Esku pilota. Zergatik ez dago emakumezkorik?

Esku-huska, esku-hutsik

Esku pilotaren bilakaeraren gabezia historikoa dira emakumeak: baztertu egin ditu ala ez ditu erakarri? Hala ere, badaude salbuespen batzuk, takoak jantzi dituzten emakumeak. Haiek erantzun dute galdera.

Patri Espinar pilota astintzen, Urnietako udal pilotalekuan. Umetan Usansoloko klubean eskuz jokatzen hasi eta 18 urtera arte mutilen txapelketetan parte hartu zuen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroatik jasotako eskutitz hura ez gorde izanaren pena du Reyes Azkoitiak (Azkoitia, 1952). «Emakume batek bidali zidan, ea bere aurka eskuz jokatuko nuen. Nik baietz erantzun nion, eta hiru asteetara berriz idatzi zidan. Ezin zuela jokatu esan zidan, senarrak eta etxekoek ez zutela begi onez ikusten nire aurka jokatzea». Beste belaunaldi bateko kontua dirudi, baina duela 25 urte inguru gertatutakoa da. Azkoitia ezagun egin zen garai hartan pilotan esku-huska jokatzen zuen emakume heldu bakarra zelako. Sei-zazpi urtez aritu zen hainbat plazatan jokatzen. Semea 6 urterekin pilota eskolan hasi, eta harekin maila onean jokatzen ikusi zutenean eskaini zioten. «Eta senarrak uzten al dizu?», galdetzen zioten beste emakume batzuk. «Baimena eskatu behar al diot bada?», erantzuten zien. «Etxean beti animatu ninduten, senarrak zein seme-alabek. Kanpoan ere animatzen ninduten, baina horietako askok ziur nago euren etxekoa banintz ez luketela jokatzerik nahi izango».

Patri Espinarrek (Usansolo, 1986) eta Nagore Arozenak (Lizartza, 1985) beste garai bat ezagutu izan zuten. Pala gomaz ibilbide oparokoak dira biak, baina aurretik eskuz aritu ziren behe mailetan. Rara avis batzuk zirela diote. Memoria astindu eta pasadizoak pilatzen dira: bitxiak, eurentzat umoretsuak eta tristeak, aldi berean. «Goierrin, behin, 11 urte izango nituen-edo, gizon zahar batek atentzioa eman zidan: 'Hi ez al haiz gazteegia bi belarritako eramateko?' Buelta eman eta neska nintzela ikustean, hitzik gabe gelditu zen», hartu du gogoan Arozenak. 13 urtera arte jokatu zuen, ondo, eta Tolosaldeko hainbat torneo irabazi zituen Mikel Olaetxea egun Asegarceko pilotaria denarekin bikote eginez.

Espinarrek gehiago iraun zuen, gazte kategoria arte (18 urte). «Esku-huska jokatzea zen gehien gustatzen zitzaidana. Etxean ez zien grazia handirik egiten ni pilotari izatea, baina nik afizio ikaragarria nuen, eta partidetara joateko moldatzen nintzen, kideen gurasoekin, entrenatzailearekin...». Arozena antzera mintzo da: «Amamari ez zitzaion batere gustatzen nik jokatzea. Pilotalekua ez zen neskentzako tokia. Aitonari gero hasi zitzaion gustatzen, irabazten nuenean».

Biek antzeko arrazoiengatik utzi zuten. Beti mutilen aurka jokatu behar izatean, adinean gora egin ahala indar aldea zama bihurtu zen. «Nik ezin nuela ikusi nuen, eta inori ez zaio barregarri geratzea gustatzen. Zer egin behar nuen zortzigarren koadroan pilota horiekin? Inork ez dizu esaten 'zu ez', zuk ikusten duzu. Jarraitzea ezin nuen planteatu ere egin, eta palaz jarraitzea eskaini zidaten», azaldu du Arozenak.

