Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Abisua

2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lizarrustihistango mendi artean nengoela jakin nuen. Oporretan nengoen, patxada ederrean, eta, bat-batean, bihozkada txiki bat sentitu nuen, aieru sotil bat. Orduantxe jakin nuen: «Hurrengo abisua hiretzat izango duk».

Egia esan, aurreikusteko modukoa zen. Lehenik Bilboko jaietako txupinaren afera. Handik gutxira, Laudioko jaietako pregoilariarena. Berriki Pirritx eta Porrotx ETBn ez agertzeko eskaera. Euskal Herrian jendilaje asko dago eta Carlos Urquijo jaunaren hatz txit erakusleak denak seinalatzen ditu.

Nire lagun Felix jomugan agertzea denbora kontua baino ez zen.

Bai, ene lagunok, Espainiako erregeordea den Carlos Urquijok abisu bat bidali dit non nire lagun Felixen abenturez ez hitz egiteko eskatzen didan. Antza, Felixen curriculuma delitua da. Per se, eta goitik behera. Txosnetan koktelak hartzeko ohitura hura, mendira behin eta berriro jotzeko tema, Kontxako hondartza abordatzearen kontua, onanismorako bere joera independentista hori… Tipo arriskutsua, ezbairik gabe, edozein demokratari ileak lazteko modukoa. Felixek errealitate partziala, desitxuratua eta zitala erakusten du, eta kalte konponezinak era0gin diezazkioke bere hitzak entzuten dituenari.

Ni neu omen naiz horren froga.

Abisuaren berri eman diodanean ez kezkatzeko esan dit. Jaramonik ez egiteko. Existituko ez balitz bezala egiteko.

Kojon Prietokoek aldarrikatzen zutena aldarrikatzeko: «¡Que viva el amor!»

Kasu egingo diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.