Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Definizioa

2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Dolores de Cospedalek bere kamerari egin zion so:«Talde jakin batekoak zirenez, haien etxeetara joaten ziren eta seinalatzen zituzten. Eta zera esaten zuten: hortxe daude, eraso egiezue».

Eta escrache hitzaren definizioa bukatu aitzin, isilune dramatikoa egin zuen.

Definizio akatsgabea zen berea. Erabatekoa. Inork ez zion kontra egingo. Azken batean, zerbait definitzeko unean inportanteena ez baita zehatza izatea ezpada lehena izatea. Eta Doloresek abantaila zuen: denok erabili arren, inork ez zekien escrache hitzaren esanahia.

Definizioa alderatze aldera, hiztegietara jo zuen. RAE-ri esker escrachar Argentinan eta Uruguayn erabiltzen zutela jakin zuen, «argazkia atera» eta «puskatu» aditzen sinonimo gisa. Nostalgiaz, Argentinan zituen lagunekin gogoratu zen. Gero, Wikipedian irakurri zuen ezen escrache hitza Argentinako diktaduran desagertutakoen familiarrek militarren etxeen aurrean egiten zituzten protestei ere bazegokiela.

Eta hori irakurtzean ohartu zen bide zuzenetik zihoala. Argentinako lagunei egindako jukutriak ezin escrache hitzaren definizioa izan. Beste bat behar zuten.

Berea.

«…haien etxeetara joaten ziren eta seinalatzen zituzten. Eta zera esaten zuten: hortxe daude, eraso egiezue…

…Eta hori nazismo hutsa da»

«…Eta nik badakit gure aitona-amonek horixe bera egiten zutelako 36an» gehitzekotan egon zen.

Baina ez zuen egin.

Definizioa, bere horretan, perfektua zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.