Poesia positiboa

Bitoriano Gandiagaren 'Hemen' poesia kantatua du «motorra» Pier Paul Berzaitzen disko berriak

Pier Paul Berzaitz, atzo, Baionan. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Pier Paul Berzaitzen kantu eta musikak gustukoak dituztenek artistaren usaiako ezaugarriak aurkitzen ahalko dituzte atera berri duen Hemen diskoan (Elkar), bakarka atera duen bosgarrenean, haren betiko boza eta melodiak egiteko estiloa. «Bidaia baten bidez, disko honetan nahi izan dut erakutsi hemengo toki ederrak zer diren. Batzuetan pixka bat malenkoniatsu, baina beti, espero dut, poesiarekin», azaldu du artistak.

Disko berri honekin, aitzinekoekin bezala funtsean, «zerbait utzi» nahi duela aitortu du, «estilo bezala, ondoko gure haurrei. Hori da, enetzat, ezinago inportantea». Gainera, gaur egun, gizartea «diskurtso edo perpaus negatiboen erdian» bizi denean, krisia nagusi denean, kantari zuberotarraren hitzetan, «gehiago oraindik behar dugu eskaini publikoari, eta bereziki euskaldunei. Gauza positibo zerbait». Eta Berzaitzen irudiko, «poesia beti positiboa da. Batzuetan malenkoniatsua izaten ahal da. Aipatzen ahal ditu gauza larriak, heriotza edo besterik, baina poesiak gizona beti aberasten duela segur naiz». Kantu eta poemak lagungarri gisa ikusten ditu, «garai hauen zeharkatzeko», justuki.

Diskoaren edukiari hurbilagotik begiratuz gero, hamahiru kantuk osatzen dute. «Motorra» Hemen izeneko poesia izan dela dio Berzaitzek. Bitoriano Gandiagak idatzi poema da, eta Berzaitzek musikatua. Zuberotarrak poema horrekin lotura berezia dauka.

Gandiagaren miresmena

Hemen poema: «Niretzat kasik gaurko programa politiko hoberena izan daiteke. Beti gorderik atxikia dut. Norbaitek eskatzen didalarik Euskal Herriaz zer pentsatzen dudan, poema hori irakurtzera ematen diot. Hori da nire pentsamendu osoa. Ez da hor hitz bat gehiegi, ez gutxiegi».

Admirazio handia dio Gandiagari Berzaitzek, eta egun batez gogoa du ikuskizun oso bat egiteko poesia horren mamia abiapuntu. Horren esperoan, mementoko, kantu horrekin hasia da. Hemen kantuaz gain, disko horrek badu beste kantu bat, Berzaitzek aspalditik idatzirik atxikia duena: Ene lurra. Jean Pitreau atharraztarrari eskaini kantua du: «Atharraztar argitsu bat izan da Pitrau. Altermundialista zen, oso ekologista. Nekazari txikiei eman die beren duintasuna. Beren ofizioa ezagutaraziz, salbatu du Zuberoko mendia». Pastoral bat idaztekoa du Pitrauz, hain justu, atharraztarrek ematekoa dutena, 2015ean edo. Atharratze beti aipagai, Beñat Sarasolak idatzi Atharratzeko bidean kantua hartu du diskorako. Berriz hartu du baita Jean Baptiste Elizanbururen Ikusten duzu goizean ere: «Disko honen izenpedura nahi nuke izatea kantu hau. Nola Elizanburuk idazten duen miresgarriki bere sorlekuaren amodioa. Xumeki, eta zuzenago ez baita posible». Berzaitzek kantu horren bidez, nahi du erran Elizanburuk bezala, ikusten duela etxe ttipitto bat: «Eta etxetik kanpo naizelarik, ni ere, hein bat gaizki naiz. Hark bezala, han nahi dut bizi, galtzen ez badut zentzua».

Kantu ezagunen artean, Joxean Artzek idatzi eta Mikel Laboak musikatu Martxa baten lehen notak ere sartu du Berzaitzek: «Izan dut aukera kantatzeko ene kantaldietan. Sentitzen diot indar handia kantu horri. Sentitu dut behar nuela ezarri». Agian, «ongi pasatzen delako ene mementoko ikusmenekin. Herrikoia delako, nahiz eta pixka bat zaharra den. Egiteko ere lotura, pasatu den garaiaren eta gaurko garaiaren artean». Badu ere Xabier Leteren Baztango lurra diskoan sartua duena.

Horren guztiaren artean, Itxaro Bordaren poemek leku berezia dute. Bordaren Begiratzen dit gogoan poema ezagunaz gain, Road's end, 6AM Hendaia edo Larrun ere sartuak ditu Berzaitzek, hark berak musikatuak: «Beti kantatu ditut ene diskoetan Itxaro Bordaren poemak. Asko maite dut haren poesia. Sentitzen ere bai. Bestalde, adiskide mina dut aspalditik». Berzaitzek ez du burutzen ahal disko baten egitea Itxaro Bordaren lau edo bost poema erabili gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.