Aitor Zubieta. Aspeko pilotaria

«Kostako zaigu Titin-Merinoren aurkako 22-21ekoa ahaztea»

Finalerdietarako sailkatu ez arren, gustura dago egin duen jokoarekin. «Zorte faltari» egotzi dio urrunago ez iritsi izana.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Binakako txapelketari agur esateko zorian dago, nahiko lukeen baino goizago. Ez da finalerdietan sartu, baina gustura dago egin duen jokoarekin. «Zortea falta izan zaigu», laburbildu du Aitor Zubietak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1984). Pilotalekuan patxada eta eskarmentua irabazi ditu urteekin, eta hitz egiteko garaian ere nabaritzen zaio adinean gora egiten ari dela. Zubietak igandean jokatuko du ligaxkako azken partida. Jardunaldia, baina, gaur hasiko da, Mutiloabeitin (Nafarroa), Irujo-Zabaleta eta Arretxe II.a-Beginoren arteko partidarekin.

Zer-nolakoa iruditzen zaizu egin duzu binakako txapelketa?

Balantze ona egiten dut. Nahiz eta ez sailkatu hor egon gara, eta azken unean tanto kopuruaren inguruan egin dituzten aldaketekin aukerarik gabe iritsi gara azken jardunaldira. Hasieran tanteo orokorra zen kontuan hartzekoa, eta gero aldatu egin dute. Oroitzen naiz duela urte batzuk alderantziz egin zigutela Xala eta bioi. Baina tira, oro har, gorputzaldi onarekin bukatu dut.

Egin al zenuen lo Titin-Merinoren aurka 22-21 galdu ondoren?

Disgustu handia hartu genuen. Guk partida egokia egin genuen baina zorteak ez gintuen lagundu: eurei eskapada asko sartu zitzaizkien, eta Ezkurdiak erremate errazak txapara bidali zituen azken txanpan. Kostako zaigu partida hori ahaztea.

Zuk ondo jokatu duzu.

Urte osoa izaten ari da ona. Eskuetatik ondo nago, jokoz eta konfiantzarekin. Sailkatu ez bagara, zorte puntu hori falta izan zaigulako ez gara sailkatu.

Maila bai, baina emaitzarik ez. Zuretzat kolpea al da finalerdietarako ez sailkatzea?

Bai, txapelketa hastean denok dugu buruan hor sartzea. Eta egia esan Joseba sartu zenean dena gertuago ikusten genuen. Berasaluze eta Albisuren aurkako partidan, baina, Albisuk lan handia egin zuen, eta Titin-Merinoren aurkakoan... Urte osoan halako partida gutxik egiten dute ihes. Eta kolpearena? Bada, bai, ilusioa genuen. Joseba eta biok finalerdietan sartu izan bagina, oso kontuan hartzeko bikotea izango ginen.

2009an antzeko egoera izan zenuen Xalarekin. Orduan, baina, zu zinen bikotea suspertu zuen ordezkoa.

Sentsazioa bera da. Orduan ere azken astera arte izan genituen aukerak, eta orduan arautegia aldatu, eta laugarren izatetik aukerarik gabe gelditzera pasatu ginen. Azken txanpan oso gustura aritu naiz Ezkurdiarekin, eta hurrengo urterako Aspek badu aukera bikote bat egin nahi badu.

Binakakoarekin muturtuta bizi zara. Behin baino ez zara iritsi finalerdietara.

Azken urteetan ez dut zorterik izan. Irabazi ondoren belauneko ebakuntza egin zidaten, eta etenaldi luzea izan nuen. Uda oso onak egin arren, binakakoan kosta egiten zait ondo aritzea. Iaz ere eskua birrindu egin nuen bigarren partidan... Aurten, behintzat, gustura bukatu dut. Orain buruz burukoa dator, eta prestatzen hasia naiz.

Gonzalezi eta zuri bikotea egitea kosta zitzaizuen. Aurretik ere hamar partida jokatuak zenituen, eta bederatzi, galduak.

Zerbait falta izan zitzaigun irabazteko. Lagunak gara, elkar ondo hartu genuen, eta partida ia guztietan borrokatu ginen; asko gogortu genituen partidak, baina zerbait falta zen hogeita bira iristeko. Tanto alde ona badugu (+10), eta hein handi batean horregatik izan zen.

Eta Ezkurdiarekin aurkitu zenuen «zerbait» hori...

Lehen egunetik lortu genuen 22ra iristea. Bion jokoa ondo ezkontzen da. Banuen konfiantza berarengan eta bera oso zentzuduna da. Asko laguntzen dio atzelariari, langilea da, errematerako gaitasuna baino gehiago da. Espero nuen ondo jokatzea, baina argi erakutsi du Lehen Mailan tokia baduela.

Eztabaidarako bi gai egon dira txapelketan: giro gaiztotua kantxa barruan eta pilotak.

Lehenbizi, pilotak. Enpresa bakoitzak bere teknikoak ditu, eta nik badakit gurean Martin Alustizak sobera ondo dakiela guri zein pilota komeni zaigun. Inork gutxik irakatsiko dio hari. Baina beti ez du lortzen nahi duen materiala, sorta guztiak ez direlako berdinak. Eta gero, hautatzailearen irizpidea dago.

Eta giroa?

Bikote berberek izan dute tentsio eta polemika hori partida askotan. Tristea da, pilotari gehienok oso harreman ona dugulako, baina badakigu halako eztabaidak ez direla elkarri min egiteko, baizik eta partidako tentsio une jakin baten ondorio. Baina egia da partida batzuetan tentsioak gaina hartu duela, eta pilotari batzuk ez gara eroso sentitu.

Zein izango da finalerdietan sartuko zen azken bikotea?

Berasaluze eta Albisu, euren esku dagoelako. Nahiz eta partida gogorra duten, estatistika alde dute. Bi bikoteek dituzte partida gogorrak, baina beste partidako emaitzaren menpe ez egotea abantaila handia da.

Buruz burukoa jokatzeko gogorik?

Noski, hitz egin dut enpresarekin. Eskuz ondo nago, eta parte hartu nahi dut. Azken urteetan ez dut zorterik izan, baina aurten ondo nago. Aspen hamabi pilotari inguru gaude zortzi toki betetzeko, eta ziur atarikoak egongo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.