Palaren estimulua

Pala gomaz jarraitzeko aukerak, eta Gipuzkoako Emakumea Pilotari proiektuak jarraibidea eman die eskuz hasitako neskei. Egitasmoa duela hamar urte hasi zen, eta Espinar bertako teknikari da. «Gaztetan asko nabaritzen zen indar aldea, eta esku-huska utzi egin behar izan nuen. Min eman zidan uzteak, baina ezin nintzen lehiatu. Nik beti pentsatzen nuen zerbait egin behar zela emakumezkoen pilotarekin, eta SHEE ikasten ari nintzela ezagutu nuen Maider Mendizabal, eta haren eskutik, Emakumea Pilotari. Herrietan, helduekin, eskoletan, federatuekin... egiten dugu lan».

Mendizabal (Lizartzan, 1977) ere erreferentzia bat da emakumezkoen pilotan. Emakumea Pilotariren sustatzaile nagusietakoa da, eta palaz munduko txapeldun izandakoa. 14 urtera arte aritu zen eskuz, Anoetako klubarekin, eta ernegatuta utzi zuen esku-huska. «Mutil asko baino hobea nintzen teknikoki, baina indarrak markatzen zuen aldea». Ez du ahaztu umetan Azkoitia lau t'erdian gizon baten aurka 22-21 galtzen ikusi, eta hark hartu zuen amorrua. Emakumeen gabeziaz galdetuta, azken hamar urteetan urteetan palak izandako bilakaera jartzen du mahai gainean. «Umeek ez dute eskuz jokatu nahi min ematen duelako. Kirol oso gogorra da. Mutilek, gutxi, eta neskek, ia ezer ez. Guk sustapen jardunaldiak antolatu ditugu 5. mailako umeekin, eskua eta pala eskaini, eta pala hartzen dute, ez duelako minik egiten».

Azkoitiak, pilotari ohi izateaz gain, 25 urte daramatza Bergarako pilota eskolako arduradun. 2009an Gipuzkoako herri artekoa irabazi zuen. Bere diagnostikoa argia da: «Neska gutxi hasten dira eskuz, eta gero utzi egiten dute. Nik orain 95 ume ditut eskolan, eta bi neska baino ez, eta biek polito egiten dute. Kontua da gero ez dutela nola jarraitu. Gehiago balira, gorantz begira taxuzko zerbait antolatzeko aukera legoke. Kopurutik dator kalitatea».

Baina zergatik ez dira hasten? Arozena Tolosako pilota eskolako monitore da, eta 60 umeetatik bi baino ez dira neskak. Arozena: «Mentalitatea da. Txiki-txikitatik nesken joera da dantzan edo trikitian izena ematea. Mutilei ez zaie halakorik eskaintzen; haiei, kirola. Neskekin, futbola, zerbait, baina frontoia?». Mendizabalek gertaera garratza kontatu du: «Duela bost urte gertatu zitzaidan, Arrasaten. Neska batzuk frontoira joan ziren, palaz edo jokatzera, eta gizon batek handik bota zituela esan zidaten hura nesken tokia ez zela esanda. Parean harrapatu izan banindu...».

Denak bat datoz erreferenterik ez izateak ez duela laguntzen. «Nik jokatzen banuen emakumeek ere joka zezaketela ikus zedin jokatzen nuen», aldarrikatu du Azkoitiak. «Ni ezin nintzen gizonekin lehiatu, baina behintzat ikus zedila emakumeek ere pilotan joka genezakeela. Gainera, partida gehiago irabazi ez banituen, nire estiloarengatik ere ez nituen irabazi. Erasoan jokatzea gustatzen zitzaidan, ezer gorde gabe». Azkoitiak behin jokatu zuen emakume baten aurka. Espinarrek, berriz, partida batzuk gehiago gogoratzen ditu. Gogoan ditu Euskal Jokoak. «Azkoitiko bikote baten aurka galdu genuen; onak ziren. Gero herrietatik eta deitu izan gaituzte, eta gustura joan izan naiz. Urte batzuk dira utzi nuela; azken partidan Usansolon jokatu nuen». Mendizabalek, halere, uste du erreferenteek ere alde negatiboa izan dezaketela. «Mutil asko eskuz tematzen dira Irujo eta Titin ikusten dituztelako, eta askotan, beste modalitate bat probatuko balute, hobeto moldatu lirateke».

