egiteko egun batzuk behar izango dituztelako», baldintza klimatiko eta geografikoengatik. Itsas mailatik 6.700 metrora dago glaziarra, eta muturreko tenperatura dago bertan: zero azpitik 70 gradu inguru.

Kaxmir erdialdean dago glaziarra, eta munduko gerra fronte garaiena dela deritzote, Pakistanen eta Indiaren arteko muga dagoelako han. Herrialde zatitua da Kaxmir: Indiaren, Pakistanen eta Txinaren artean dago zatituta. Kaxmir osoa hartu nahi dute kontrolpen bai Islamabadek eta bai New Delhik, eta bi aldeetako 15.000 soldadu inguru daude eremu hartan.

1949tik, Erresuma Batutik independentzia lortu zutenetik dute borroka Kaxmirren Indiak eta Pakistanek; bi herrialdeen arteko harreman gaiztoaren arrazoi nagusietako bat da. Nolanahi ere, azken hamarkadetan soldadu gehiago hil dira bertan naturaren eraginez bi armaden arteko borroken ondorioz baino. 2010ean, esaterako, Pakistango 24 soldadu hil ziren beste elur-jausi batean.

Zardariren bisita

Ezbeharra, hain zuzen ere, Asif Ali Zardari Pakistango presidentea Indiara joan bezperan gertatu da. Gaur da joatekoa New Delhi hegoaldeko santutegi batera. Bidaia pribatua izan arren, Indiako estatuburuarekin bilduko dela aurreikusten du Islamabadek. 2005az geroztik Pakistango presidenterik ez da izan Indian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.