Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

Espero zuten egun hura

Irujo eta Zabaleta dira faborito apustuetan gaur Bilbon, Berasaluze II.a eta Albisuren aurkako Binakako Txapelketako finaleanLigaxkan elkarren aurka jokaturiko hiru partidetatik bi irabazi dituzte Asegarcekoek

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Pilotariak, bere bakardadean, amets egiten du. Umetan, herriko edozein paretaren aurka pilotarekin aritzen denean, buruak ihes egiten dio. Pilota hotsak, eta oihartzunak, badu puntu hipnotiko bat halako burutazioak errazten dituena. Imajinatzen du bere burua jendez beteriko pilotalekuan, final handi batean, eta pilota liburuetan betiko agertzeko giltza ematen duten partida horietako batean. Imajinatzen du bere burua sekulako partida egiten, eta negarrari ezin eutsita txapela jantzita. Halako egun bat izango dute gaur Pablo Berasaluzek, Jon Ander Albisuk eta Jose Javier Zabaletak Bilboko pilotalekuan, binakako finalean. Juan Martinez de Irujo, berriz, ohituago dago halakoetara, baina bi urte eta erdi dira azken txapela jantzi zuenetik, eta hark ere irrika izango du.

Pilotaleku beltza goraino beteko da. Egun handien xarma izango du. «Beste 200 sarrera eman izan balizkidate, salduko nituen», esan zuen Berasaluze II.ak. Hura izango da finaleko protagonista: 35 urterekin, bere ibilbideko lehen final handia jokatuko du, profesionaletan hamabost urte egin ondoren. Berasaluzek aita zenaren alboan eman zituen lehen pilotakadak, Berrizen (Bizkaia), eta aurrelariarentzat nahiko berandu iritsi da umetan hainbestetan irudikatu zuen egun hura. Hark irabazten badu, pilotalekua lehertu egingo da. Hura izango da zaleen kutuna, eta ez bakarrik etxekoa delako —31 urte dira bizkaitar batek ez duela Lehen Mailako txapel bat irabazten—, baizik eta bere burua hobetzeko bizipen miresgarria izan duelako. Aurrelari trebeak lau urteko infernua pasatu zuen aitaren heriotzaren ondoren. Euren arteko harremana oso estua zen, eta depresioak jota egon zen... Pilotan aurkitu zuen ihesbidea eta zulotik irteteko indarra.

Albisu izango du alboan. Berasaluze baino hamalau urte gazteagoa da. Albisuk Ataungo San Gregorio auzoko pilotalekuan imajinatu zuen bere burua txapeldun izaten. Duela hiru hilabete galdetu izan baliote kostata esango zukeen egun hura aurten iritsiko zenik. «Txapelketa psikologikoki gogorra izan da», esan du. Iaz ezustea eman zuen, eta aurten kritika ugari entzun ditu. Eskuko arazoen ondorioz gaizki hasi zuen txapelketa, eta astero ikusi du bere hutsen zerrenda hedabideetan. Finalera iritsi nahi zuen, ahoak isiltzeko, eta unerik egokienean iritsi da, txapelketako bi partida onenak jokatu ondoren. Berasaluzeren aldeko zaleei Goierritik iritsiko den exodoa gehituko zaie.

Parean, Irujo eta Zabaleta izango dituzte, txapelketako bikoterik onena. Zabaletaren kasua Albisuren antzekoa da, biak urteak daramazkitelako entzuten etorkizunean zein onak izango diren. 20 urte eskasekin lortu du Zabaletak bere lehen finalean sartzea, binakakoan parte hartu duen aurreneko aldian. Zabaletak Irurtzungo (Nafarroa) frontoian egin zuen amets umetan gaurko egunarekin. Bizikleta hartuta Etxarrendik hara joaten zenean. Gaztetatik esan zioten bere kolpea berezia zela, eta haren egun handia inork uste baino lehenago iritsi da.

Martinez de Irujok, berriz, aspaldi bizi izan zuen Iberoko paretatan jokatzen amestutako eguna. Hamazazpigarren finala du, binakako bosgarrena. Hura, baina, irrikan dago. Bi urte eta erdi daramatza txapelik irabazi gabe. Beste edozeinentzat ez litzateke drama izango, baina Irujo beste zerbaitera ohituta zegoen.

Aurrekoak, gorri

Finalari buruzko datu asko daude. Apustuak Irujo-Zabaletaren alde daude: 100-70i. Txapelketan hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bitan irabazi dute Asegarcekoek; azkenekoz, duela bi aste (22-14). Estatistikak eta apustuak ez datoz bat. Izan ere, Irujok eta Berasaluzek elkarren aurka jokatu duten 36 aldietatik, Berrizkoak 25 irabazi ditu; eta Albisuk etaZabaletak elkarren aurka jokatu duten sei aldietatik, bostetan irabazi du Albisuk. Dena den, gaur gertatzen dena gertatzen dela, gaurko emaitza beste guztiak baino hobeto gogoratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.