Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak. Analisia

Yajuno zubian

2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Yajuno zubian zegoen Gladys Guevara, Miraflores jauregitik gertu, milaka herritarrekin batera, estatu kolpea eman zutenean, duela 11 urte. Chavezen gobernuak telebistatik egindako deialdiari erantzunda joan zen hara, bere alaba Marina Levyrekin. Ordurako, eskuinaren protesta batean zihoazen herritarrak Mirafloresen zeuden, bozgorailutik jasotako aginduari jarraituz, Bolivar etorbidetik hara joanda. «Tiroak entzun genituen, eta jendea erortzen ikusi genuen, baina ez genekien nondik zetozen». Frankotiratzaileen eta Polizia Militarraren tiroak ziren. Negarra eragiteko gasek uxatu zituzten handik Gladys eta haren alaba.

Eskuinak, militarren sektore txiki batek —«troparik gabeko jeneralek»— eta Elizaren hierarkiak, jakinarazi zuten Gobernuak egin zuela tiro herritarren aurka. «Hori izan zen aitzakia estatu kolpea emateko».

Chavez atxilotu, Karibeko uharte batera eraman eta Pedro Carmona Estanga jeneralak ordezkatu zuenean, Miraflores jauregian zegoen Gladys. «Errepresioa basatia izan zen». Egoera horrek apirilaren 13ko gauera arte iraun zuen. Garcia Carneirok eta beste jeneral batzuek, ohorezko guardiarekin batera, hiria zeharkatu zuten kolpistei aurre egiteko, herritarrei kalera atera zitezen eskatzeko.

Kolpistek ihes egin zuten. «Vamos, vamos!», oihukatzen zuten. Carmona Estanga Kolonbiako enbaxadan babestu zen, eta apirilaren 13ko gauean Chavez bueltan zen.

Egungo egoerak ez dirudi horren nahasia Gladysen ustez, baina beti dago seinaleren bat alertan egoteko. Estatu kolpea eman zutenetako asko daude MUD Batasun Nazionaleko Mahaian. Capriles bera Kubako enbaxada hartzen saiatu zirenen artean zegoen. «Aspaldiko ezagunak gara denak». Gladysek 86 urte dauzka, eta Venezuelako historia oso ongi ezagutzen du.

Eskuina mozorrotuta dago, haren ustez, eta Washingtonen deiaren zain. Alertan egoten jarraituko du Gladysek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.