18. Korrika. Mahai ingurua

«Inork ez du euskaratik kanpo egon nahi»

Mertxe Mugika, Bea Salaberri eta Joan Mari Larrarte Korrikaz eta euskaraz aritu dira Berria telebistan

Gari Goikoetxea, Bea Salaberri, Iñaki Petxarroman, Joanmari Larrarte eta Mertxe Mugika, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko euskaltegietan 35.000 ikasle inguru ari dira euskara ikasten. Haiek omenduko ditu 18. Korrikak. Baina omenaldi bat baino «zerbait gehiago» merezi dutela uste du Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak: «Euskara ikasten ari direnen ekarpena ikaragarria da». Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak, halaber, honako hau gogorarazi du: «Euskal Herriko gizartearen zati handi batek egindako lana gabe, ez ginateke hemen egongo. Korrikaren aurkako boikotak egon direnean jendea hor egon da. Eta gaur egun ere jendeak jarraitzen du Korrika babesten, BERRIA laguntzen... Horregatik, erakunde batzuek ikusi dute ezin dutela hortik kanpo egon».

18. Korrika hasi baino lau ordu lehenago, Berria telebistako mahai inguruan izan ziren Mugika eta Larrarte, Baionako AEK-ko kide Bea Salaberrirekin batera. Lapurdiko irakasleak Ipar Euskal Herriko ikasleen datuak eman zituen: gau eskoletan 1.000 ikasle daude, xede taldeetan 200 eta barnetegietan 150. Guztira, 1.300 ikasle inguru Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. «Lege babesa, borondate politikoa, laguntza ekonomikoa, sustapen kanpaina bat eta euskararen erabileraren aldeko politika bat» eskatu du Salaberrik. EEP Euskararen Erakunde Publikoa hiru herrialde horietako euskaltegien finantzatzaile nagusiena da, «solaskide bakarra hizkuntz politikari dagokionez». Harremanetan dira AEK eta EEP. «Espero dugu hurrengo hilabeteetan horrela jarraituko dugula eta pauso gehiago emango ditugula».

Larrartek eta Mugikak, bestetik, «kezka» azaldu dute Eusko Jaurlaritzak Hizkuntz Politikan egingo duen %9ko murrizketarekin. «Euskararen geroa ez dago ziurtatuta. Garai zailak eta baliabideak urriagoak izan arren, euskararen normalizazioa ezin da ukitu, gure herri izaera kolokan jar dezakegulako», nabarmendu du Larrartek. Mugikak beharrezkotzat jo du ikasleen diru laguntzak berreskuratzea. «Krisian gaude, baina gu ez gara haren sortzaileak. Krisiak kaltea egiten dio aurretik normalizatu gabe dagoen sektore bati. Euskara babestu behar da, eta beste neurri batzuk behar dira». «Egunerokoan» zer gertatzen den ikusi beharko dela uste du Mugikak.

«Norabide berean lanean»

Larrartek eskerrak eman dizkio AEKri, Korrika abiarazteko Martin Ugalde parkea aukeratzeagatik: «Eskergarria da, gainera,AEKren irakurketa. Euskalgintza hartu du kontuan». Euskalgintzan «elkarlanean» lan egin beharra dagoela azaldu du Mugikak: «Norabide berean lan egin behar dugu, bakoitzak beretik».

Euskararen aldeko aldarrikapenarekin bat eginez, bi urtean behin Euskal Herriko herritar eta taldeek Korrikako kilometroak erosten dituzte. «Aurten ere oso ondo joan da kilometro salmenta. Nahiz eta egoera ekonomikoa kaskarra izan, jendeak lagundu egiten du. Alde horretatik pozik gaude», aitortu du Mugikak. Publizitatean igarri dute jaitsiera, babesle gutxiago lortu baitituzte.

Erakundeen aldetik, berriz, babesa «inoiz baino handiagoa» izan dela nabarmendu du AEK-ko arduradunak. «Nafarroan, esate baterako, babesa beste batzuetan baino handiagoa izan da. Eta hori herriaren aurrean garrantzitsua da. Espazio batzuk irabazten ari gara. Euskaraz bizi nahi horretatik inork ez du kanpo gelditu nahi», nabarmendu du Mugikak. Ipar Euskal Herrian ere atxikimenduak asko izan direla esan du Salaberrik: «Hainbat erakunde eta taldek bat egin dute Korrikarekin, bai adierazpenetan, baita kilometroak erosten ere».

Hilaren 24an, Baionan amaituko da Korrika. Amaierako festaren antolaketan buru-belarri dabil Salaberri: «Azken kontuak lotzen ari gara. Korrikaren zainizango gara Baionan». Egun hori heldu arte milaka euskaltzalek emango diote euskara eta lekukoa elkarri.

Mahai ingurua osorik ikusteko, jo BERRIAren webgunera:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.