Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

'Expansion'

2013ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bat-batean, oihu batzuek zartatu zuten liburutegiko isila. Oihuak Hemeroteka sailetik zetozela iruditu zitzaidan. Emakume ahots batek han denak helduak zirela zioen. Eta nahikoa zela. Eta kokoteraino zegoela. Ahotsa ezaguna egin zitzaidanez, begirada altxatu nuen, baina nengoen tokitik ezin ezer ikusi, eta bila nenbilen liburuaren peskizan jarraitu nuen. Geroago, liburua maileguan hartzeko erakusmahaira hurbildu, eta orduantxe ohartu nintzen.

Nire bihotzeko liburuzainaren ahotsa zen minutu batzuk lehenago oihuka entzundakoa.

—Gaztetxoei errieta egiten?

—Baita zera ere! Jubilatuei! Eta orain, krisia dela eta ez dela, okerragoa duk…

Zer erantzun ez nekiela geratu nintzen. Jubilatuak liburutegietako bezero onenak izan ohi dira, fidelak, isilak eta esanekoak.

—Jubilatuak egunetik egunera okerrago, Xabi. Ba al dakik zein den gehien interesatzen zaien egunkaria? Expansion!! Arrakasta itzela zaukak, eta sekulako borrokak zaudek berau lortzeko. Trikimailuak erabiltzen ditiztek alea gordetzeko, burtsa nola doan ikusteko ezkutatzen ditek, trafiko itzela zagok… Benetan, ez diat ulertzen… Zer eta Expansion…! Ezta denak dirudunak balira ere…!

—Erraza dun, neska —erantzun nion—. Ezin jakin egun dirudunak diren ala ez, baina beraiek susmoa diten etorkizunean pobreak izango direla. Oso erantzun naturala dun. «Aurre-nostalgia ekonomikoa» esaten zaion.

Ni ere egunetik egunera okerrago banengo bezala egin zidan so.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.