Donostiako 48. Jazzaldia. Kritika

Elvis bizirik, eta langarpean

Elvis Costello, herenegun Agertoki Berdean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Elvis Costello & The Imposters, eta Belako

Lekua: Agertoki Berdea, Zurriola hondartzan. Eguna: uztailaren 25a.

Jende kopurua: 10.000 lagun (Costellorekin); 4.500 (Belakorekin).

Donostiako Jazzaldia ez da aspalditik jazz soila entzuteko festibala, hainbat alderdi ditu, eta publiko askotarikoa bildu nahi duen egitaraua dauka. Horren lekuko da Zurriolako hondartzan jartzen den agertoki erraldoia, garagardo marka famatuaren kolorez eta izenez apaindua. Gune horretako egitaraua BBK edo FIB txiki bat izan liteke, han taularatzen diren talde eta artisten estiloak kontuan harturik, bederen bai.

Eta aurtengoa ere halaxe, Jazzaldiko Santiago egun sapatsuko gaua euri jasaldi bihurtzear izan zela, Belako Mungiako talde gaztea 21:30ean hasi eta ordu eta laurdenez (hiru bis kontatuta) 80ko eta 90eko pop, afterpunk eta indie-rock giroko kantuak egin zituen.

Gogotsu eta sendo, batzuetan sintetizadore eta teklatuak nagusi, eta bertzeetan gitarra eta erritmo zorrotzak tinko, Pixies, Ama Say, Breeders, Sonic Youth, The Cure, eta Siouxsie & The Banshees gogorarazi zizkigun etorkizun handiko laukoteak.

Pozgarria benetan emakumezkoen indarra taldean, zoritxarrez halako egitasmoetan oraindik ere gutxiegi baitira. Gehienbat ingelesez dute errepertorioa, ederki aski landua, eta tarteka euskaraz ere ari dira. Dudarik gabe, euskarak halako talde freskoak gustura hartuko lituzke beso artean.

Eta afari mokadua egin ondotik, itzuli ginen hondar artera, kanpoko eta bertako udatiar parrandazale eta musika zaleon bilgunera.

Ruper eta Buddy Holly kenduta, pop-rockeko pastazko betaurrekodun musikaririk famatuena bere tenorean hasi zen gauerdiko 12:30ean, The Imposters talde beteranoa lagun.

Ordurako langarra hasia zuen eta ez zuen gau osoan atertu.Eta Elvis Costelloren kantuak fresko-fresko entzun genituen han bilduta geunden milaka lagunek.

Lehengo ordu erdian sendo eta elektriko hasi zuen emanaldia; bertzeak bertze, I Can't Stand up, High Fidelity , Radio Radio, Allison eta Watching the Detectives klasikoekin bere ahots marranta berezia berotuz.

Bigarren ordu erdian piano eta gitarra akustikoarekin ahaire gozoagoak izan zituen; Shipbuilding, Santiagoko istripuko biktimen omenez, Almost Blue Diana Krall emaztea gogoratuz, edo A Slow Dragwith Josephine xarmanta.

Hirugarren ordu erdian, berriz ere alde klasiko eta elektrikoa landu zuen: Turpentine, Princeren PurpleRain-en bertsioa, Pump it up jostaria, eta maiz bukatzeko erabiltzen duen Peace, Love and Understanding bere lagun Nick Loweren himno ederra.

Aitzinetik, The Imposters taldea bigarren aldiz aurkeztu zuen (bereziki aipagarria Steve Nieve tekla jotzailearen lan askotarikoa, mota guztietako tekla eta theremin ziztuekin lortu zituen giroekin).

Denok espero genuen bis sariren bat, baina ez ziren berriro agertu.

Langarpean agurtu genuen emanaldi ederra, baita Elvis inoiz baino biziago dagoela baieztatu ere.

Hurrengo arte Costello!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.