Konponbide bila

Eta ba al du konponbiderik egoerak? Espinarrek azalpen tekniko mamitsua eman du: «Jokoa emakumeen beharretara egokitu behar da. Pilotak eta pilotalekuak egokitu. One Wall-a eredu izan daiteke». Espinar esku-huska emakumeen artean zabaltzearen aldekoa da, eta onartzen du gaiari buelta batzuk eman izan dizkiola buruan. «Pilota arinagoak behar dira, ez hain gogorrak eta tamainak ere garrantzia du. Mistoak behar dute, toke erdikoak». Pilotalekua, berriz, txiki eta estuagoa. «Ez dira pilotalekuak txikitu behar, herrietan badaude pilotaleku txikiak, kontzejupeak, sei-zazpi koadrokoak... ikuskizuna emateko kantxa osoa okupatu behar duzu. Emakumeek bost-sei koadroetan jokatzen badute, kantxa luzea handi gelditzen zaie».

Azkoitiak «bere» pilota eramaten zuen partidetara. «Toke pilotarekin ezin nintzen ibili, ezin zortzitik eraman, eta deitzen baninduten, ni jokatzen ikusteko deitzen ninduten. Behin, Berrizen, gizon baten aurka pilota gogor bat sartu zidaten, eta ezinean ibili nintzen. Nonbait, nire aurkari zenak aste osoan ez zuen lorik egin galtzeko beldurrez. Ikusleek: «Reyes, ez jarraitu, ez duzu halakorik merezi», esaten zidaten, baina nik jarraitu egin nuen». Hiru gazteagoek aurkarien antzeko beldurrak kontatu dituzte: «Mutilek negar egiten zuten gure aurka galtzean». Arozenak, halere, badaki bateren bati pasa zaiola disgustua. «Idiazabalgo mutil batek, umore onez, oraindik ere esaten dit nire aurka galdu zuelako utzi zuela pilota».

Mendizabalek badaki jokoa egokituz emakumeek eskuz egin dezaketela, baina beste galdera bat planteatzen du. «Zergatik eskua? Pala nahiago badute, zergatik eskua landu? Neska gutxi baditugu, ondo pentsatu behar da dibertsifikatzea komeni den. Palak, gainera, nazioartean lehiatzeko aukera bat ematen du. Neskek jokatzen jarrai dezaten pizgarri bat eman behar zaie, etorkizun ideia bat. Bestela, normalena da kirolez aldatzea edo uztea, eta palak badu pizgarri hori».

Eskuaren defendatzaile izan arren, Espinarrek ulertzen du azalpena. «Errealitatea zaila da.Zaila da emakumeak pilotara gerturatzea, eta lanak baditugu pala mantentzen. 10 urtean lan ona egin da Emakumea Pilotarin eta egungo egoera ekonomikoan halako proiektu aberasgarri bati eustea ez da erraza. Bestela, proba zitekeen palaz ari diren emakumeei eskua eskaintzen. Horretarako, erakundeei inplikazio handiagoa eskatuko nieke».

Arozena ere kritiko mintzo da: «Federazioak zergatik egingo du sekulako lana gero jendeak bere alaba 'normala' izatea nahi badu, ez dadila nabarmendu? Hori gertatzen da pilotarekin. Eta, era berean, zergatik izan behar du eskua? Pilotan hamalau modalitate daude, eta bi baino ez emakumeentzat, pala gomaz eta frontenisa. Zergatik ez pala larruzko pilotarekin? Edo zesta-punta?».

Azkoitia eskarmentuaren ahotsa da, eta Emakumea Pilotariri eginiko lana aitortzen dio. Bergaran badute emakumezkoen pala goma taldea, eta haiek lehiatzeko aukerak badituzte. Berak, baina, nahiago du eskua. Jokatzeari utzi zionean galdetu izan baliote 25 urte geroago emakumezkoen esku pilotarik egongo al zen? «Agian egongo zela esango nuen, baina ikusi dudan bilakaerarekin... Ez dakit zergatik, baina ez da erakargarria emakumearentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.